Dezakeenak “bio” eta ez daukanak diabetesa

  • Gizakiak jateko duen eskubidea “ongi jateko” eskubidea baldin bada, hau da, jatunaren osasunean kalteak eragingo ez dituzten elikaduraz asetzea, orduan eskubide hori gizarte aurreratuetan ere batzuen eskueran dago soilik. Klase diferentzien arabera, jan klase diferenteak.
Michael Newman

Gizentasunak eta diabetesak alarma aspaldi piztuarazi zuten: XXI. mendeko gaixotasun izendatuta daude. Gaitzotan txapeldun dira, noski, diru gutxien irabazten duten herritarrak. Baina aldi berean, azken hogeita bost urteotan modan jarri dira “bio”, ekologiko edo organiko etiketa daramaten produktuak ere... horiek pagatzeko gai direnen artean.

Bi fenomenoak bateratsu gertatu dira, AEBetan behintzat. Telebistan programa famatuek bertako tomatearen hamaika bertuteak kantatzen zituzten garai berean, Ronald Reaganek abian jarri zituen behartsuen kontrako politika neoliberalak, sekula baino jende gehiago kondenatuz janari bankuetara eta ongintza sozialeko otorduetara. Bateratsu suertatu ziren ere jaki ekologikoen estandarrak erabakitzea eta korporazio handiek auzoetako supermerkatu txikien ateak ixtea.

Dezaketenen elikaduraren eta ezinean dabiltzan jendeenaren artean sakondu den leizeaz idatzi du liburua Mark Winnek: Closing the Food Gap: Resetting the Table in the Land of Plenty –Janarietako diskriminazioa konpondu: Mahaia berrantolatu oparotasunaren herrialdea–. Mark Winne hogeita bost urtez aritu da janarien berdintasuna sustatzen GKE batean, eta erretretara iritsi denean idatzi du liburua, ikusi eta ikasitakoak bildurik. Orriotara ekarri ditugun iritziak Alternet webgune aurrerakoian urtarril honetan plazaratu duen atalean daude.

Winnek kontatu duenez, telebistako programa famatu batek –60 Minutes– eman zion hasiera Euskal Herrian biologiko edo ekologiko eta ingeles hiztunen artean organiko deitzen duten korronteari. “Yuppie jendea izan zen lehena erreakzionatzen”, idatzi du Winnek. Izatez, ez zuten bilatzen gurasoek betidanik beren familietarako nahi izan dutena baizik: ahalik eta elikadurarik osasungarriena. Laster ugaritu ziren etiketa berriak korronte horretan: integrala, begetarianoa, veganoa, organikoa, bio, baserrikoa... Produktua bertakoa izatea ere gero eta gehiago baloratu zen.

Denbora berean, etxean hilabete bukaerara larri iristen ziren familietan ez zuten finezia horietan galtzeko ez denbora ez dirurik. Kontua ez da beren familietarako ez dituztela janari onak nahi, baizik eta horiek eskuratzeko aukerarik ez daukatela.

Mark Winne Connecticut estatuan Hartford Food System GKEan aritua da mende laurdenez. Hartford hiriko auzo askotan ibilia da bertako herritarrekin elikaduraz hitz egiten. Clay/Arsenal auzoan, adibidez. “Txirotutako hiri auzotegi orotan bezala, hemen ere ez zegoen janari onik saltzen zuen komertzio bakar bat. Bertako bizilagunen artean gosea, loditasuna eta diabetesa AEBetako bataz bestekoaren bi edo hirukoitza zen. Auzo hartan ez zen bizi hispanoak eta afroamerikarrak besterik”.

Auzo txiro horretan, hasteko, herritarrek ez zaukaten eskueran janari fresko eta merkerik, beraiek lortu nahi arren. Ondo hornitutako super edo hiper batera joatekotan autobusez edo taxiz egin behar zuten. Horregatik, erosketetara hilabetean behin edo birritan joaten ziren, eta erosterakoan prezioa zen gehien begiratzen zutena.

Janari organikoak zer diren badakite auzotar horiek, noski. Definitzeko eskatuta, “benetakoa”, “naturala”, “osasungarria” edo “zertaz egina badakizuna” ideiak azaltzen zituzten. Aldiz, janari prozesatuak “kimikoz beteak” eta sarritan “toxikoak” direla badakite. “Janari organikokoak eta bertakoak bikainak direna ondo dakite. Zaharrenei garai bateko zapore, leku eta denborak oroitarazten dizkiete. (...) Haurrak dituzten emakumeak ohartzen dira beren umeentzako onenak horiek liratekeela, alegia, beraiek eskuratu ezin dituzten elikagai horiek”.

Zer dira hosto berde horiek?

Ondo elikatu nahia cool da Ipar Amerikan ere. Newsweek astekariak gaiari azala eskaini zion 2006an, titulu honekin: “Janariarekiko interesa berriro berotu da”. Wall Street Journalen ere lehen orria eman zaio, eta bertan John Mackeyk idatzi du: “Janari organikoz elikatzea ez da arin pasatuko den moda. Balio sistema da, sinesmen sistema. Gizartearen korronte nagusian txertatzen ari da”.

Gero eta gehiago baloratzen dira janarien zaporeak, ingurumenean duten eragina, animalien ongizatea, politikoki zuzena izatea. Eskolen arteko konpetentzian, kantinan janari kaxkarra eskaintzen duten ikastetxeen aldean beste batzuek haur eta gaztetxoentzako “otordu jasangarriak” eskaintzen dituzte propagandan. Bestalde, familia gazte ugarik egin du ihesi bizi kalitate kaxkarreko guneetatik periferiako kokagune sanoagoetara. Baina american dream hori ez dago denen eskura, “amets europarra” ez dagoen gisa berean.

Winnek liburuan kontatzen du bi ildo nagusitatik bideratzen direla janari hobea herritar guztiengana hurbiltzeko ahaleginak. Batetik daude horretan ari diren elkarte pribatuak eta GKEak. Estatu Batuetan asko dira kaletarrek eta baserritarrek auzolanean egiten dituzten baratzeak, eta GKE batzuek horiekin lotuta dihardute. Beste batzuk saiatzen dira bazter auzoetan ireki eta mantentzen produktu freskoz hornitutako komertzio txikiak. Bestetik, badira administrazioak sortutako erakundeak, diru gutxiko emakume, haur eta zaharrei nekazaritzako produktuak eskuratzeko helburua dutenak, eta horietara ere iritsi dira kalitatearekiko kezka.

Baina hala eta guztiz ere, Winneren liburuaren izenburuak salatzen du janariei dagokienez gero eta handiagoa dela AEBetako herritarren arteko etena. Daukatenen eta ez daukatenen artekoa. “Gizarteko maila guztietan ez bada lortzen gainditzea bi janari sistema egon behar hori, pobreen janariak eta aberatsenak egotea alegia, gure lorpenak marjinalak izango dira”.

Alternet gunean irakurleen parte hartze beroa eragin du Mark Winneren artikuluak. Gaiak hari mutur asko baitauzka. Badira, adibidez, irakurleak azpimarratzen dutenak diru kontua adina kultura arazoa dela, ohiturena. Azken urteotan konpainia handiek eginiko kanpainaren ondorioz, herritar askok besterik ahal izanik ere nahiago dutela zabor-jana bazkatzen jarraitu, beren gustamena arras atrofiatuta dagoelako.

Irakurle batek mezu labur hau utzi du: “Emaztea eta biok pobreak gara, eta organiko elikatzen gara. Dena geuk egiten dugu eta organiko jaten dugu. Jende txiro asko ikusten dut telebista pantaila handiak, Nike arropak eta bideojoko mordoa dauzkatenak. Guk ez dugu telebistarik, liburuak dauzkagu, ordenadorea, altzari gutxi, eta abar. Osasungarri elikatzeko ez dago aitzakiarik. Sentitzen dut”.

Etxekoandre gazte batek protesta egin du honelako eztabaidetan bera bezalakoen ikuspuntua falta ohi delako gehiegitan. “Jarri zaitezte hirian bizi den ama gaztearen larruan: etxean zain daukazue aho mordoxka bat beti gose dena, otorduak prestatzeko denbora falta, garraio publiko kaxkarrean mugitu behar, supermerkaturik ez inguruan, karrotxoa eraman behar aldean edo lagun batekin joan hilean behin autoan hiperrera”...

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude