Pello Otxoteko

"Handiustea da egia iritsi nahi izatea"

  • Irun, 1970. Zientzia Biologikoetan eta Biokimikan lizentziatua. Goi mailako zikloko irakasle da: hemezortzi urtetik gorako ikasleekin dihardu Plaiaundi Institutuan: “Gizarteak edertasunarekiko eta estetikarako gustu falta dauka, eta gazteek, oro har, berdin”, esan digu. Poesian bilatzen du eguneroko bizimoduan eskas duen estetika. Estetika horren printza zenbait Goizalbaren argitan (Erein) liburuan aurki ditzakegu. Kritikaren azterketa eginarazi diogu Pello Otxoteko irakasle eta poetari.
Mikel Asurmendi @masurmendi
2008ko uztailaren 13a
Pello Otxoteko
Dani Blanco
Poesia jarduera irekia da berarentzat: “Nire buruari nahiz besteei begira idazten dut. Nire barnea hustu eta bestearengana iristen saiatzen naiz. Eta gaur idatzi dudana etzi ezberdina izango da agian. Areago, idatzitakoari esanahi berriak aurkituko dizkio beste batek, txinparta berriak...”.
 
Errealitatean bizitzeko beharra aipatu dugu solasaldian, baita poetak egia adierazi beharra edo nahia ere: “Egia agian ilusioa da. Ez dakit ilusioa den ere, berdin zait. Nik egiaren bat egon daitekeela sumatzen dut. Bizi garen lekutik, hurbilketa moduko bat egin dezakegula egiarantz. Baina batzuetan, egiara hurbiltzea harroegia ote den iruditzen zait, handiustea da egia iritsi nahi izatea, eta tamalez, bizitza horretan galtzen dugu sarritan”.
 
Haraindiko begiraden bila, Itzalaren ñabarduretan eta Arnasa galduaren ondarea emaitzen ostean Goizalbaren argitan liburuan maitasunaren aurpegi guztiak biltzen saiatu da: “Maitasunaren aurpegiek ez dute zertan adiera baikorrik izan, baditu adiera ezkorrak ere. Nondik eta nora ulertzen dituzun; errealitatearen adierak dira”.

Zientzia eta kimika ikasitako poeta zara. Nola uztartzen dituzu irakaskuntzaren eta poesiaren jardunak?


Jarduera erabat ezberdinak dira, eta horregatik gauza batetik bestera salto egin beharra sentitu izan dut, aldatzeko beharra. Alabaina, harrigarri irudi badezake ere, batzuetan bi jardueren artean harremanak sortzen dira, zubiak edota hariak... Garai batean, zientzia eta biokimika ikastean, fisika eta kosmologia ikasi edo irakurri nuen, mekanika kuantikoa. Bada, maila atomikoan gertatzen diren hainbat gauza magikoak dira benetan –kontzeptuez ari naiz, ez formulekiko loturaz–, hor gertatzen diren gauza batzuk magikoak, miragarriak edo poetikoak dira batzuetan. Konturatzen zara zientziak badituela poesiaren printzak edo zantzuak. Poesiaren formak lantzean eta poemak kokatzean, arrazonamenduz mugatzen hasten zarenean, zientziaren eta poesiaren arteko loturak aurkitzen dituzu nolabait.

Goizalbaren argitan zer da zure ibilbidean?


Aurreko hiruak galdera existentzialek bultzaturiko liburuak izan ziren, galdera batzuen erantzuna bilatu nahiak, eta erantzun estetikoa bilatu nahiak bereziki. Lehen bietan bizi kezkak ageri ziren eta Arnasa galduaren ondarea-n bizi kezka horien bidetik amildegiaren ertzera iritsi nintzen. Krisi existentzialista garaian idatzitakoak dira beraz. Honekin berriz zerbait berezia gertatu zait. Orain arte poesia krisi garaian sortzen zela uste nuen, sentimenduaren edo artearen mina zela. Zorionez, frogatu dut alderantziz ere poesia gerta daitekeela. Poema sorta hau azken urteotan biziriko une goxoetan idatzi nuen, eta poesia ez dela bakarrik erresumineko oihu bat ohartu naiz. Betiere poesia ez dela pozaren isla eta espresioa soilik jakitun naizen arren.

Liburu honetara iritsi arte absurduari erresistentzia egin bide zenion. Oraingoan...


Bizitzan, errealitatearen bila goazela, absurduan bukatu diren bidexkak edo bide handiak aurki daitezke. Orduan, poesian bilatu nuen absurdua gainditzeko baliabidea. Aldion ez dut absurduarekin topo egin, aitzitik, gauza samurrak eta goxoak aurkitu ditut. Beharbada hauek ere absurduaren atzean daude, edo hauen atzean absurdua dago. Dena den, absurdua gainditu banu bezala bizi izan naiz.

Molde sinbolistetan ibilia zinen eta hala jarraitzen duzula esan du kritikariren batek.


