Xabier Etxaniz ErleAlex Larretxi
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Aldizkari honetan bertan euskal kazetari batek esan zuen sloganen herrian bizi garela eta, neurri handi batean, arrazoia duela uste dut. Eguneroko kontuei erreparatu beharrean askotan goi mailako eztabaidetan pasatzen dugu denbora eta horren ondorioz Espainiako bandera udalean dagoelako milaka lagun ateratzen dira kalera, baina udal horrek herritarren interesen kontrako etxebizitza planak aurrera eramatean, hiritarren zerbitzuak –kultur, kirol edo gizarte mailakoak– murriztean, orduan ia inork ez du kexarik egiten.
Bologna prozesuarekin, Unibertsitate ikasketak Europa mailan baliokidetzeko prozesuarekin, antzeko zerbait gertatzen dela uste dut. Hezkuntzaren merkantilizazioa, homogenizazioa eta pribatizazioa omen dakartza prozesu horrek. Horixe da, behintzat, Ikasle Abertzaleak beren web orrian dioena. Baina prozesu honen ondorioak dira horiek? Hemen inork ez du esaten unibertsitatearen tasak, esaterako, Jaurlaritzak erabakitzen dituela, inork ez du aipatzen ikasketa planak unibertsitate bakoitzak egin behar dituela bereak. Non dago homogenizazioa? Non pribatizazioa?
Oso bitxia da baina Euskal Herriko Unibertsitateetako irakasleen aldetik ez da Bologna prozesu honen kontrako mugimendurik. Are gehiago, euskaltzaleen artean, ezker abertzaleko irakasle askoren artean prozesu hau hobetzeko aukera moduan ikusi da. Hor daude Txoli Mateosek edo Xabier Isasik, adibidez, esandakoak.
Orain, ikasketa planak egiterakoan ez ditugu Madrildik jarritako irakasgaiak egin behar (indarrean dauden ikasketetan gertatzen dena), autonomia izango dugu hemen eta hemengo beharrei erantzunez ikasketak egiteko. Ni, Gasteizko Irakasleen U. Eskolako irakaslea naiz eta nire inguruan ikusten dut orain aukera bat dugula euskal curriculumean sakontzeko, erdal lerroak desagertzen joateko, etorkizun hurbileko irakasleak hobetzeko prestatzeko... eta, horrez gain, unibertsitate guztian irakasleok izan beharrean ikaslea izango da dozentziaren gune nagusia. Irakasgaiak ikasleak lortu behar dituen gaitasunen inguruan eraikiko dira (eskolak, bakarka nahiz taldekako lanak, liburutegietara bisitak, azterketak... kontuan izango dira).
Bolognako prozesua euskaldunok dugun aukera bat da. Oraingo egitura aldatu eta berri bat eraikitzeko, oraingoarekin ez gaudelako konforme... eta datorrena, neurri handi batean, gure esku dagoelako, unibertsitatean gauden guztion esku dagoelako. Eta Unibertsitateak –edozeinek, baita datorren euskal unibertsitatek– bete behar duen prozesua denez, agian esloganetatik proposamenetara pasatzeko ordua iritsi zaigu.