Eskuko telefono guztietatik mezu enkriptatuak bidaltzeko aukera dago jadanik, beti ere mezua bidaltzen duenak zein jasotzen duenak, sistema berdina erabili ez ezik, enkriptazio-kode bera baldin badute.
Simore izeneko enpresa SIM txartel bereziak erabiltzen hasi zen orain dela urte batzuk. Lehenengo berezitasuna txartel bikoitza da: bi txartel jartzen dira normalean bakarra sartzen dugun lekuan, eta horrela bi linea eskura izateko aukera du erabiltzaileak. Batetik bestera nahi bezala, eskuz edota automatikoki, igaro daiteke.
Joan den urtearen amaieran Simorek Gold bertsioa zabaldu zuen Europan. Hainbat sistemarekin bateragarria da, eta SMS enkriptatuak bidaltzeko aukera eskaini du lehen aldiz. Horretarako, erabiltzaileek enkriptazio-kodea adostu behar dute zortzi zifrako zenbaki baten bidez. Mezu enkriptatua jasotzen duen erabiltzaileak esanahirik gabeko ikurrak baino ez ditu ikusiko bere monitorean, eta enkriptazio-kodea sartu arte ez du benetako mezua ikusiko.
Sistemaren arrakastak bultzatuta, Simore-ren banatzaile esklusiboa den Stancom-eko zuzendariak, Franck Niewolinski-k, laster gailu interaktibo berria zabalduko dutela iragarri du, baina zertan datzan zehaztu gabe.