David AnautKarlos Corbella
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Nago, euskaldunon kasuan ez ote dagoen batzuetan gauza bera gertatzeko arriskua. Azalduko dut: sarritan esan dugu kalitateko hiztunak behar ditugula erreferentzia gisa. Nik neronek ere esan eta idatzi izan dut hori bera, hala pentsatzen dudalako. Hizkuntza ongi eta egoki erabiliko duten hiztunak behar ditugu hizkuntza-komunitatearentzat erreferentziazko diren kokaguneetan (kazetariak, politikariak, kultur-ekoizleak, idazleak, pertsona ezagunak oro har…).
Horrela eginez gero, ordea, eta erreferentzia gisa horiek eta horiek bakarrik gehiegi markatuz gero, horien hizkuntza-jarduna eskuraezin irudituko zaio askori, batez ere hizkuntzarekin trakets antza dabilen askori. Eta eredu “onegi” horrek, mendizalea Himalaiako ibiltariak bezala, agian ez du euskalduna euskarara hurbilduko eta euskaraz egitera motibatuko.
Alegia, eredu oso on eta hiztun oso trebeez gainera, baliteke hizkera arrunt eta luzimendurik gabeko ereduak ere beharrezkoak izatea. Eta ez du horrek esan nahi duintasunik gabeko ereduak izan behar dutenik. Ez naiz euskañolaren eta hizkera baldarraren apologia egiten hasiko (ez behintzat gaiari buelta gehiago eman gabe), baina mendizaleak esperientzia eta ibilbide samurragoak behar eta estimatzen dituen bezala, akaso hiztunak ere lorgarritzat joko dituen erregistroak eta hizketa-moldeak ere baloratuak eta onargarriak direla sentitu behar du. Hitz-gakoa, akaso, “naturaltasuna” da. Alegia, hiztun bikainaren eta jasoaren labela izan gabe ere, natural, eroso –eta duin?– agertzen den hiztun arruntaren eredua.
Hortik abiatuta, agian ez da hain zaila inoiz are “hiztun txarraren” ereduaren beharra eta komenigarritasuna ere zuritzera iristea. Ez dut nik halakorik eginen, ez bainaiz horrelako ondorioetara iritsi, baina uste dut, bestalde, hiztunak erabilerara erakartzeko akaso eraginkorragoa dela euskararen erabilera apala, naturala, eta erosoa aditzea, –aparteko distirarik gabekoa bada ere– jasoaren jasoaz pedantea eta nekosoa bihurtzen den hizkera kargatua baino.