Eta orain zer?

Julen Arzuaga
Dani Blanco
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Amaitu da Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren (AAM) kontrako ahozko bista Espainiako Auzitegi Nazionalean. Hogeita zazpi herritar erakunde armatuko ustezko kide izateagatik egindako epaiketa.
 
Francoren garaiko Tribunal de Orden Públicoren oinordekoa den auzitegi horren ibilbide historikoa ezagututa...
Euskal Herrian garatzen diren ekimen politiko, sozial, kulturalen aurka izan duen jarrera eta –zehatzago, Haika-Segi auzian eta berrikiago 18/98 auzian izan duen portaera kontuan hartuta– auzitegi horren izaera politikoa etengabe mahai gainean jarrita...
Berme juridikoak eta justizia printzipioak baino, mendeku politikoa lortzeko tresna errepresiboa bezala ulertuta...
 
Eskubide politikoak –adierazpen askatasuna, elkartzeko eta manifestatzeko eskubideak– ezin direla negoziatu, fiskalizatu, baldintzatu, beti pentsatuta, gure kontrako epaia idatzita dagoela eta, momentu politiko honen gidoiak exijitzen duen moduan, zigor larriak izango direla argi edukita...: gure defentsa juridikoa egiteari uko egin genion.
 
Bi hilabete hauetan, auzitegiaren aurrean gure portaera pasiboa izan bada ere, lekuko deserosoak izan gara berriro ere: Euskal Herria denik ere onartzen ez duen epaimahaia ikusi dugu. Ekinbide sozial eta politiko bat zertan datzan eta herriaren ekimenak nola gauzatzen diren ulertzen ez duena. Denak etsaitzat hartzeko betaurrekoak jantzita, zozketa, txosna eta elkarretaratzeak, edozein arrazoirengatik antolatuta egonda ere –arrazoi horiek guretzat behintzat ezagunak eta gardenak izan arren–, era kriminalizatzailean interpretatzen ditu. Baina, hala eta guztiz ere, gure ekimenak torturaren existentzia, espetxe-politika basatia eta Estatuaren terrorismoaren ondorio zuzenak direla ikusi dugu bai guk bai epaileek ere. Errealitate horiek ageri-agerikoak baitira beti Amnistiaren Aldeko Mugimenduaz ari garenean.
 
Auzitegiaren aurrean izan dugun pasibotasun horrek gure herriarekin izan dugun jarrera aktibo eta ozenarekin kontrastatu du, argi eta ozen esan baitugu errepresioa dagoen bitartean, horren kontrako salaketa egongo dela. Inork Estatuaren bortizkeriaren atzaparkadak sufritu baditu, ez duela bidea bakarrik egingo. Gu ez bagara ere, beste batzuk izango direla gure herri honetan errepresioaren kontrako bandera altxatuko dutenak eta guztion artean olatu-horma bat eraikiko dugula, herri honen eskubideen kontrako erasoei aurre egiteko.
 
Izan ere, preso politiko gehiago sortuz Amnistiaren Aldeko Mugimendua galaraziko dutela uste al dute?

Azkenak
Eguneraketa berriak daude