Zorionak, Kong

  • King Kong. AEB, 1933. Zuzendariak: Merian C. Cooper, Ernest C. Schoedsack. Aktoreak: Fay Wray, Robert Armstrong, Bruce Cabot, Frank Reicher. 104 min.

    “Eta orduan, piztiak ederraren aurpegia begiratu zuen. Eta bere eskuek hiltzeari utzi zioten. Egun hartatik aurrera, heriotzara kondenatu zuen bere burua”, dio King Kong film originalaren hasierako errefrau arabiarrak.
King Kong
King Kong
Kong erregea, ordea, ez da hil. Aitzitik, martxoan 75 urte bete berri ditu eta jubilaziotik urrun da oraindik: 1933an Manhattango Radio City Music Hallen estreinatu zutenetik, zinematografiaren historiako piztiarik ezagun eta maitagarrienetakoa komiki, marrazki bizidun, telesail, bideojoko, panpina eta beste makina bat gauza bilakatu dute. Filmaren remake ugari ere egin dituzte: Godzilla beldurgarriaren aurka borrokan jarri zuen Ishiro Honda japoniarrak eta 2005ean efektu bereziz betetako azken bertsioa kaleratu zuen Peter Jacksonek.

Horren guztiaren gainetik, kultura garaikideko ikonoa da King Kong. Emakume ederrarekin maitemindu zen munstro bakartia; gizakiek bere bizilekutik atera eta hiritar kuriosoentzako ikuskizun bihurtu nahi izan zutena; Manhattango ingurune arrotzean zoratu zenean, Empire State famatuan akabatu zuten tximinoa.

Interpretazio franko egin izan dizkiote istorioari: batzuen arabera, naturari eragiten dizkiogun ekintzak gizakion kontra jartzen direla azpimarratzen du filmak; besteen esanetan, inposatutako arauen aurkako oihu aske eta borrokalaria da King Kong. Kolonialismoa, arrazismoa edo sexismoa bezalako gaiak ere ukitzen ditu pelikulak. Zeinek daki, AEBetako Depresio garaian, arazoez ahazteko ihesbide atsegina izateko asmoa baino ez zuen izango agian. Kontuak kontu, une hartarako aurrerakoiak ziren efektu bereziez gain, irudi liriko eta indartsuak utzi dizkigu 1933ko pelikula honek. Garaiko eraikinik altuena konkistatu ostean zulora jausten den munstroaren imajina gogoangarria da.

Hain juxtu, New York zinemarako eszenatoki oso interesgarria izan zitekeela deskubritzen lehenetarikoa izan zen King Kong eta horregatik Garezurraren Irlako izaki erraldoiari estimu berezia diote New Yorkeko biztanleek. Hiri horretan, urteurrena ospatzeko Fay Wray ederraren oihuak imitatzeko garrasi lehiaketa antolatu zuten eta film originala proiektatu. Dudarik gabe, pelikula klasiko hau ikusteko aitzakia ezin hobea izan daiteke urtemuga.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude