Bi ahizpa baino gehiago

  • Joar tontorra eta Kodeseko mendilerroa osatzen duten beste gailurrak Nafarroa, Araba eta Errioxaren gaineko talaia berdingabea dira. Ez dira erabat iristerrazak, eta horrek eta denboraren joanean higadurak bertako harriei emandako forma arraroek nolabaiteko misterio kutsuz janzten dute eremu osoa. “Sorginen leihoa”, “Infernuko zubia” eta “Mairuaren leizea” bezalako izenek ere laguntzen dute atmosfera berezia sortzen. Murgil gaitezen mundu magiko horretan.
Kodes mendilerroa
Kodes mendilerroa
Nafarroa eta Arabaren arteko mugan dagoen Kodes mendilerroko gailurrik garaiena Joar (1.416 m) izenez ezaguna da (Yoar, Yuar edo Ioar aldagaiak ere hartzen ditu). Gailurrean dagoen antena erraldoiak eta bertara iristeko eraikitako porlanezko pistak eremua pixka bat desitxuratu duten arren, oraindik ere igoera paregabeak eskaintzen ditu tontor honek.

Joar gailurraren eta Kodes mendilerroaren iparraldeko isurialdeak Kanpezuko harana (Araba) menderatzen du, eta edertasun handiko pagadi eta hariztiz beterik dago. Costalera (1.234 m) mendiaren ertz zorrotzetan, interes handikoak dira Dormida amildegia eta beste hainbat mendi zintzur. Hegoaldeko isurialdean, Nafarroan, artea eta zumela dira nagusi. Bertan Bi Ahizpak izeneko monolito erraldoiak aurki ditzakegu, Penitenteen ibarrean, Kodes mendilerroa berezi bilakatzen duen naturaren oparia.

Bi Ahizpen gailurrera heltzeko hainbat eskalada bide daude. Angel Landa eta Pedro Udaondok eskalatu zuten Ahizpa Zaharra lehenengoz, 1960an. Elezahar batek dioenaren arabera, Uxanuriko bi ahizpa lirateke Bi Ahizpak, ekaitz egun batean etxera berandu heldu eta euren amaordearen deiadarrek harri bilakatuak. Bi Ahizpek eta garrantzia gutxiagoko beste hainbat monolitok osatzen dute Penitenteen ibar ikusgarria, erlijio kutsua ematen diotelarik haran zirraragarri honi.

Penitenteen harana

Azuelo herrian hasiko dugu txangoa. Herriko goiko etxeetara jo eta herriaren irteera bilatuko dugu, parean ikusiko ditugun Bi Ahizpen monolitoetara zuzen jotzen duen hartxintxarrezko pista zabalean gora. Ezkerreko aldean Eraztunaren haitza hautemango dugu. Horren eta Bi Ahizpen monolitoen artean dago Penitenteen harana, Kodesera igotzeko aukeratu dugun bide paregabea.

Iturri baten albotik igaro eta malda gogortuz joango da etengabe. Poliki-poliki harana geroz eta itxiago bihurtuko da, alde banatan monolitoak eta parean sigi-saga igotzen den xenda bihurria dugula. Igoera ikusgarria da benetan. Tarteka, bi eskuez laguntzea eskatuko digu bideak, xenda ebakitzen duten harmaila batzuk gainditzeko. Joar gailurretik jaisteko baino igotzeko da bide hau egokiagoa, nolabaiteko zailtasuna duten igarobideak errazago gainditu ohi baitira gorakoan beherakoan baino. Eguraldi heze edo euritsua den egunetan, berriz, ez gorakoan, ez beherakoan: bide hau saihestea gomendatzen dugu, arriskutsu xamarra gerta daiteke eta.

Gorantz goazela, tarteka artadian ezkutatzen den bidexkak Punta Zuria (1.249 m) gailurra saihesten du ezkerreko aldetik, berau inguratu eta 1.226 metroko garaieran dagoen lepora iritsi arte. Behin hona iritsiz gero, Joar gailurrerainoko azken metroak gainditzea besterik ez zaigu faltako (1.416 m). Egun eguzkitsuetan ikuspegi zoragarriaz goza daiteke norabide guztietan. Ez baitira alferrik, bai Joar gailurra bai Kodes mendilerroa, oro har, garai bateko Nafarroa eta Gaztelako erresumen arteko muga naturala.

Aipatu bezala, ez da gomendagarriegia Azuelo herrira atzera Penitenteen ibarretik itzultzea, are gutxiago eguraldi nahasiarekin. Aukera seguruena Kodeseko Santutegira lasai jaisten den bideari jarraitzea da. Joar gailurra utzi eta handik gertu –iparraldeko isurialdean– dagoen pagadira barneratzen den bidetik joango gara; ondoren, pagaditik irtenda eta metroak azkar galduz, Llana lepora helduko gara (1.210 m).

Kodeseko Santutegirako jaitsierari ekin aurretik, La Plana gailurrera (1.337 m) igo gaitezke modu errazean. Handik Costaleraren gailurreriaren gaineko ikuspegi paregabeaz gozatzeko aukera edukiko dugu. La Planako gailurrera heltzeko, ertz zorrotz xamar bat jarraitu genezake, edo zatirik zorrotzena saihestu mendiaren iparraldeko isurialdetik doan bidexkari segika. Edozein kasutan, berriz ere Llana lepora itzuli beharko dugu Kodeseko Santutegira doan bide arrunta berreskuratzeko. Kanpezura jaitsi nahiko bagenu, Llana lepotik abiatzen den beste bidexka batetik abiatu beharko ginateke, baita Costalerako gailurreriara joan-etorria egin nahiko bagenu ere. Lepo estrategikoa da, inondik ere, Llanakoa.

Margo ikurrei jarraituz bizkor egingo dugu beherantz, eskuinean Cencerros orratz deigarria utziz; hura eskalatzen, mendilerroaren magalean dagoen Torralba del Rio herriko anaia bi zendu ziren 80ko hamarkadan. Santutegira hurbilduz goazen heinean, malda lasaitu egingo da. Behin santutegian, ikur zuri-gorriei jarraitu besterik ez dugu izango, ibilbide zirkular gogoangarria osatu ostean Azuelo herrira itzultzeko.

ASTEKARIA
2008ko ekainaren 01a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude