Kantariak gordin, sinple eta zuzen ateratzen dute barruan daramatena. Zure bihotz taupaden soinua da abesti bakoitzean entzuten duguna?
Ez beti. Batzuetan eszenifikatu edo berrinterpretatu egiten ditut sentimenduak. Ez dira beti momentuko esperientziak. Bizi ditudanak, oraindik bizi ez ditudanak, bizi nahiko nituzkeenak, gogoak, ametsak eta abar daude.
New York zure kantu askotan ageri da…
Bai, han ibili nintzen trikitilari. Brooklyngo etxe okupatu batean bizi izan nintzen eta trikitia metroan jotzen nuen, baina ez nintzen hara folklorista moduan joan. Izugarria izan zen han ezagutu nuena: okupazio mugimendu indartsua, erakusketa aretoak, CBGB…
… eta hain arrasto handia utzi zuen zugan?
Bai. Beti dago presente. Niretzat aldaketa irudikatzen du, Galileok mundua borobila zela esan zuenean bezala. Niretzat Laudio eta Bilbo bakarrik existitzen ziren, eta han kultura zabala aurkitu nuen. Handik bueltan frustrazioa izan nuen, hemen kulturari ez diogulako halako tratamendurik ematen.
Gaztelupeko Hotsak diskoetxetik Politburo Recording Fiascora pasa zara…
Bai, askoz erosoago nago, Politburokoek musika beste modu batera maite dute, nik bezala; eta ildo alternatiboan gustura nago. Hala ere, argi daukat nire lana jendearengana heltzea nahi dudala. Niretzat musika ezinbestekoa da, terapeutikoa, baina ez baduzu errealitate ukigarri bat ikusten, ematen du uneoro automedikatzen ari zarela. Nik espresatu egin nahi dut.
Diskoko kantuak biluziegi aurkeztu dituzula esango nuke.
Ez dakit. Aurretik Mara izenarekin egin nuena oso barrokoa iruditu zitzaidan. Orain informazio hori guztia nire eskuetan sintetizatu nahi nuen, pianoan. Gainera, kontzertuak egiteko askoz errazagoa da, ia ez dut ezer behar. Horrela antzezgarritasun handiagoa du, eta nik malenkoniak bere edertasun kutsua daukala errebindikatu nahi dut.