Ez da guztiz okerra sinbolismoaren bidean segitzen dudala esatea. Nire aurreneko poesia hermetikoegia ez ote zen –eta ni neu ere halaxe nintzen– esan zidaten. Oraingoan metaforak eta sinboloak erabili ditut, baina hizkuntza leundu dut, poemek berniz moduko bat dutela uste dut.

Maitasunaren sekretuen misterioa agertzerainoko bidea egin nahi izan duzula ere esan dute.


Bada, ez naiz saiatu. Ez dut misterio hori argitu nahi, ez dakit misterio hori argitzerik dagoen ere. Zientzilaria naizenez “zientziak maitasunari ematen dizkion erantzun arrazionalak zein diren ezagutuko dituzu zuk?” galdetu didate. Badakit hormonak eta feromonak zer diren, oxitozinak gora eta behera nola dabiltzan, ados. Ez dut ukatzen. Baina hori baino gehiago behar da poesiaren bidean joateko. Alegia, horien bidez maitasuna zer den azaldu daiteke, baina poesia horretaz harago sortzen da. Gainera askotan maitasuna eta pasioa nahasten ditugu, eta pasioa bukatzen denean...

Bukatzen esan duzu?


... pasioa amaitzen denean emozioak jarraitzen duela. Hasieran pasioa zena emozioa da orain. Eta emozioa zer da? Maitasuna? Agian.

Bizitzaren eta poesiaren artean ez dagoela berdintasun osorik gogoratu dizu hirugarren batek.


Kontziente naiz horretaz. Lagunek poesia idazten hasi aurretik esaten zidaten: “Pello oso buru karratua zara, sobera arrazionala”. Arrazionala naiz, ados. Baina esteta ere banaiz, estetika baten bila nabil bizitzan. Estetikaren bila ari naiz hitzen bidez eta musika daukat pizgarri.

Maitasuna adierazteko hitza bilatu duzu. Gaia baztertu xamar dagoela esan du beste batek.


Maitasuna ez dago agerian, ez da balore bat gaur egun. Batzuetan gauzen azalean eta bestetan sakonean dago, baina hor dago betiere. Une honetan zoritxarrez ez da lehen tokian. Gaur egun arrakastaren garaia bizi dugu, dirua, boterea...

Maitasunaren gaia oso xahutua dago, topikoetan erortzeko abagune handia dago.


Hasieran asko kostatu zitzaidan liburua publikatzeko erabakia hartzea, beldur handia neukan. “Topikoa izango al da dena?” esan nion nire buruari. Baten batek topikoetara gehiegitan jo ote dudan esan du. Li Bai poetaren eragina ageri da zenbait poematan, naturaren estetikaren bila ibili naiz. 100 orrialdeko maitasun poemen liburua idatziz inolako topikotan ez erortzea zaila da. Ahalegina egin dut. Saiatu naiz horietatik ihes egiten, gauza diferenteak ekartzen. Jakina, zaila da ohiko topikoetatik urruntzea, baina uste dut zerbait berria ekarri dudala.

Maitasuna eta berotasuna kidekotzat jotzen dira. Zure hainbat poemetan hoztasuna sumatzen da ordea.


Nahita egina dago. Ez nuen maitasunaren alderdi bakarra azaltzea nahi, maitasunaren aurpegiak bilatu ditut. Maitasuna poliedrikoa da, ertz eta erpin asko ditu eta horiek bilatu ditut.

Hoztasuna aurkitu izana dohaina izan daiteke...


Hoztasuna edo ez-maitasuna izan daiteke ertz horietako bat, maitasunak sortutako barruko ezinegona. Dena den, zenbait poematan, ez denetan, distantzia ikaragarria dago idazlearen eta idatziaren artean. Poema hotzak eta ezkorrak daude, horiek ere nahi nituen ekarri.

Azkenik, demagun badagoela zure liburua iraganekoa dela esaten duenik. Zer esango zenuke?


Hori ere oso bitxia da. Bai, badakit hori ere esan dutela. Kritiko batek “iraganekoa” dela esan du eta beste batek “inork ez dezala XIX. mendeko poema liburu baten aurrean gaudenik pentsa”. Alegia, batek dio iraganekoa dela eta beste batek ez dela halakoa, kontrakoa baizik. Gizakia eta poesiaren arteko harremana ageri da hor. Batzuei gauza bat adierazten die eta beste batzuei beste bat. Nire usterako sailkatze horrek ez du zentzurik. Ze, maitasunaz ari bagara, minaz heriotzaz edo denboraz... Ez al dira gai unibertsalak? Espazioa eta denbora gailentzen dituzten gaiak?
“Gaztelaniazko poesiak gehiago betetzen nau”
Euskal poesian gustu estetiko falta hartzen dut. Ideiak falta, sakontasun falta, formen falta. Eta nire burua barne sartzen dut. Gaztelaniazko poesiak gehiago betetzen nau, egia esan.
 
Literaturan aske sentitu nahi dut. Oker ez baldin banago, Xabier Letek herri honetan eskuderiak daudela esan zuen, kapillak deituak politikan: ekipoak. Ni ez naiz talde batekoa ez bestekoa.
 
Publikatzea gero eta zailagoa da. Nik orain arte lortu dut publikatzea, argitaletxe batean ez bada bestean. Guztietan ondo tratatu naute, jarrera ona izan dut editorearen aldetik. Baina independentea izan nahi dut.
 
Militantzia garaia joan da. Niri ere onartzea kostatu zait. Garai batean baino eszeptikoagoa naiz orain gai honen aurrean, eta behinola lagun batek esan zidan: “Begira Pello, mundu honetan txurroak egiten dituenak txurroak saltzen ditu, kotxeak egiten dituenak kotxeak, eta liburuak egiten dituenak liburuak. Ez zaiztez erromantikoa eta inozoa izan, argitaletxeek liburuak saldu nahi dituzte”. Alegia, euskal literaturak AEBetako eta Europako edozein liburu saltzaileren edo merkaturen baldintzak irentsi ditu. Zer bestela?
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
Akabatzearen negozioa argitara

Hiltegietako irudiak publiko egiteak kaltea eragiten dietela jakitun, animaliak hiltzea negozio bilakatu duten arduradunek hermetismo handia ezarri dute hiltegien inguruan.


2018-10-21
Otegi eta Zapatero Txillarren elkartu dira, jendeari horrelako bilerak inporta zitzaizkionean bezala

Arnaldo Otegik eta Jose Luis Rodriguez Zapaterok ezkutuko bilera egin zuten irailean Elgoibarko Txillarre baserrian. Bileraren xedea “elkar ezagutzea” zela esan duten arren, ezker abertzaleko iturriek Beranduegiri esplikatu diotenez, bi politikariek beren buruari egindako omenaldia ere izan da.


2018-10-21
Legioko ahuntzak idatzi du Casadoren diskurtsoa

Oso gutxitan erabiltzen dutela-eta, Espainiako Legioak erabaki du bere desfileetan parte hartu ohi duen ahuntza, Cientocincuentaycinco, birziklatzea.


2018-10-21 | Adur Larrea
Ez hanka ez buru
Behingoz edo garaia da

"Mitxoletak nahi ditugu", pestizida guztiak orain debekatzeko aldarria

Urriaren 5ean milaka pertsona bildu dira Frantziako Estatuko hirurehun hiri eta herri baino gehiagotako udaletxeen aurrean, "Nous voulons des coquelicots" (Mitxoletak nahi ditugu) deialdiarekin bat egiteko. Bi urte iraungo duen kanpainaren antolatzaileek ez dute huskeria eskatzen: pestizida kimiko guztiak debekatzea eta oraintxe bertan. Bioaniztasunaren hondamendiari eta gizakien pozoiketari behingoz erremedioa jartzea aldarrikatuko dute hileroko lehen ostiraletan.


2018-10-21 | Amaia Lekunberri
Ruben Collio aktibista maputxea
"Macarena lurraren defentsan borroka egiteagatik hil duten lehenengo emakume maputxea da"

Ruben Collio maputxeak (Santiago, Txile, 1976) itsasoa zeharkatu du Macarena Valdés ekintzailearen hilketaz jakinarazi eta nazioartean babesa lortzeko, salatzen duenez Txileko Estatuaren baitan maputxeentzat justiziarik ez baitago. 32 urte zituela hil zuten Valdés Tranguileko bere etxean, beraien bizilekuan zentral elektrikoa eraiki duen RP Global enpresa transnazional austriarraren auto batetik mehatxatuak izan eta egun batera. Macarenaren bikotekidea zen Ruben Collio, eta... [+]


Nerea Arriola. Txantxarik ez umorearekin
"Umorearen izenean ez dira gauzak banalizatu behar"

Sarritan gertatu zaio Nerea Arriolari; azkena, uda honetan bertan: ezezagunak hurbildu zaizkio, zaleak, bera zelakoan Idoia Txoperena, Supertxope, euskal youtuber sonatua. Hura, baina, kanpaina politiko baterako propio pentsaturiko pertsonaia zen [Hiru Damatxo ideia faktoriak egin zuen kanpaina, Sortu alderdiarentzat]. Arriola, berriz, Supertxope gorpuztu zuen aktorea dugu. Eta erizaina. Eta bakarrizketa-egilea. Eta…


2018-10-21
Nerea Arriola Urberuaga (1988, Donostia)

Erizaina da lanbidez, baina antzerkian ibili da betidanik, Zurriolako Ikastolako antzerki-taldean. Berak eman die gorputza eta ahotsa Supertxope euskal youtuberrari eta Info7 irratiko Dolores Mujika Dolox pertsonaiari. Duela bi urte egin zuen lehen bakarrizketa, eta besteak beste, zeregin horretan dabil orain han eta hemen. Aurten bukatu du antzerki-prestakuntza, Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean (TAE).


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude