«Autonomia hitza geureganatuz tabua hautsi dugu»

  • 1970, Izura-Azme (Baxenabarre). Batasuneko kidea. Kide eta arduraduna, berak azpimarratu bezala. Izan ere, Batasuneko Mahai Nazionala ia osorik espetxeratuta dago. Baiona Berria taldeko zinegotzia izana aurreko legealdian, Baionako Udaletik at geratu da azken hauteskundeen ondoren. Alta bada, Batasuneko eledun bipil honek ez du eremu eskasik lantzeko, ez horixe.
Xabi Larralde
Xabi LarraldeGaizka Iroz
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Xabi Larralderen aburuz Iparraldeko udal eta kantonamenduetako azken bozak mugimendu abertzalearen prozesu historikoaren perspektibatik baloratu behar dira. EHBai hautagaitza –azken hogei urteko ibilbidearen ondoren– inflexio puntura iritsi da. Ekimena berria da, gaztea oraino, garapen eta bilakabide fasean.

Baionako hautetsi izan zinen martxora arte Baiona Berria taldearen izenean. Herriko Etxetik at geratu zara orain.


Bai, abertzaleok udaletik kanpo gelditu gara, baina funtsean, duela sei urte baino 170 boz gutxiago erdietsi dugu. Baiona 45.000 biztanleko hiria da, perspektiba luze batetik so eginda, sostengu bera atxiki dugu. 1995era arte gainera, abertzaleok Berdeekin aurkeztu ginen. Bozen %7a lortu dugu aldion, baina ez dugu ordezkaririk erdietsi bigarren itzulia behar izan delako. Sistema ez aski demokratiko eta desorekatu honek indar txikiak kanpo uzten ditu.

BAM (Baiona-Angelu-Miarritze) eremu zaila da abertzaleentzat edonola ere.


Bai. Gainera Miarritze eta Angelun abertzaleak eskuinarekin joan dira. Proiektu abertzalearen garapen bidean BAM da gehien landu beharreko eremua. Iparraldeko populazioaren %50 hemen dago eta bertan kokatzen da jende heldu berri gehiena. Udal eta kantonamenduetako emaitzak halere, testuinguru zailean, positiboak izan dira, eta areago BAMen. Honek gogoeta eta lan gehiago egitea eskatzen digu.

Peio Claverie –Miarritzeko hautetsia– kritikoa da abertzaleen ezker moldearekin. Eskuinaren alternatiba, abertzaleen eta ezker frantsesaren arteko akordioen bidez etorriko dela dio.


Printzipioetan ados izan gaitezke. Ezkerreko abertzaleok alternatiba soziala eraiki behar dugu, lan horretan zentratu behar dugu, ez soilik horretan noski, baina gure zeregin nagusietariko bat da. Areago, arazo sozialak hirietan biderkatzen direlako. Mugimendu abertzalearen hautu estrategiko garrantzizko bat hirigunetan dago. Nik ezker-ezkerreko taldeekin harremana hobesten dut, LCRrekin esaterako. Iparraldean, eta BAMen bereziki, oraindik ez da ongi ulertzen abertzaleen ezkerreko proiektua. Baionara 1.000 pertsona berri heldu da urtero bizitzera. Garapen erritmo honetan, ezkertiarrak izanda ere, gehienek ez dute baitezpada mugimendu abertzalea ezagutzen. BAMen aitzinatzea funtsezkoa da gure proiektuaren garapenerako.

“Iparraldean abertzaleak gako bihurtu dira” esan du Batasunak. Abertzaleak gako dira, baino beren proiektua argitzeko tenorea heldu zaiela diote batzuek.


Erran nahi baita, indar politiko sinesgarria bihurtu garen unean, sinesgarritasuna irabazi behar dugula gure edukietan, herritarrei proposatzen diegun gizarte eredua gehiago landu behar dugula. Garapen honek ezkerraren parametroen arabera aritzea eskatzen digu, gure ahotsa entzunarazi behar dugu proposamen zehatzagoak eginez.


Zernolako esperientzia izan duzue EHBain, kanpainan zehar?


EHBairen esperientzia positiboa izan da. Kanpainari buruzko lerroak adostu genituen horretarako. Abertzaleok kontseilari nagusiak lortzea xede badugu ere, gu ukatzen gaituen erakunderako –Paueko Kontseilu Nagusia– bozak direla erakutsi nahi izan dugu kanpainan. Batasunaren xedeetako bat hauteskundeetan Euskal Herriaren ukatze instituzionala salatzea zen, baita gure eskumenak bilduko dituen instituzioaren aldarrikapena egitea ere. Guk aldarrikapen horri Autonomia deitzen diogu.


