e.etxe bat Antxonentzat (Miel A. Elustondo)


2008ko otsailaren 24an
Itsasoz bestaldera nindoan, hegaldi pisuaren zama arindu nahi eta liburua aletzen. Irakurtzen. Dagokigun gaiaz zeharo apartekoa, nire kautan. Gatibu sortu nintzen, Jokin Urain egile. Antxon Garcia del Molinoren bizitza kronika nahi baino gehiagotan latza, Dueñasko (Palentzia, Espainia) La Moraleja kartzelan biak elkarrekin zeuden garaian idatzia. Orrialdez orrialde irakurtzen ari eta hurrengo atala: “Fusilamenduak”. Eta gure gaira ekarri nau bertako lehenengo paragrafoak: “Centro Vascora ez nintzen ia azaldu ere egiten, noizean behin besterik ez: Santo Tomas egunez, Urte Zaharrean eta horrelakoetan, baina askoz gehiagotan ez. Han ez zegoen giro abertzalerik. Beste ingurune batean ibili ohi ginen gure taldetxokoak; Bilboko Arnaizen inprimategian elkartzen ginen lanaren ondoren, zahar eta gazte. Tabernetara joan, garagardoren bat hartu, berriketan egin…”. Caracasen ari da Molino, 1975eko fusilatzeak oroimenean. Ez zela tartean baizik euskal etxera (‘e.etxe’ hemendik atzera) azaltzen, han giro abertzalerik ez eta.

Hori da, beharbada, Euskal Herrian jaiook erbestera joan eta dugun makurra: etxeko betaurrekoak baliatzen ditugu nonahi eta beti. Eguzki-betaurrekoak janzten ditugu, nekerik gabe. Aldiz, ez dugu asmatzen erbesteko euskal herria ikusten lagunduko liguketen antiojorik eramaten.

Turbulentziak ditugu. Hegazkinaren dardara. Ez dago begiak liburuan iltzatuko dituenik. Hertsi ditut momentuko. Azkena hitz egin dudan australiarra etorri zait gogora. Miren Goikoetxea. Bermeoko euskaran mintzo den sidneytarra. Haren e.etxea eta, Molinarenaz bestelakoa. Ehun bat bazkide direla Sidneyko Gure Txokon. Euskaldun askorik ez dagoela han. Txikitan, bertan igaro ohi zituela Mirenek eguberri jaiak eta domekak. Pilotalekua ere baduela eta sasoi batean txapelketak ere egiten zituztela. Ordea, joanak direla zaharrak eta pilotaririk ez dela harrezkero… Miren Goikoetxea euskaraz hazia da etxean, ingelesez kanpoan, noiz australiartzat noiz euskalduntzat dauka bere burua, “egunaren arabera”, eta ez bide dio e.etxeari eskatzen eskaini diona besterik: euskaldun jatorrikoen biltoki izatea.

Oroit naiz Renotik Boisera egin nuen azkeneko bidaia. Idahoko hiriburuan eman nuen asteburua. E.etxean nintzen igande arratsaldean, Oregonen famatu egindako Mateo Osa boxeolariaren arreba Margaritarekin berriketan. Laster, guk nahi baino lehenago betiere, burrunba. Gazte koadrila, soinu handi eta pandero, dantzan trebatzen. Igande bazkalondoa, Boise, gazte andana, soinu eta pandero, Euskal Herrian bertako dantza taldea iduri. Eta ama lurrean jaioak garenon ohiko pentsamendua: “Dantzan ikasten bai, ari dira; euskaldunen seme-alaba edo loba dira, bai, nola deituraren jatorra inori ukatu; Basque Center-eko kide dira, eta etorkizun oparo… baina zer dakite, bada, Euskal Herriaz? Ez dira inoiz han izanak, euskaraz ez dakite hizkuntza zaharra dela besterik, ez dira abertzale, ez euskaltzale, ez euskal herritar… euskal-amerikar dira Boiseko e.etxe izen onekoan, National Geographic-en agertzeko moduko estanpa alaian”. Dantzan ari diren gelaz bestera, “egiazko euskaldunak”, Bizkaitik emigratu zuten semeak –andreak etxean lagata, nonbait–, tragoa egiten edo jokoan, bizkaiera zarratuan ari dira…

Molinotarrek, Goikoetxeak, Boiseko neska-mutil gazteek… denek ere nola-halako biltoki dute e.etxea, muga guztiak gorabehera. Izatez, deserrian diren euskaldunen bilgune nagusia da e.etxea, jan eta edan eta erretolikan jarduteko leku lehena, elkarrekin harremanetan sartzeko foroa, euskaltasuna gauzatzeko plaza, euskal izatea gatzatzen deneko larraina…

San Frantzisko, Boise, Mexiko Hiria, New York, Habana, Bogota, Valladolid, Bartzelona… zer dute euskaldunek e.etxea, larrain hori baino? E.etxerik ez duten herrietan, zer dituzte bateko eta besteko taberna jakinek, zer dugu Molinoren “Bilboko Arnaizen inprimategia” Caracasen, zer Bar Gernika Boisen, Inclan frontoia Mexiko hirian, Matxitxa’s korner Habana erdian… Atzerrian diren euskaldunen babes eta aterpe, ondoko belaunaldien arrago… Horrela diote e.etxe gehien-gehienen estatutuek ere. Horixe nahi.
Erbesteko e.etxeak e.etxe, asmo berean direla begitantzen zait Euskal Herrian bertan ere halako eta halako elkarte, honako kafe antzoki eta besteko elkarte… Pirinio bazterreko gure herrietan ere, askok e.etxea dute amets, ez dute, nonbait, non gatzatu euskaltasuna… Gure artean bizi den hamaikak egiten du bat horretan munduan sakabanaturik bizi diren e.etxeko euskaldunekin. “Diasporan bizi gara geure lurrean bertan ere”. Esanda dago lehenago ere...

Molinori ez dio balio Caracaseko e.etxeak. Aldiz, on du Arnaizen inprimategia, Bilbokoarena. Bikaina! Izan ere, e.etxeak dituzten herriak baino hagitzez haboro dira gisako aterperik ez dutenak. Ordea, denetan da “Arnaizen inprimategi” bat, taberna edo jatetxe itxuran, gehienetan. Euskaldun izaten laguntzen duten babesguneak, e.etxe jatorren egitasmorik eta ekitaldi sorta antolatzeko ahalmenik ez badute ere. Hostope bat, bederen, e.etxea.

Ez naiz momentuan bertan jabetu baina atzean utziak izan behar ditugu turbulentziak. Gatibu sortu nintzen. Berriz heldu diot. Presondegiko e.etxean naiz. Zain ditut Antxon, Koldo, Jokin…  

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude