Txikiak bai, exkaxak ez

  • Amezketa errekaren ibarrean, Aralar mendikatearen altzoan, lasaitasunez betetako bi herrixka pausatzen dira. Landa arkitekturako etxebizitza esanguratsu ugariren jabe, Altzo eta Amezketako lurrak pertsonaia entzutetsuen jaioterri izan dira.
Tolosaldea. Azkerraldean, Altzoko herri-gunearen zati bat
Lander Muñagorri
Ibilbidea Alegian hasiko dugu, Oria ibaiaren ertzetik gora abiatzen den errepidea hartuta; igotzen hasi eta berehala, Altzo-Azpira iritsiko gara. San Salbador elizaren inguruan zabaltzen da auzoa, handik igarotzen den erreka-bideari egokituta. Duela urte batzuk, elizan egokitze lanak egiten ari zirela, erromaniko garaiko hormak topatu zituzten, eta haiek aprobetxatuz kripta bat zabaldu zuten. Eraikina Gipuzkoako jaunak eman zien San Juango beneditarrei 1025. urtean, eta hori egiaztatzen duen agirian Gipuzkoako probintziaren aipamenik zaharrenak daude jasota.
 
Bidean aurrera, Errota-txiki, Konde-errota eta Ipintza Haundi baserria bistaratuko ditugu; azken hori, Altzoko Handiaren jaiotetxea. Migel Joakin Eleizegi (1818-1861), edo Altzoko Handia, gaztaroan izan zuen gaixotasun baten ondorioz bi metro eta 40 zentimetroko garaiera izatera iritsi zen. Haren handitasunaren lekuko izateko aukera edukiko dugu bere jaiotetxean. Egiazko neurriekin egindako Eleizegiren eskulturaren aldamenean jartzean jabetuko gara gizontzar haren tamainaz.
 
Altzo-Azpitik aurrera doan bideari jarraitzen badiogu, Altzo-Muinora iritsiko gara txango lasai eta atseginean. Bi auzoak sakabanatuta daude, eta hori dela-eta garai batean elkarren independente ziren. Bazuten akordio bat ordea. Haren arabera, bateko nahiz besteko alkatea hautatzen zuten txandaka, urtero. XVII. mendean jaso zuen Altzok hiribildu titulua, 1374tik Tolosaren mende baitzegoen herria, Amezketaren gisan.
 
Behin herriaren gune nagusian, enparantza nagusia ikusiko dugu; Altzoko bilgune sozial nagusia eraikin ikusgarriek inguratzen dute, eliza kasu. Herrian apur bat barneratuz gero, Etxeberri, Otsegi eta Lizarribar baserriak topatuko ditugu, landa arkitekturako adibide esanguratsu eta ikusgarriak.
 
Altzoko errepideari jarraituz, Alegia edo Amezketara joateko bidegurutzera ailegatuko gara. Amezketa errekari jarraitzen dion errepidean gora abiatuko gara, basoaren gerizpetik. Bedaio eta Amezketa ibaiek bat egiten duten lekura heltzen garenean Ugarte auzoa topatuko dugu. Gune txikia da, Errosarioko Ama elizaren inguruan pilatutako hainbat eraikinek osatzen dutena. Eliza XVIII. mendean handitua da, baina egun oraindik erromaniko garaiko ate bat gordetzen du, Gipuzkoan garai horretako adibide bakarrenetakoa. Barruan XII. mendeko Andra Mariren taila bat dago gordeta. Auzoa txikia izan arren, pilotari handi baten sorlekua da: Joxean Tolosa, 1989ko buruz buruko txapelduna eskupilotan, eta gaur egun ETBko pilota emanaldietako esataria.
 
Erroten bidetik

Errekan gora jarraituz hainbat errotekin egingo dugu topo. Garai batean amezketarren ekonomia oinarri nagusienetako bat zen, baina gaur egun geldirik ikusten ditugu errekak oraindik indarrik badauka ere. Errotek bira egiteari utzi diote, eta haien lekua hartu dute paper fabrikek.
 
Amezketako herri-gunera iritsi eta berehala ikusiko dugu lehenengo interesgune garrantzitsuena, herriko plaza. Udaletxe eta frontoiaz gain, Fernando Amezketarra (1764-1823) bertsolari eta zirtolari ezagunaren eskultura dago; bera da herriak izan duen pertsonaiarik entzutetsuenetariko bat. Herriaren beheko gune honetan, baserri-etxe ederrak ikus ditzakegu, Letradoenea eta Doloxenea kasu.
 
Herriak bi eremu nagusi ditu, eta bien artean plazatxo bat, Errotazar izeneko errota eta guzti. Egun ez dabilen arren, baserri bilakatua dago, eta urak biltzeko gailuen aztarnak gordetzen ditu oraindik. Amezketako goiko gunera iritsiz gero, San Bartolome eliza topatuko dugu , XVI. mendeko eraikin ederra. Han, oraindik, argizaiolaren erritoaren tradizioari eusten zaio, egun kasik galdua dagoen usadio zaharra.
 
Ibilbideari amaiera emateko Tourseko San Martin ermitara zuzenduko gara. Parrokia nagusia baino zaharragoa da; XII. edo XIII. mendeko San Martinen irudi bat bazen, egun apaizetxean jasorik dagoena. Nabarmentzekoak dira baselizatik gertu ditugun parajeak. Bide guztian zehar Txindoki ikuspegitik kendu gabe izan badugu ere, hemen mendia gainera eroriko zaigula dirudi. Ibilbideari amaiera emateko leku paregabean gaude, Urzabal eta Arritzaga amildegiak parez pare ditugula.

ASTEKARIA
2008ko uztailaren 27a
Azoka
Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


Eguneraketa berriak daude