ETAk PSE-EEko Isaias Carrasco hil zuen kanpainan. Nola bizi zenuten EHBain?


Iritzi askotariko kideak gaude EHBain, eta ez ditugu baitezpada irakurketa berdinak egiten gertakari hauetaz. Kontsentsuzko jarrera bat hartu genuen, bakoitzari bere adierazpen askatasuna utziz. Elkarrekin ari gara eta elkarlanerako gakoa hori da, bakoitzak bere jarrerak ditu-eta.

Autonomia aipatu duzu. EHBaik autonomia proposatzen du?


Ez hitz horrekin. Berezko egitura eskatzen du, eskumen zabalez hornituta.

Berezko instituzio bat?


Bai. Baina ez departamendua ere. Departamendu batek dituen eskumenak baino zabalagoak eskatzen ditugu. Eskumen zabaleko instituzio espezifikoa adostu dugu EHBain. Gero bakoitzak egitura hori, molde batez edo bestez izendatzen du. Guk, Batasunak, autonomia dela diogu. Autonomiak berezko pisua duela defendatzen dugu. Ez kontzeptu bezala soilik, mugimendu abertzalearen bilakaeran ulertua baizik. Batasunak, urte luzez, hitz horrekiko errezeloa izan du, errezelo bikoitza: Gernikako Estatutu peko autonomia onartzen ez dugulako eta IK eta EMA aitzindariak izan zirelako autonomia aldarria defendatzen. Autonomia geureganatuz, autonomia hitzaren tabua hautsi dugu Batasunan.

Baita nahasmena eragin ere une batez.


Alderdi bakoitzak, bere ibilbidearen eta esperientziaren arabera, hitz bakoitzari karga ezberdina ematen dio. Jarrera denak dira ulergarriak eta errespetagarriak. Iraganeko zauriak itxi behar ditugu eta herritar xumeek ulertzen duten hitzekin mintzatu. Abertzale batek independentzia du helburu, baina ez dugu orain hori egunero aipatuko. Departamenduari lotzeak ez gaitu ere abertzale egiten. Euskal Herriak behar duen onarpen politiko instituzionalaren alde borrokatzeak egiten gaitu abertzale. Uneon, autonomia izan daiteke. Iraganeko karga sentimentala garbitu eta aurreiritzirik gabe hitz egin behar dugu eta ez da erraza. Alta, jendeak ohartu behar du gatazkaren konponketarako Batasunak Autonomia Estatutu bat mahai gaineratu duela. Guk ere autonomia hitzarekin borrokatu dugu, uneon kontzeptu ulergarria behar dugulako.


Alain Iriart kontseilari berria da. Zuk ordezkari abertzaletzat jotzen duzu?


Bai eta ez, zalantzekin. Iriartek abertzale marka baztertu du hauteskundeetan. EHBain joateko proposamenari uko egin zion. Gero eskuinarekin nolabaiteko akordioa zuela ikusi dugu. Eskuinak ez zion hautagairik jarri lehian. Erabaki hori onetsia izan zen UMPko biltzarrean Michelle Alliot-Marie buru izanda. Frantziako Barne ministroak onartu zuen bere alderdiko hautagairik ez egotea Alain Iriarti bidea libre uzteko.

Tratua izan dela diozu?


Bai. Jean-Jacques Lasserrek Iriarten kanpaina sostengatzen zuela esan zuen, beraz, tratua agerikoa da. Areago, Iriartek abertzalearen etiketa baztertu du, jakinik une honetan abertzale batzuk Hegoaldean urtetako espetxealdira eramanak direla. Independente bezala joan da abertzalea izatea larrutik ordaintzen den uneon: 18/98, AAB eta Udalbiltza auziak lekuko.

Posibilismoaren bidea hautatu du...


Edo kontseilari izateko nahia...

Agian bere xedeak gauzatzeko aukera ikusten du bide horretan.


Ni edukiaz ari naiz. Iriart abertzalea da, militante historikoa, lan izugarria egindakoa. Ados. Kontseilaria izateko ordea, abertzaletasuna bazter utzi du. Lasserreri Paueko lehendakaritza emateko tratua agerian geratu da. Zertarako balio du eguneroko borrokak? Laborantza Ganbera, 2x2 autobidea, onarpen instituzionala edo OGM-JAOren (Organisme Génétiquement Modifié/Jitez Aldatutako Organismoa) aurkako borroka, borroka horietan arerio agerikoenetako bat Jean-Jacques bera izaki.

