Urtebete atzeratu den omenaldia

  • Artearen historia modernoan ezinbesteko pertsonaia da. Baina bere emazte eta ikasle izan zen Frida Kahloren itzalean, atzerapenez ospatzen ari dira mexikarrak Diego Rivera muralgile handiaren heriotzaren 50. urteurrena.
Diego Rivera
Diego Riveraren koadro bat
“Bere lanetan autoerretratuak ezkutatzea gustuko zuen”, esan dio gidak hormari zur eta lur begiratzen dion atzerritar jubilatu taldeari; “ea topatzen duzuen”. Bi minutuko tartearen ostean, hatza luzatu eta artaburuak eskuan dituen indigenak bizkarrean daraman haurra erakutsi du, esanez: “halako zapo begiekin zein bestela, Diego ez bada?”.

1945ean amaitu zuen Diego Riverak Mexiko Hiriko Jauregi Nazionalean garai aurrehispanikoa erretratatzen duen mural erraldoia; Distritu Federalean marraztu zituenetatik bisitari gehien dituena.

“Gaur jende dezente dabil”, aipatu du Cuauhtémoc Lópezek, azken bost urteetan obra itzelaren nondik norakoak azalduz soldata osatzen duen gidak. Bat-batean, Arte Ederren museoan muralgilearen emaztea izan zenaren atzera begirakoa ikusteko itxaron behar izan nituen lau orduak etorri zaizkit gogora. “Jende dezente?”.

“Noski, Diego ez da Frida”, erantzun dio Lópezek, despistatuta dabilela uste duenari.

Akaso ez zaio arrazoirik faltako. Diego ez da Frida. Eta 2007ak hori erakusten duten pasarte mordoxka bat laga ditu.

Fridaren senarra

Iaz artista bien urteurrena izan bazen ere –Kahlo jaio zela 100 urte, eta Rivera hil zeneko 50 ospatzen ziren–, Frida Kahlori zuzendutako omenaldiz jantzi zen hiria. Metrobusa bere koadroen kopiez hornitu zuten, liburu sorta argitaratu zuten, kamisetak salgai ziren nonahi.

Hiriko museoek ere urteko lehen hilabeteetan egin zioten tartea Frida Kahlori. Diego Riveraren gorazarre nazionalak 2008 hartu dute bete-betean, berari zuzendutako erakusketen ateak joan den urteko azken egunetan zabaldu arren. Atzerapenarekin, beraz: bere ilustrazioak otsailaren 23ra arte daude erakusgai, eta 24ra arte bere idazkiak; akuarela lanak berriz, martxoaren 9ra arte ikus daitezke, eta San Carlos akademian ikasle zela egindako lehen margoak martxoaren 30era arte.

Baina Frida Kahloren itzala pasa den urtean Arte Ederren museoak eskainitako atzera begirakoetan nabarmendu zen gehien. Kahlorenak 450.000 bisitari izan zituen, eta Riverarenak erdia: 274.000.

“Frida Kahlok geriza egin Diego Riverari?”, galdetu du, modu erretorikoan, bi erakusketen komunikazioaz arduratu zen Francisco Avilések; “dimentsio artistikoaz ari al zara?”. Besteri erantzuteko tarterik eman gabe, azaldu du: “Arteari dagokionean ezin konpara daitezke. Artista emankorrik badago, Rivera da hori. Frida ezagunagoa izango da, akaso, baina ez garrantzitsuagoa. Marketin kontuak dira”.

Frida Kahloren ilobetako batek ere, Cristina Kahlo argazkilariak, halaxe dio: “Frida familiako pertsonaia bilakatu da mexikar askorentzat, bere artea oso introspektiboa zelako, berari buruzkoa. Riverak berriz, beste dimentsio bat du, artista soziala da”.

Muralgilea: artista soziala

“Arteak, giza bizitzarako ezinbesteko jarduera izanik, ezin du gutxi batzuen pribilegioa izan”, erantzun zion Diego Riverak elkarrizketa egiten ari zitzaion Ruth Riverari, 1955ean. “Guztion jabetza behar du”.

Koherentziaren koherentziaz beraz, herritar orok gozatu ahal izateko arteari heldu zion bi metro luze zen artistak. Mexikoko egoitza publikotako hormak muralez hornitu zituen. Eta horrela iritsi zen mexikar artearen historia modernoaren gailurrera.

Aurreko mendeko 30. hamarkadan izan zen. Baina aurretik Espainian, Holandan, Belgikan eta Ingalaterran abangoardiako pintura aztertu zuen (1908-10). Parisen neoinpresionisten eta kubisten ondoan aritu zen (1911-13), eta Renoir-en sentsualitatearen, Cézanne-en egitura orekatuen eta Gauguin-en kolore argitsuen eragina jaso zuen (1915-20). Ordurako bazuen, ordea, kezka bat: arte mexikarra eraldatu beharra zegoen, mugimendu nazional eta herrikoia sortu.

José Clemente Orozco eta David Alfaro Siqueirosekin batera Margolarien Sindikatua osatu, eta Italian ikusitako freskoen teknikak Mexikar Iraultzako irudiekin eta emozioekin nahasian, mural publikoak osatzen hasi zen hirukotea.

Munduaren egitea du izena Distritu Federalean Irakaskuntza Publikorako Idazkaritzako eskailerak hornitzen dituenak. Lurrari eta hura lantzen eta askatzen dutenei kantua, berriz, Nekazaritza Eskola Nazionaleko paretetan dagoenak. Asko dira, eta azteken herrialdearen historia edo gizarte egoera erretratatzen dute guztiek.

Batetik, bere bildumako pieza aurrehispanikoetatik atera zituen indioak, gero eskala izugarrian errepikatuz. Buztinezko 40.000 figura inguru edukitzera iritsi zen. Eta bestetik, eguneroko jardueretan zebiltzan indioei begiratuz egindako zirriborroak osatu zituen.

1949an Gabriel Figueroa zinemagileak grabatutako materialean ikus daiteke artista ikerketa partikularrean murgilduta: Xochimilcoko merkatuan –Mexiko Hiriaren hegoaldean–, liburuxka eta arkatza esku banatan, txirikorda luzeduneko lore saltzaileari so. “Diegok indigenak bere jardueratan jasotzen zituen koadernoan, zirrimarra azkarrak eginez eta erabili beharreko koloreak adieraziz”, kontatzen zuen Álvarez Bravo argazkilariak.

Polemika nazioartean

Lausotua dirudi gaur mexikarren memoriak. Artearen historiak bai, akaso, baina herritarren oroimenak ez du muralgilearekin justiziaz jokatu. Artean, Frida Kahlo bere obra osoa (50 koadro) osatzen ari zen bitartean, Diego Riverak sona zuen jada Mexikoko mugetatik harago.

1930erako New Yorkeko Arte Moderno museoak erakusketa bat eskainia zion. Eta urte hartan iritsi zitzaion prentsan idazpuruak bezainbeste burukomin ekarriko zizkion enkargua: Rockefeller milioidunak bere izena daraman Rockefeller Centerrerako mural bat egin zezan eskatu zion.

Gizona bidegurutzean izendatu zuen obra. Metafora hutsa zen. Langile gihartsu bat marraztu zuen erdian, garai berrien gidari. Eskuinera, berriz, emakume handiusteak karta jokoan, ustelkeria kapitalistaren irudi. Eta ezkerrera, Leninen irudia, Komunismoaren ordezkari. (Alderdi Komunistako kide zen orduan margolaria). Atzean, azkenik, ikusle mordoa, historiaren eboluzioaren lekuko.

“Riverak Komunismoa darama R.C.-ra”, izan zen garaiko prentsa estatubatuarraren idazpuru gogokoena.

Eskandalua medio, Rockefellerrek Lenin-en irudia ezabatzeko eskatu zion artistari. Riverak ezetz. Ordainetan, orekari men, garaiko pertsonaia estatubatuarren erretratuak gehitzea eskaini zion. Ez zegoen, ordea, konforme bezero aberatsa eta 1933an obra suntsiarazi zuen.

“Kontzeptu elbarria baino nahiago obrarik eza, zuzentasunak iraungo badu”, idatzi zion artistak aurrerago gutun batean.

New Yorkekoa ez zen izan, ordea, AEBetan zentsura ekarri zion obra bakarra. Garaipen goragarria izendatu zuen margolanak ere antzeko fruituak ekarri zizkion: Eisenhower presidentea lehergailu bat bailitzan irudikatu zuen.

Mexikon ikusgai den Udako arratsaldea erdialdeko zumardian izeneko obraren buruan dagoen idatziak –“Jainkoa ez da existitzen” dio– ere askoren sentsibilitatea urratu zuen.

Muralgile polemikoa izan zen Rivera beraz. Eta aldizkarietarako ilustratzailea, garaiko pertsonaien erretratugile, eszenografia diseinugile ere bai. Eta arte aurrehispanikoaren bildumagile handia. “Mexikoko Sixtina Kaperaren egilea”, kritikari italiar baten hitzetan; “heroi nekaezina”, bere obrakide Orozcoren aburuz; “bBetiereko artista”, José Vasconcelos intelektualaren ustetan. Fridaren senar eta maisu, noski.

Arrazoi izango du, akaso, Jauregi Nazionaleko gidak. Diego ez da, ez, Frida.
Margolari bat giro politiko nahasian
Estatubatuarren berriemaile izan zen 30. hamarkada bukaeran, argitaratu berri den Naziak Mexikon liburuan esaten denaren arabera. Juan Alberto Cedillo kazetariak, AEBen desklasifikatutako txostenak ikertzen jardun ondoren, Rivera beste 30 espioiz osatutako talde baten buru omen zela deskubritu zuen.

Washingtonen margolariak bidalitako informazioari esker jakin ahal izan zuten Gestaporen agenteak eta errusiarrak elkarlanean zebiltzala 1940 aldera Mexikon, Trotsky hiltzeko asmoarekin.

Stalin boterera iritsi eta Trotsky erbestean bizi zen, Mexikon, Rivera eta Kahloren etxean. Muralgilea Trotskyren aldekoa zen, eta Stalin etsaitzat zeukan. Hori izan zen estatubatuarrei informazioa pasatzeko arrazoia. Riveraren ustetan, Stalinen eta Hitlerren gizonak elkarlanean estatubatuarrak bere horretan baino arriskutsuagoak ziren.

Azkenak
Kokaina gaindosiaz heriotza, Donostiako Tabarin kabaretan

Kabaretak, parrandak, emakume biluziak dantzan, kokaina, heroina eta morfina salgai farmazietan... Pelikula bateko eszena dirudi, baina Donostiaz ari gara. Orain 100 urte baino gehiago, aristokratentzat eta burgesentzat festa latzak izaten ziren hiriko kabaretetan. 1917an,... [+]


Apunte batzuk atarikoan

Autonomia erkidegoa eratu zenetik, datorren apirilaren 21ekoak hamahirugarren hauteskundeak izango ditu Eusko Legebiltzarrak. Behin baino ez du gobernua osatu EAJ ez beste alderdi batek; orduko hartan, 2009an, ezker abertzaleari aurkeztea galarazi zitzaiola baliatuta, PSE-EEk... [+]


Sugoi Etxarri Zabaleta, EHE-ko kidea
“Euskararen borroka gaztetzen ari da, oso azkar”

Euskal Herrian Euskarazek apirilaren 22tik 28ra egingo du lehen aldiz Harrotze Astea. EHEk bost ekintza nazional prestatu ditu, eta hortik aurrera, herriz herri hainbat dinamika antolatuko dituzte euskaltzaleek. Sugoi Etxarri EHEko kidea elkarrizketatu dugu. Haren ustez,... [+]


PPk euskararen irakaskuntza presentziala ezabatu du Valentzian, EAEko hauteskunde kanpaina betean

Valentziako Hezkuntza Kontseilaritzak 16 hizkuntzetatik bederatzietan murrizketak jakinarazi dizkie Hizkuntza Eskola Ofizialei, eta euskal hizkuntza da okerren geratu dena.


Eguneraketa berriak daude