“El Olenchero son los aitas”

  • Idatzi zuen norbaitek –Gabon bezperan– Tuterako Argia ikastolako hormetan. Horma horiek, ikastolako bi sarreretako alboko hormak dira, zehazki. Mezua idatzi zuenak, beraz, haurrengana iritsiko zela ziurtatu nahi izan zuen, alajaina!
Arantxa Urbe
Arantxa Urbe, Hik Hasiko kidea
Ez ziren horiek izan, hala ere, izkiriatu zituzten hitz bakarrak: “La ikastola es un nido de ETA”, “Eusquera es ETA”, “Euskara no en la Ribera” eta beste hainbat ere baziren tartean. Baina, Olentzeroren aipamenak iruditu zitzaizkidan denetan krudelenak; beste irainetara behar ez genukeen ohitze-maila lortzen ari garelako, agian.
 
Egun bertsuetan, inguruko haurrak ikusi nituen Olentzerori gutunak idazten, haren irudiak margotu eta zuhaitzetan zintzilikatzen, eta ikastoletara eta eskoletara bidean Olentzeroren abestiak ahoan zituztela. Gabon gauean, Olentzero gurera etortzeko zortea izan genuen. Erantzun zaileko galderen eta ametsez eta ilusioz beteriko egunen ostean, Olentzeroren aurrean gure Manex, Nora eta Haizearen begietan ikusi nuen argiak zirrara eragin zidan, hunkitu egin ninduen. Hormetako hitzak etorri zitzaizkidan gogora, eta are gupidagabeagoak ikusi nituen, orduan.
 
Antzeko umeak imajinatu nituen goiz batean beren gurasoen eskutik Argia ikastolako atera heldu eta mezu hura irakurtzen: zer sentitu ote zuten?
 
Helduok baditugu haurrekiko erantzukizun eta betebehar saihestezinak, besteak beste, haurren ilusioa eta irudimena babestea. Badira ere etikoki ukiezinak beharko luketen kontuak. Zerk egin ote du huts hitz horiek idatzi dituztenen heziketan? Zertan sinesten ote dute? Edota zein ote dira ilusioa zapuztu eta haurren begietako argi hori itzaltzen saiatu direnen balioak?
 
Egun haietan ere, EAEn Eusko Jaurlaritzak Bake Hezkuntza Plana aurkeztu zuen, Nafarroan martxan dena, jada.
Ideia eta helburu nagusienekin ados egonik, plan horien eraginkortasuna eskasa izango da berriro ere arazoen erroetara jo ezean eta pertsonen eta herrien eskubideek urratuta jarraitzen duten bitartean; Tuterakoa adibide. Nafarroako hizkuntza ereduaren arabera ikasleek ez dute euskaraz ikasteko eskubiderik Tuteran, eta ikastola da euskarazko irakaskuntza eskaintzen duen hezigune bakarra.
 
Euskal Herriko Hezkuntza Akordioan euskaldunok euskaraz ikasteko eta gure kultura ezagutzeko dugun eskubidea jasotzen da. Euskal Herri osoan gauzatzeko bideak ezartzen ez diren bitartean, zaila izango da bizikidetza usteltzen duten Tuterakoa bezalako ekintzak ekiditea.
 
Gure haurrei eta gazteei zor diegulako, jarrai dezagun lanean etorkizun justuago baten alde. Eta norberak deskubri dezala Olentzero nor den!

Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude