Patronala garenean

Joseba Barandiaran
Ongizate estatuaren seme alaba eta proletalgoaren iloba garenok, astakeria iritzi diogu 60 orduko lanaste bati. Hilabeteko opor ordainduak (bestela ez dira oporrak), gutxienez KPI adinako soldata igoerak, amatasun eta aitatasun bajak... geronen eskubideen berri badugu, sindikatze maila apalarekin batera. Eta ez gara arrazistak, noski.
 
Patronala garenean hasten zaizkigu kontraesanak ziztatzen: zazpietatik zazpietaraino, eguneko hamabi orduko lanaldian umezain (edo edadetuzain) baten bila hasten garenean; Segurantza Sozialaren kotizazioak gure patrikatik atera behar duenean eta, finean, langile bat, gizaki baten lana, kostu bezala somatzen hasten garenean. Ia oharkabean, “ustiatu” izatetik “hustiatzaile” izatera pasatzen garenean, alegia. Gutxieneko soldata, gehienezko lanaldia, opor ordainduak, (zabor) kontratuak, greba eskubidea...
 
Getxon umezain eta etxekolanetan dabiltzanen hamarretik zortzi, %80, ez dago Segurantza Sozialean izen emanda. Nago, beste euskal herrietan ere, portzentaia ez dela hortik oso aparte ibiliko. Izan ere, Neguri eta Barakaldo ez dira sekula elkarren hain urruti ere egon. Edo, bestela esanda, zezen zezenketazalerik ez dudala ezagutzen. Uda on.

Eguneraketa berriak daude