(...)


Barnealdeko aktibitate oinarrizkoena laborantza da, laborantzaren salbatzeak produktibista ez den laborantza mota garatzea eskatzen du. ELBren hari gorria da hori, proiektuaren ardatza. Batasuna bat dator horretan. Baserri mundua erortzen bada gure izate eta kulturaren puska handia galduko dugu. Lasserre Lur Berri kooperatibako lehendakaria izan zen. Berak jarri zuen abian JAOren erabilpena. “Zuek parametro ideologikoetan baino ez zarete mugitzen, Iriart abertzalea da” esaten digute. Baina Iriartek Lasserreri eman dio boza eta Lasserre abertzaleek azken urtetan eraman dituzten borrokaren aurkako ikur nagusia da, Euskal Herria bizi dadin borrokaren aurkari nagusia.


Jean Mixel Galant-ek berriz galdu du kontseilari kargua.


Kontseilari abertzale bakarra galdu dugu. Domaia da, baina galera erlatibizatu behar dugu. Galantek boz gehiago bildu du 2003ko bozetan baino. Hautatua izan zenean eskuinak bi hautagaitza atxiki zituen bigarren itzulian. Aldi honetan eskuinak abertzaleen aurka bota duen pultsua izugarria izan da. Nork gidaturik? Lasserrek. Bera ibili da bazterrak mugitzen Galanti aurre egiteko. Eskuinak ez du abertzale kontseilari bakar bat bera ere Pauen izatea nahi. Errealitateak erakutsi digu Galanten eta Iriarten arteko hautuaren ondorioa zein izan den. Balantzaren bi aldeak dira: Galant abertzaletasuna asumituz Iriarten lagunen are etsaiagoa bihurtu da. Iriartek abertzale marka bazter utzi duenez, ez. Lasserreri gauza asko egozten ahal diogu, baina ez tonto izatea.


Batzuek pertsonen nortasuna eta sistemarena bereiztea beharrezko ikusten dute politikan.


Ados. Baina politikaria sistemaren arauen baitan aritzen da. Alain Iriart pertsona zintzoa eta ona izan daiteke, kalitate handikoa. Politikoki berarekin ados ez egoteak ez du berari buruz pertsona bezala daukagun iritzia ezabatzen. Baina bere burua sisteman kokatzeko egin duen hautua gogor kritikatu dugu, ez gara estrategikoki ados. Eta honek ez du kentzen berarekiko errespetua. Nik balorazio politikoa egin dut, ez pertsonari buruzkoa.


Abertzaleok koherentzia atxiki behar omen duzue politikagintzan, baina inkoherentziak “onartzen” ere ikasi.


Karl Marxek esan zuen prozesuak dialektikoak direla. Dena ez dela arras beltz edo zuri. Ados. Baina politika ez da bakarrik instituzioen eremua, bada ere gizarte zibila, karrikako lana eta borroka, bere zentzu onean ulertuta. Ekimen politikoak perspektiban eta denboran kokatu behar dira. “Lan lasterra lan alferra” dio erran zahar batek. Guk herri hau funtsezko klabeen arabera eraiki nahi dugu edo bizirik iraun dezan bederen, areago Iparraldearen kasuan, baita salbatu ahal izateko ere. Hemen Euskal Herria salbatzeko borrokan ari gara.

Azkenak
Astebeteko liskarren ondoren, Thailandiak eta Kanbodiak su-eten akordio bat sinatu dute

Duela astebete, bien arteko mugan Thailandiako eta Kanbodiako tropak elkarri eraso egiten hasi ziren, Frantziaren kolonizazio aldian jatorria duen gatazka berpiztuta. Bi herrialdeek "berehalako eta baldintzarik gabeko" su-etena ezartzea adostu dute astelehenean, 35... [+]


Zuzenean eta zeharka 434.000 palestinar hil ditu Israelek 2023ko urritik, Gazako biztanleriaren %20, kalkulu baten arabera

The Lancet aldizkari ezagunak iazko uztailean eginiko "aurreikuspen zuhurraren" ondoren, zuzenean eta zeharka Gazan hilda egon daitezkeen palestinarren kopurua eguneratu du Steven Donziger abokatu entzutetsu estatubatuarrak, The Lancet-en formula... [+]


Europa makurrarazi du Trumpek
AEBek Europako produktuei %15eko muga-zergak ipiniko dizkie, eta alderantziz ezer ere ez

Horrez gain, Europa behartu egin du gasa AEBei erostera, 750.000 milioi euro xahutu beharko ditu horretan datozen hiru urteotan; beste 600.000 milioi euro gehiago inbertitu beharko ditu han, "inbertsio estrategikoetan"; eta, "ehunka milioi euro", zehaztapen... [+]


Agur esan du Hatortxu Rockek, baina segida izango du abenduan: Aske jaialdia

Lau egunez Lakuntza milaka lagunez bete du Hatortxu Rockek. Aurtengo edizioak presoen aldeko jaialdiaren bideari amaiera eman dio. Hala ere, abenduak 27rako jaialdi berria iragarri dute: Aske.


Gosez hiltzen ari gara

Nire gorputza erortzen ari da. Ama kolapsatzen ari da nekeak jota. Nire lehengusuak egunero jokatzen du bizitza laguntza pixka baten truke. Gazako haurrak gure begien aurrean hiltzen ari dira eta ezin diegu lagundu.


2025-07-28 | Hala Bedi
Gasteizko kanpaldian jasandako Poliziaren bortizkeria salatu dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak

GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak salatu dute Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak gogor kargatu zutela "giro lasaian" egiten ari ziren ekimenaren aurka. Lau atxilotu, 11 identifikatu eta hamarnaka zauritu utzi zituzten Poliziaren esku hartzeari buruzko bestelako... [+]


Janaria sartzeko “10 orduko etenak” iragarri ditu Israelek, Gazan 100.000 haur desnutrizio arriskuan daudelako

"Pausa taktiko" gisa definitu ditu Israelek. Igandean hasi da eta 35 kamioi sartu dira Gazako zerrendara.


Espetxetik irten da Georges Abdallah, Europan espetxean denbora gehien zeraman preso politikoa

40 urte pasatxoko espetxealdiaren ostean, joan den ostiralean atera zuten espetxetik, eta segituan Libanora eraman, bere jaioterrira. Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatu zuten. Inoiz ez... [+]


2025-07-28 | Gedar
Arrazakeriarekin lotu ziren iazko gorroto-delituen ia erdia Espainiako Estatuan

%37 genero- eta sexu-diskriminazio kasuekin loturik egon ziren, eta aporofobia %33 hazi zen. Gorroto-delituen intzidentzia tasarik altuena Nafarroan identifikatu zuten iaz.


Umezurtz geratu diren Palestinako haurrei eskolak ziurtatzeko 41.000 euro bideratuko ditu Salam Gaza erakundeak

Nafarroako Kutxa Fundazioari esker 41.000 euro bideratuko ditu Palestinara Salam Gaza Gobernuz Kanpoko Erakundeak, umezurtz geratu diren haurrei eskolak bermatzeko gutxienez beste urtebetez. Alor akademikoa eskaintzeaz gainera, babes psikologikoa eta laguntza emozionala... [+]


Paul Urkijoren ‘Gaua’ hurrengo filmaren soinu bandaren grabaketan parte hartu du Aiaraldeko Iaiaiai taldeak

Irrintzi eta performance taldeak aste honetan egin ditu grabaketak Paul Urkijoren eta Mursegoren eta Aran Callejaren gidaritzapean, eta beste artista batzuekin elkarlanean, Ibon RG-rekin besteak beste. Sitgeseko zinema jaialdian estreinatuko dute pelikula, urrian.


Octavio Alberola zendu da, Donostian Franco hiltzen saiatu zen anarkista

1962ko udan, CNT Francisco Franco diktadorea hiltzen saiatu zen Donostian, ETAren laguntzarekin. Octavio Alberola anarkistak koordinatu zuen ekintza, baina huts egin zuten.


Sendabelarrak oliotan

Sendabelarra oliotan beratzeaz ariko gara baina ukendurik egin gabe. Bai, arraroa dirudi baina sendabelar freskoak oliotan beratu, iragazi eta erle argizaria ipinita ukendua egiten ikasi duenari olioarekin beste era batera lan egitea badagoela esan nahi nioke. Oleato edo olio... [+]


Eskuz eta banaka

Udan, Sargazoen itsasoan (Ipar Amerikako ekialdean) eme bakoitzak 2-3 milioi arrautza askatuko ditu. Baten batek bizirauterik badu, bi hilabeteren baitan ekialderantz igerian hasi eta urte erdi izaterako Azore uharteetara helduko da. Bertan elikatu eta haziko da, urtebeterekin,... [+]


Eguneraketa berriak daude