Toni Mollá kazetariak gipuzkoaeuskara.net webgunean, Chang-Rae Lee hego korearraren Native Speaker (Ama hizkuntzan) liburua ekarri digu gogora. Duela urte batzuk argitaratu eta hainbat sari irabazi duen liburuko protagonista New Yorken bizi da, etorkina da eta identitate berria aurkitzen saiatzen ari da. Arrotz sentituko da, ordea, etxe orratzen hiri konplexuan. Molláren gogoko da liburua, eleberriak hartzen duen eremu geografikoa, New York, gainditzen duen balio unibertsaleko edukia duelako. Liburuaren pasarte batean hala dio Lee idazleak: “Toki liluragarri horietan sartzeko, iritsi berriek oinarrizko latina ikasi behar dute. Beren antzinako hizkuntzak isilarazi, ezpainak moteldu. Estatu Batuetako hiriaren garrasi heterogeneoak entzun”. Eta hauxe Mollák egindako hausnarketa: “Komenigarria litzateke, alarmismo gehiegirik gabe, gure hizkuntzen lokalismo (edo beste gabe, baserritarkeria) gero eta handiagoaz hausnartzea, eta zergatik baztertuak izan diren zeregin urbano eta globaletatik. Zer leku dugun herri globalean eta zergatik gauden (des)konektaturik munduko sare soziolinguistikoetatik”.