Bankuen irabaziak behera doaz nonahi, batzuek galerak ere badituzte, eta munduan itxi ere egin dira asko. Emilio Botin bankari espainiarrak “muga zeruan da” jaurti zuen 2006an pozarren. Urte horretan Espainiako bankuek irabazien errekorra egin zuten: 15.000 milioi euro. Bada, diru kopuru horixe bera da Suitzako bankuek azken sei hilabeteetan galdu dutena. Eta zerua denean infernua ere bada, teologo moderno zenbaitzuk ezetz badiote ere. Europako 10 banku garrantzitsuenek –BBVA eta Santander ezik– lehen hiruhilekoan iaz garai berean baino %99 gutxiago irabazi dute. Bai, ezaguna da finantza mundua krisi latza bizitzen ari dela munduan.
Elikagaien eremuan ere prezioek gora munduan. Arazo kronikoa izan arren, azken asteetan bereziki gosea munduan areagotzen ari dela barreiatu zen lau haizetara FAOren (Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundea) gailurra zela eta. Ezaguna zen ezin zuela ezer konpondu, baina porrota negargarria bezain lotsagarria izan da. Lorpenekin gosera –eta asko heriotzera– zigortzen dituzte 950 milioi pertsona. Noiz eta, erakunde beraren arabera, munduan 12.000 milioi pertsona elikatzeko lain dagoenean.
Eta hara non, Europan ere, garia, arroza eta beste labore batzuen murrizketak hasi dira. Petrolioa hobe ez aipatzea akaso, joan den astean anabasa ekarri zuen errepideetara eta: azken lau urteetan bere prezioa hirukoiztu egin da. 1973ko itzalak dantzan dira dagoeneko.
Dena doa gora bai, inflazioak dardara eragin du berriz ere Hegoaldean: Espainian 4,6 deitzen zaio horri eta gorako joera ei du. Horrexegatik, Europako Banku Zentralak interes tipoak igoko ei ditu uztailean. Eta ekainean 5,4raino igo du Euriborrak, beste errekor historikoa.
Haserreak ere gora egin du. Telebistan ikusitako Haiti eta Egiptoko matxinadak hemen dira jadanik, garraiolariak aurrean. Aspaldi ikusi barik ginen joan den asteko irudi asko, bai garraiolarien ekintzengatik eta baita polizi indarren erantzunagatik ere. Denak adierazten du izango direla gehiago.
Hori guztia non eta munduko toki oparoenetakoan. Hori ere banekien, baina Gaindegiak aurten atera dituen 2007ko datu sozio-ekonomikoek tinkotasunez iltzatu didate banekiena: Euskal Herriko Barne Produktu Gordinak pertsonako Europar Batasuna (EB) oso atzean uzten du (5.000 euro gehiago hemen) eta Japoniakoa ere aise gainditzen du. Gaizki banatutako oparotasuna ordea: gastu sozialean, adibidez, EBren batez bestekotik (2004an BPGren %21 ELAren datuetan) oso behera gaude (EAEn, %18, 9).
Testuinguru honetan guztian, asteko 48 lan ordu kopurua 65eraino luzatu nahi du EBk. Azken bi hamarkadetako gizarte babesaren murrizketa joera da. Beherapenak hasi besterik ez dira egin.