Zer egin lur festa honekin?

  • Instituzioek esan dute ekonomiaren geldialdiari obra publiko gehiagorekin erantzungo diotela. Baina azpiegitura lan handiek milioika tona lur mugitzen dituzte urtero eta hondeatzaile elkarteak hasi dira larritzen, ez dago nahikoa toki materiala uzteko. Soluzio inteligenterik hartzen ez bada, ingurumena galtzaile atera liteke.
Hondakindegiak
HondakindegiakDani Blanco
Eraikuntza obra handiek bi arazo dituzte: porlana egiteko harria nondik atera eta porlan horrentzako lekua egin beharra. Ondorioz, milioika tona lur mugitu behar izaten da alde batetik bestera, gure ingurua baskula erraldoi bihurtuz; kendu eta jarri, jarri eta kendu, ezinezkoa den orekaren bila. Joan den urteko urrian Azpeititik Zestoako Lasao auzora doan errepide batean sekulako luizia gertatu zen hondakindegi bat behera erori zenean. Zorionez, ezbeharrak ez zuen ondorio larririk ekarri, baina lur mendi horren tamaina ikusgarria zen. Zer egiten zuen lur horrek guztiak errepidearen ondoan? Eraikuntza enpresa batena zen, Gipuzkoa osoan egiten ari zen obretatik sobratutako lurra biltzen aritu zen bertan. Azpeitiko Udalak espedientea ireki zion lizentzia kontuengatik eta luizia garbitzeko ere agindu zion enpresari. Honek arazo ugari izan zuen lurrarentzat beste kokaleku bat aurkitzeko eta “momentuz” Oriora eraman zuen materiala.

“Momentuz” hitzak material garbi edo inertearen auzi korapilatsua bistarazten du. Arazo bat konpondu nahian –superbideak sortzeko leku faltarena– beste bat sortzen zaigu, soberakinak uzteko tokirik ez egotea, alegia.

Lur inertea, hondakindegiak eta “beteketak”

Azpiegitura handietatik sobratzen den hondakina inertea izan ohi da; ez da toxikoa eta ez du aldaketa fisiko edo kimikorik jasaten. EAEn bi modutan zabaldu daitezke material inerteez osaturiko hondakindegiak eta horietako bat da norbaitek zabaltzeko eskaera egin eta administrazioak baimena ematen dionean. “Baimena ematerakoan, ordea, hainbat irizpide hartzen dira kontuan, beti ere, uraren eta biodibertsitatearen inguruko araudia aintzat harturik” dio Begoña Iriarte Eusko Jaurlaritzako Ingurumenerako Kalitatearen zuzendariak. Hondakindegi horietan obra ezberdinetatik sobratutako materiala bota dezakete eragile pribatuek. Jakina, hondakindegiak kontrol zehatzak pasa behar ditu. Zabortegi ingeniaritzan aritzen den Terra Nova enpresak horrelako kasuak aztertu izan ditu –Bizkaiko Garbitek bezalako erakundeentzat egiten du lan–. Bertako arduradun Alfonso Garcia de Cortazarrek azaldu duenez bi premisa bete behar dituzte: egonkortasuna eta iragazgaiztasuna. Hain zuzen, hori ziurtatzeko laminatu teknika berezia erabiltzen du Terra Novak.

Bada, baina, hondakindegiak zabaltzeko beste modu bat, obra handiek –normalean garraio azpiegiturek– sortutako milioika tona lurrei “irtenbidea” ematen diena. Eusko Jaurlaritzaren araudiak obra handietatik sobratzen den lurra biltzeko lekuei “beteketa” deitzen die. 5.000m3 lur baino gehiagorekin leku batean aldaketa morfologiko handia eragiten duenean jasotzen du kategoria hori hondakindegiak. Tomas Morales EHUko Geodinamika irakaslearen hitzetan, horrelako beteketa batek ez du babes berezirik izaten eta oinarrian iragazgaiztasun neurririk ez zaio jartzen; horregatik, ezin da eraikinetako edo industriako hondakinik bota, soilik lur eta harri garbia.

Bistan da hondakindegi eta eskoilera asko erregulatuta eta kontrolatuta daudela. Eta zer pasatzen da zainketa hori dutenekin? Eusko Jaurlaritzak badu ikuskaritza zerbitzu bat kontrolatu gabeko eskoilerak atzeman, jarduera eten arazi eta isunak jartzeko, baina askotan ez da erraza izaten horrelakorik egitea: “Egia da askotan urri gertatzen direla gure baliabideak eta ez gara nahi genukeen lekuetara iristen” dio Iriarte zuzendariak. Izan ere, jakina da erregulatu gabeko eskoilera eta hondakindegi ugari dagoela bide bazter eta hiri inguruetan. Nafarroan, esaterako, 900 eskoilera ilegal baino gehiago zenbatu zituzten 2004an. Horrek guztiak zerikusia du hondakinak botatzeko leku faltarekin, hondakindegiak urrunegi daudelako edo tasak ordaindu behar direlako.

Hondeatzaileen sektorea larrituta

Duela hilabete batzuk Bizkaiko Hondeatzaileen Elkarteak abisua jaurti zuen sektorearen egoera kritikoaz. Excave bere aldizkari korporatiboko editoriala adierazgarria zen: “Arazo larria dago eskoilera edo hondakindegi faltarekin. Gaur egun gutxi daude eta daudenetako batzuk ixteko zorian gainera. Hondakina botatzeko punturaino dagoen distantzia oso handia da. Pentsatzen dugu beharrezkoak liratekeela hondakinak botatzeko 15 puntu gehiago, Bizkaia osoan sakabanaturik”. Hain zuzen, elkarte berri bat sortu dute, Escombreras Vizcaínas S.L. Erakunde berriaren helburua da sektore horretan aritzen diren enpresak hondakindegiz hornitzea eta administrazioarekin harremanak sendotzea arazoari konponbidea emateko.

Baina arazoa ez da konpontzeko erraza. Izan ere, etorkizunean gero eta lur soberakin gehiago egongo dela aurreikusten da, batez ere instituzioetatik ekonomiaren geldialdiari obra publikoarekin erantzungo diotela esan dutelako. Lakuak hitzarmena sinatu berri du diputazioekin inbertsioak aurreratzeko. Modu horretan, erakunde publikoetan gordeta zegoen dirua hainbat proiektutan gastatuko dute –eraikuntzan batez ere– eta zorretara jotzea ere ez dute baztertu arduradun politikoek. Guztira 12.805 milioi euro bideratuko dituzte 2012. urtera arte, horietatik 1.100 lehenagotik aurreztuta zeuden. Aldiz, Nafarroako Foru Gobernuak iragarri duenez joera izango da krisia datorrenerako aurreztea; momentuz aurrekontuen 150 milioi euro izoztu egin ditu Sanzen exekutiboak. Dena dela, eraikuntzako patronalak administrazioari eskatu dio autobia zaharren konponketari ekiteko eta asko dira Nafarroan obra zibila “aktibatzeko” eskatu duten ahotsak.

Horrekin guztiarekin garbi dago obra publikoa izango dela ekonomiaren motore, eta dezeleratzeak etxebizitzen eraikuntza pribatuari eragin dion arren, azpiegitura erraldoiek lur mugimendu handia sortuko dute datozen urteetan. Gero eta gehiago egiten dira garraiobideak lur azpitik –begi-inpaktua gutxitzen delako eta geoteknian hobetu delako–, Abiadura Handiko Trenbidearen ehuneko handi bat tunelak izango omen dira (104 km) eta euskal “Y”aren proiektuak aurreikusten du 16 milioi m3 lur soberan izango dela. Zer egin, orduan, lur horrekin?

Alternatiba bila

Agerikoa da hondakinen hierarkian azpiegitura egitasmoek ahalik eta lur soberakin gutxien sortzeak duela lehentasuna; baina hortik aurrera alternatiba egokia bilatu behar zaio lurrari. Makroproiektuek instituzioen babesa dute eta derrigorrean aterabidea eman behar diote arazoari: “Obra publiko batzuetan Diputazioak hartzen du ardura hori –hondakinak botatzeko lekua bilatzea–. Adibidez, Supersurren kasuan administrazio publikoak kudeatu du gaia eta arazoa bizkor konpondu nahi izan du” dio Terra Novako Garcia de Cortazarrek. Aldiz, obra txikiagoetako hondakinez desegiteko arazo gehiago dago, kasu horietan ez dago adostasunik eta hondeatzaile bakoitzak atera behar ditu babarrunak eltzetik. Beraz, Bizkaiko hondeatzaileek salatu duten moduan, lur soberakinen arazoa areagotu egin daiteke epe laburrean, eta administrazioak ez du horrelakorik ukatu gainera: “Beharra handiegia da eta ez dago bat-batean aseko duen soluziobiderik” onartu du Iriartek.

Harrobi zaharren errestaurazioa da gehien aipatzen den aukera. Harrobien ustiaketak zulo izugarriak utzi ditu gure mendi magaletan. Esplotazioek mendia soildu dute, kutsatu eta desitxuratu; orain, horietako batzuk berreskuratzeko prozesuan daude –Eusko Jaurlaritzak 28 eskaera jaso ditu–. Zestoan, adibidez, Osinbeltz harrobi erraldoiaren zuloa A-8ko obrekin betetzeko proposamena egin dute. Asmo berdina dago Arrasaten, San Josepe harrobian 1,2 milioi m3 lurrentzako tokia baitago.

Harrobietan materiala uzteagatik tarifa bat kobratu eta ingurua berreskuratzeko kapitala lortu liteke promotoreen esanetan. Baina aukera horrek baditu arrisku eta oztopo bana: arriskua da handikeria arkitektonikoetan edo espekulazioan erortzea mendia berreskuratu beharrean, atzerrian gertatu izan den bezala –Ingalaterran, kasu– . Oztopoa, aldiz, gaitzagoa da: harrobiak obra zibilak egiten diren lekutik distantzia handira daude eta horrek kostuak handitu, bizilagunentzako enbarazuak sortu eta kutsadura areagotu lezake. Bestalde, ondo begiratu behar da harrobietara eramandako lurra garbia ote den, sistema hidrologikoan ez eragiteko: “Euskal Herriko harrobi gehienak kareharrizko mendiei loturik daude eta akuiferoak osatzen dituzte, iturburu eta hutsune naturalekin –dio Morales irakasleak–; horregatik, uraren kalitatea eta segurtasuna kontrolatu behar da”.

Interes bikoitza duten irtenbide gehiago ere bilatu da lur soberakinarentzat. Ezaguna da Deustuko kanalaren kasua, 25.000 metro koadroko kanala lurrez bete nahi du Bilboko Udalak –ondoren 900 etxebizitza egiteko– eta bizilagunen oposizioak eztabaida bizia sortu du hiri horretan. Baina datu garrantzitsu bat eztabaida horretatik aparte geratu da: Supersurraren obrek sortutako hondakin guztiak bertara botako dituztela, eta seguruena oraindik lekua geratuko dela hondakin gehiagorentzat. Hain zuzen, Escombreras Vizcaínas S.L.-k kanal horretan du jarrita begia.

64 eskoilera AHTarentzat EAEn

AHTaren tunel kilometro bakoitzetik 200.000 metro kubo lur aterako dira. Madrilgo Sustapen Ministerioak egindako txostenak dio euskal “Y” trazatua egiteko eskoilera edo hondakindegiek 518 hektarea okupatuko dituztela –ia trazatuak berak bezainbeste–. Guztira 64 hondakindegi izango dira, 3 eta 24 hektarea artekoak. Eusko Jaurlaritzak hondakindegi horiek “ingurune natural” gisa kontsideratzen ditu, lur garbiz osatuak daudelako. Horrela, Lopez de Guereñu Garraio sailburuaren hitzetan, eskoilerak nekazaritzarako berrerabiltzea aztertzen ari dira.

Baina zer puntura arte berreskuratu daiteke hondakindegi bat? Galiziako AVEaren kasua esanguratsua da. Santiago-Ourense ibilbiderako 425 milioi euro gastatuko dituzte ingurugiroari egindako kaltea gutxitzeko –aurrekontuaren laurdena– eta horretarako 41 lur “biltegi” eraiki dituela azaldu du Adif-ek –Estatuko trenbideen administratzailea– eufemismo handiz. Hain zuzen, zati horren erdian dagoen Lalín herri-kontseiluan AVEak alegazio mordoa jaso du hondakindegiak nekazaritzarako lur emankorrenetan jarri dituztelako; eskoilerek, zenbait kasutan “30 metro baino gehiagoko altuera” dutela salatu du nekazaritza zinegotziak eta ezin izango direla “inolaz ere” paisaiari lotu.

Euskal Herrian jadanik esleitu dituzte AHTaren hainbat obra. Gipuzkoan, Itsasondo-Ordizia zatia izango da lehenengoa egiten eta eremu horretan 700.000 m3 lur mugituko dute bere lekutik. Beasaingo Erauskin auzora eramango dute soberakin gehiena, ibar batean 300.000 m3-ko hondakindegia jartzekotan baitira. Zenbait kalkuluren arabera herri horretan kamioiek 57.000 joan etorri egingo dituzte eta Beasaingo Udalak hondakindegia beste leku batean kokatzeko eskatu du, trafiko astunak eragindako kalteak eta zikinkeria oso handia izango direlako herrigunean.

Baina kamioiek sortutako hautsaz gain, hondakindegiek kalte gehiago eragin dezakete. Esther Larrañaga Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak legebiltzarkide baten galderei erantzunez esan berri du harrobiak berrerabiltzea aztertzen ari direla “materiala ibarbideetan utzi eta ur-jabari publikoari eragitea ekiditeko”. Hortaz, hondakindegiek sistema hidraulikoari eragin diezaiokete. Tomas Moralesek azaldu duenez hondakindegiak obra inguruetan jartzen saiatzen dira garraioa gutxitzeko, eta askotan ez da leku egokiena izaten: “Beteketak ibarretan jartzen dituzte, normalean ibarburuetan, eta errekari nabarmen erasaten diote” dio irakasleak.

Hondakindegi handiena errepide azpian

Obra handietan mugitutako lurrak ez du, legez, hondakin izaerarik azpiegiturak egiteko berrerabiltzen bada –errepide baten oinarrian jarrita, eta abar–. Europako hainbat herrialdetan lurraren birziklapen tasa oso altua da eta hondakindegi handienak “errepide azpian” daudela diote; baina ez da soilik obretako lur garbia berrerabiltzen, etxeen eraisketatik sortutakoa ere bai. Egiaz, Danimarka eta Holanda bezalako herrietan debekatua dago berrerabil daitekeen ezer hondakindegira botatzea eta hori egiteagatik ezarritako zergak gero eta astunagoak dira. Baina hori harri eskasiatik sortutako logika da, nahiz eta, bide batez, ingurumenari kalte gutxiago egiten zaion.

Dena dela, ezinbestekoa da lurrari “irtenbidea” eman beharrean, lurrik mugitu behar ez izateko politika sortzea, inguruarentzat hobea, osasuntsuagoa eta inteligenteagoa delako.
Undiano: bi mila Sadar hondakindegi batean
Erreniegako Undiano herrixkan –Cendea de Zizur udalerrian–, 29 milioi m3-ko hondakindegia egin nahi du Nafarroako REAM (Recuperación Ambiental) enpresak. Horrek esan nahi du leku horretan bi mila Sadar futbol zelaien hondakinak sartuko liratekeela – estadioa eraiki zutenean 14.000 m3 hormigoi erabili zuten–.

Hondakindegiak AHTaren eta Gendulaingo urbanizazio proiektuaren hondakin inerteak jasoko lituzke, bertatik pasatzen den erreka estaliz eta babesturiko hainbat animaliaren pasabidea oztopatuz. Undianotik 250 metrora besterik ez litzateke egongo eta egunean 300 kamioi pasako lirateke ondoan dagoen Astrain herritik.

Herritarren protesta

Bizilagunak oso kezkatuta daude, luiziak egon daitezkeelako eta hondakindegiak hauts handia zabal dezakeelako airean, besteak beste. Hondakindegiaren kontrako ekimenak eta protestak ugari izan dira azkeneko urte eta erdian.

Undianoko kontzejua proiektuaren aurka azaldu da behin eta berriz, baita Cendea de Zizurreko Herrien Batzarra ere. Oposizio horren aurrean aukera gehiago aztertuko dituela azaldu du REAM enpresak.

ASTEKARIA
2008ko uztailaren 13a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


2024-04-29 | Jakoba Errekondo
Pagoaren kontuak

Geroxeago baina hemen da. Inguruan dituzten gainontzeko zuhaitzak baino beranduago janzten dira pagoak (Fagus sylvatica). Bizitzeko baldintza “gogorragoak” nahi izaten ditu: toki hezeak eta freskoak. Baina izotzari beldurrak bizi da.


2024-04-29 | Garazi Zabaleta
Elkea
%100 Amezkoako garagardo ekologikoa, olibondoak eta beste

Elkea proiektuan produktu asko eta desberdinak ekoizten ditu David Ruiz de Galarreta Azpilikueta ekoizle amezkoarrak. Olibondoekin hasi zen, baina fruta arbolek, lekaleek eta zekaleek ere beren tokia egin dute proiektuan urteotan. Eta, orain, jarduera berri bat gehitu die... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Eguneraketa berriak daude