Unai Elorriaga

«Kontatzen dudana formari egokitzeko gai naizela erakutsi nahi dut»

  • Ez gara besteak baino hobeak. Oraindik atera ez den liburu baten aurkezpena antzezten hasi, eta liburuaz ezik, beste guztiari buruz hitz egiten bukatu dugu.
Sustrai Colina
2008ko uztailaren 06a
Unai Elorriaga
Unai ElorriagaDani Blanco

Zure laugarren liburuaren aurkezpenean gaude, kazetari andana duzu aurrean, grabagailu guztiak zure hitzen zain.


Hasieran, “liburua nik idatzi dut, liburuaz badakit, eta nahi dudana kontatuko diet” pentsatuz joaten nintzen aurkezpenetara. Baina konturatu naiz kazetariei nahi duten hori oso-oso txikituta eman behar zaiela, detaile eta hausnarketa literario sakonik gabe, eta oso ondo prestatu behar dela zein pilula eman eta zein ez. Oraindik ez dut laugarren libururako pilula multzoa prestatu, baina amu polita izan daiteke markoa diktadura bat izango dela esatea. Diktadura hori hemengoarekin ez identifikatzeko, munduko hainbat diktaduren ezaugarriak nahastu ditut, halako diktadura berezi bat sortuz. Alde batetik fikzioa izango da, baina baita errealitatea ere. Hau da, agertzen diren elementu guztiak errealitatetik hartu ditut, ez dira asmatuak, batzuk oso gogorrak izan arren.


Hain larria da jendeak detaileak identifikatzea? Zergatik dena kamuflatzeko etengabeko behar hori?


Istorioa Finlandian pentsatu arren, protagonistak Garikoitz, Asier eta Aitor baldin badira, izenean soilik itzelezko iragana dakarte. Pertsona bat Aitor deitzen da bere familia euskalduna delako, horrek kultura eta historia oso bat dakar, gauzak egiteko modu bat, umore jakin bat, heriotza sentitzeko era bat. Zuk izen bat jartzen duzunean, pertsonaia edo leku bat identifikatzen duzunean, itzelezko bagajea itsasten diozu, istorioa lastratuz. Irakurlea eragozpen horiekin zamatzen baduzu asko narrasten da kontaera.


Baina fikzioa ez al da errealitatean oinarritzen?


Niretzako ezinbestean. Esan izan didate nire liburuak errealismo magikoa direla, baina nire liburuetan agertzen den guztia errealitatean gertatu litekeena da. Beste kontu bat da, gogoeta zoro, absurdu edo surrealistak egitea, baina gertatzen dena benetan gerta daiteke eta askotan gertatu izan da. Kontua da, Teleberrian hiru buruko ume bat jaio dela esaten badizute kuriosoa iruditzen zaizula, eta nobela batean irakurtzen baduzu idazlea pasatu egin dela. Baina berdin da, gai bati buruz idazteko asko jakin behar duzu, nahiz eta gero ez igarri.


Esadazu, beraz, aurkezten hasi zaren liburua idazteko psikiatriko batean ibili zarela.


Damutu naiz hori zabaldu izanaz, baina tira. Hor prozesu bat egon zen. Asko irakurri nuen psikiatriari eta gaixotasun psikiko bati buruz, dokumentalak eta pelikulak ikusi nituen, testigantzak jaso, baina konturatzen nintzen ez zela nahikoa. Ohartzen nintzen gauza bat zela R-k ez dakit zer egiten zuela irakurtzea, eta beste gauza bat R hori bertan ikustea. Hitz egiteko modua, keinuak, bere delirioak nola eragiten dion izaeran, bere egunerokoa... Oso aberasgarria izan zen niretzat.


Zer dago psikiatrikoko hormen artean?


Kanpotik ikusita, kasu kliniko batzuk ikaragarriak dira, literatura hutsa. Baina behin barrura sartuta, tragedia itzela da, eurentzako, familiarentzako. Inguru guztia narrasten dute, euren burua lehena, eta asko sufritzen dute. Horregatik, hain harrigarria eta bitxia ematen duena pintzekin eta tentu handiz tratatu behar da.


Jende horrekiko dugun begirada ez da ez literarioa, ez tentuzkoa.


Topiko asko dago. Bortitzak direla uste dugu, eta guztiz kontrakoa da. Oso pertsona maitagarriak dira, oso humanoak, bestearekiko oso emanak, beti agurtzen zaituzte, beti galdetzen dizute zelan zauden, eta bai, bortitzak dira halako atake batek ematen dienean. Baina, pertsona normal batek haserrealdi fuerte bat daukanean, biolentzia berbera agertzen du. Gizartean dagoen biolento proportzio bera dago psikiatrikoetan. Psikiatrek gaixoen aurkako estigma handia dagoela diote. Bortitzak direla, arraroak direla, ez daudela gizartean sartzeko moduan... Guztiz kontrakoa da, baina kanpotik ez da hori ikusteko indarrik egiten.


Hori hala, gai guztiek daukate literatura?


Ziur baietz. Julio Cortazarrek ipuin asko ditu boxeoaren inguruan, eta telebistan ikusita sekula ez zenuke esango boxeoa literarioa denik. Niri ez zait boxeoa gustatzen baina ipuin horiek irakurtzean, “hau da honen barruan dagoena, ez da kirol bat soilik, bizitzeko modu bat da, mugimendu bat” pentsatzen dut. Munduan existitzen den orok dauka zerbait erakargarria, ez zaio alferrik norbaiti gustatzen. Norbait hori erakarri badu, esentziala da, eta mundu guztiarentzat balio dezake ondo esplikatuz gero. Hor dago literaturaren funtzioetako bat, gauzak ondo esplikatuz erakartzea.

Gauzak ondo esplikatuz erakartzeko derrigorra zaizu nobela bat idazten hasi aurretik dena goitik behera pentsatuta edukitzea?


Hastapenetan ohartu nintzen hasi daitekeela idazten buruan ideia bat edukita non bukatuko duzun jakin gabe, baina askoz gauza borobil eta sakonagoak egin daitezkeela osotasun bat bilatuta. Egia da hizkuntza landu behar dela, pertsonaiak landu behar direla, baina egitura da lantzen zailena eta askotan lantzen ez dena. Oso zaila da. Nik ahalegin handia egiten dut horretan, gero denak oso kaotikoa dirudien arren. Beti nahi izaten dut nire motibazioa, nire egitura, koadernoan neukana, irakurleak ez igartzea. Horregatik egiten ditut gauza kaotikoak. Baina ondo pentsatuta.


Idazle ospetsu batzuek ongi pentsatzen dutena euren karreraren kudeaketa da. Behin liburu arrakastatsu bat idatzi eta gero...


Behin ospe bat, maila bat, lortuta beldur handia dago. Horregatik, askok antzekoa egiten jarraitzen dute, edo ez dute idazten, edo oso gutxi, edo jendea despistatzeko gauza bitxiak egiten dituzte... Ez dute aulki pribilegiatu horretatik jaitsi nahi. Ni beldurtia naiz gauza askotan, baina horretan ez, eta ez dut beldur horretan jausi nahi. Argitaratu nahi dut, saiatu, gorabeheratsua izan, eta egunen baten esaten badidate ez dutela gehiago nire libururik publikatuko nire lanera itzuliko naiz. Nahiago dut paniko horretan ez jausi, bestela ez duzu gozatzen, eta idaztea gozatzea da. Futbolean, bigarren mailara jaisteko beldurrez ari bazara, hanka larritu egiten zaizu, eta ez duzu jokatzen. Literaturan ere askotan gertatzen da hori.

Zuk nahiago duzu kritikariei bazka ematen segi.


Axolagabetasuna da lortu behar ez dena. Gorrotoa ala maitasuna, baina tartekorik ez. Nire nobelak oso errazak dira egurtzeko. Tira, nireak eta edozeinenak. Nik Quijotea egurtuko nuke. Erraza da, bere alde txarrak hartu eta larrutu. Jakina, jada ezin da halakorik egin, ez dakit zenbat mendeko historia daukalako, kanon batzuk daudelako, mundu guztiak itzelezko liburua dela sinesten duelako... Baina liburua orain aterako balitz, inongo problemarik gabe egurtu nezake alde literariotik. Ostera, berdin-berdin jarri nezake zeruan. Alde horretatik, bagaje literario bat eta ezagupen batzuk baldin badituzu, kritikari izatea oso erraza da. Horregatik ez naiz hainbeste kezkatzen.


Gehiago kezkatzen zaitu hitzen musikaltasunak?


Hori nire puntu neurotiko bat da. Umetatik arreta jarri izan dut hitzen doinuan, soinuan, oso inportantea da niretzat. Zenbakiekin ere berdin. Matematikako problemak egiten nituenean, zenbaki batzuk gustatzen zitzaizkidan, beste batzuk gorroto nituen, nahasketa batzuk ederrak ziren... Hitzen konbinazio musikal perfektuaren bila 8.000 aldiz irakurtzen dut pasarte bakoitza. Batzuetan, esan nahi dudana ondo esanda dago, baina badago soinuan kriki-kraka bat. Oker dagoen nota detektatzen dudanean, kendu egiten dut, bertan diodana garrantzitsua den arren. Nahiago dut soinuari eutsi esanahiari baino, eta kendutako informazioa aurrerago edo atzerago jarriko dut. Garrantzitsuagoa da niretzat erritmoak egoki eta suabe eramatea.

Aurkezten ari zaren liburuak ez ei dauka aurrekoen musikaltasunik. Lehorragoa omen, sikuagoa. Estiloz aldatzeko premia?


Hobeto edo okerrago, baina orain arte egin dudana egiten badakit, hor daude hiru liburu. Idazten ari zaren bitartean beste estilo batzuk irakurtzen dituzu, eta esaten duzu: “Hemen ere egia literarioa dago eta kapaz izango nintzateke estilo honetan beste gauza batzuei buruz hitz egiteko”. Kontatzen dudana formari egokitzeko gai naizela erakutsi nahi dut. Jende batek, beharbada, ez dagoela irakurtzerik esango du, desastre hutsa dela, baina behintzat ahalegina egiten nabil. Ondo ala txarto ateratzea hori da hartzen dugun arriskua. Beste forma eta mami batzuk lantzeko beharra sentitu dut. Harrigarria da nola, beste forma batzuk ikertzen direnean, beste gai batzuk agertzen diren, lehendik usaindu ere egiten ez genituen bide berri batzuk.


Niri zure liburuen gaztelerazko itzulpenak egiten zaizkit harrigarri. Zeuk eginak dira, eta hala ere, bertsio originalarekiko oso desberdinak iruditzen zaizkit.


Arima bera da baina nobela erabat diferentea. Askotan oso esaldi desberdina eraiki behar duzu arimari eusteko. Koloreak oso diferenteak dira euskaraz eta gaztelaniaz, soinuak eta doinuak ere bai. Esaterako, ez da gauza bera euskaraz idatzitako “igela” eta gaztelerazko “rana”. Orduan, antzekoa den baina soinu aldetik hain gogorra ez den animalia baten izena aurkitu behar duzu. “Iguana”, adibidez. Halako malabarismoak beharrezkoak dira nobelaren espiritu eta osotasunari eusteko. Nobela berria, sikuagoa denez, beste norbaiti itzularazteko tentazioa izan dut, baina semea edo alaba beste bati uztea bezalakoa iruditzen zait. Bai, beharbada nik baino hobeto zainduko du baina nahiago dut nire haurra nirekin egotea.

Pantaila handirako bidean, SP-rako tranbia Aitzol Aramaioren eskuetan utzi zenuen, alta. Papereko musikaltasuna topatu al duzu zeluloidean?


Soinu bandan topatu dut. Minimalista da, hutsune asko ditu, elipsi asko. Oso egokia da. Pelikulari dagokionez, keinu batzuek eraman naute hitzen soinura. Gidoia irakurri nuenean elkarrizketa batzuk oso txarrak iruditu zitzaizkidan. Nik egunak eta asteak ematen ditut elkarrizketa laburrekin, eta hauek testuaren espiritua hartu eta elkarrizketa arin-arin idazten zuten, irakurketan nabarmen igartzeko moduan. Baina gero Hector Alteriok antzezten zuen, eta testuari falta zitzaion guztia ematen zion. Liburu batean ezin duzu hori egin, hitzen bitartez lortu behar duzu dena, baina zineman beste baliabide batzuk dituzu. Tartean, Hector Alterio izatea.


Baina Unai Elorriaga ez da Hector Alterio, ez da zinemara dedikatzen. Edo bai. Liburua irakurri ez duen kazetariari liburua aurkeztea zazpigarren artea baita. Zeresanik ez liburua amaitu gabe dagoenean.

Nortasun agiria
1973ko otsailaren 14an jaio zen idazle algortarra (Bizkaia). Deustuko Unibertsitatean euskal filologian lizentziatua, irakasle eta itzultzaile lanetan aritu zen, idazteari erabateko dedikazioa eskaini aurretik. Vredaman (Elkar, 2005), Van’t Hoffen ilea (Elkar, 2003), eta SP-rako tranbia (Elkar,2001) idatzi ditu, azken honek 2002ko Espainiako Narratiba sari nazionala eman ziolarik. Horrekin aski ez eta bertan oinarritutako Un Poco de Chocolate filma estreinatu berri du Aitzol Aramaiok.
Aurreiritziak
“Lehen pentsatzen genuen hemen txikiak ginela, ezer gutxi egiten genuela, eta bazter batean geundela. Gero konturatzen zara New York bera bazter bat dela. Australiar baten bloga irakurtzen duzu eta zure antzeko kezkak ditu. New Yorkeko batek judu bati buruzko itzelezko istorio bat egin ahal badu, guk zergatik ez?”
Idazleen jet-seta
“Idazle asko biltzen den lekuetara noanean, konturatzen naiz batzuei idaztea baino gehiago gustatzen zaiela jairik jai ibiltzea. Gustatuz gero oso erakargarria da. Gonbidapen guztiak onartuz gero, ederto baten bizi zintezke, bidaiak eginez eta medioetan agertuz. Beste aukera bat da”.
AZKEN HITZA
Industria
“Dirua tarteko denean dena lorrintzen da. Atzerrian, argi ikusi dut benetako industriak daudela, enpresa gizon-emakumeekin, eta horiei berdin zaie botilak ala liburuak saltzen dituzten, dirua egiteko daude. Orduan, merkatua kolapsatu arte bonbardatzen dute, eta idazleak zenbaki batzuk baino ez gara”.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2018-10-23 | Juan Mari Arregi
Hipoteka zergen auzia
Bankuek gobernatzen dute

Espainiako Auzitegi Gorenak hipoteken zergen inguruan azaroaren 5ean hartzen duen erabakia hartzen duela ere, jadanik ikusi dugu Espainiako Estatuan bankuek gobernatzen dutela, hau da, kapitalak.


2018-10-22 | ARGIA
ELBko lehendakaria eta Barkoxeko laborari bat epaituko dituzte ahate sanoak hiltzen ez uzteagatik

ELBko lehendakari Panpi Sainte-Marie Barkoxeko Ühartia etxaldeko nagusi Cathy Xabalgoiti Pauen epaituko dituzte azaroaren 5ean, hegaztien gripearen aferan etxalde hartako ahatek hiltzera joandako DDPP zerbitzuko funtzionarioei bidea itxi zietelako. Ondoren prefetaren aginduz ahate haiei egindako analisi guztiek erakutsi dute ahateak sano zeudela, baina hala ere Paueko prokuradoreak auzitara iritsi arteko onik ez du izan.


Antton Urrutikoetxea, bihotz 68tar bat

Geroztik Anttonek zenbat ez digu eman ARGIAkooi Estherrekin batera, hainbat etxetan Egutegiari eusten dioten oholetatik hasita askoz diru gehiago balio duten opari eskergaitzetara. Antton, fin eta dotorea, Antiguako bilbotar bikaina, espanturik gabeko euskaltzale zorrotza, ezkertiar makurrarazi ezina eta eskuzabala.


2018-10-22 | Iigo Igartua
Zumaiako Flisch-ak plastikoz beteta

Zumaiako Flysch-ak plastikoz beterik daudela erakusten duen bideoa birala bihurtu da azken orduetan.


2018-10-22 | Zero Zabor
Ikerlan berria Britainia Handian: erraustegiek isuritako karbonoak nola kaltetzen duen klima

UKWIN Britainia Handia Errausketarik Gabe koalizioak zabal du erraustegiek klimaren aldaketan daukaten eraginari buruzko ikerlan berria, zentratua –alde batera utzita ingurumenaren kutsatzea, gizakien osasun kalteak, eta beste eraginak– teknologia horrekin sortutako energiaren karbono balantzean. Emaitzek gezurtatzen dituze errausketaren propagandistek behin eta berriro plazaratzen dituzten kontuak.


2018-10-22 | ARGIA
Ryanair-ek emakume beltz bat tokiz aldarazi du, gizon zuri batek bere ondoan eseri nahi ez zuelako

Eraso arrazista bideoz grabatu zuen bidaiari batek. Hegazkin-konpainiaren jarrerak zalaparta sortu du ikusleen artean.


2018-10-22 | ARGIA
Bi eraso matxista eman dira asteburuan, Barakaldo eta Bilbon

Sexu erasoak izan dira biak. Kasu batean zein bestean, erasoa jasan duen emakumeak salaketa jarri du.


2018-10-22 | Iigo Igartua
Olatu erraldoia Donostian, euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko

Milaka pertsonak babestu du Orain Presoak dinamikak antolaturiko “inoizko manifestazio pluralena”, euskal presoen kartzelaratze auziari konponbidea ematea eskatzeko.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude