Patricia Troncoso maputxeak 100 egun gose greban

  • Hego Amerikako demokrazien eredutzat aurkezten den Txilen, aspalditik ezkutuan edukiriko arazoa ari da ateratzen argitara: mende eta erdiz baztertutako maputxe jendeak eskubideak aldarrikatzen ditu. Michelle Bachellet presidente sozialistak Pinocheten legea ezarriz erantzun die.
Patricia Roxana Troncoso
Patricia Roxana Troncoso irakaslea gose grabanAntitezo
Patricia Roxana Troncoso hilik egon liteke irakurleak orriok irakurriko dituenerako. Bizi bada, 100 egunez goiti eramango ditu gose greban, 38 urteko maputxe militante gazteak urriaren 10ean egin zion-eta jateari uko. Abenduaren erdialdean utzi zuten baraualdia berekin batera hasiak ziren Jaime Marileo, Juan Millalén eta José Huenchunao militanteek, Temuco hiriko apezpiku katolikoaren bitartekaritzaren ondoren eta Michelle Bachellet lehendakari sozialistak zirkinik egin gabe hiltzen utziko zituela ohartuta. Aldiz, Troncosok hasierako aldarrikapenen alde bukaeraraino jarraitzea dauka erabakita.

Jan barik 75 egun zeramatzan egunean, Eguberri bigarrenean, espetxetik gutun zorrotza zabaldu zuen Troncosok. Bertan salatu zuen maputxe jendearen gain Txileko Gobernuak erabiltzen duen basakeria, polizia enpresagizonen zerbitzurako usatzea, maputxeak Pinochet diktadorearen garaiko lege antiterroristaz zigortzea. Tartean, gaztetan torturak jasandako Bachellet eta bere gobernukideei zuzendutako esaldi gogorra: “Zer espero genezake gure borreroetatik, beraiek zigor hauek guztiak nozitu zituen belaunaldi batekoak izanik, denborarekin gizatasuna galdu baldin badute hainbeste pertsonaren erbesteratzea, torturak, pertsegizioak eta heriotza ahazteraino?”

Patricia Roxana Troncoso haur hezkuntzako irakaslea da, Teologia ikasketak egin zituen Valparaisoko unibertsitate katolikoan. 2002an atxilotu zuten karabineroek, Nekazaritzako ministro izateaz gain Auzitegi Konstituzionaleko kide eta Pablo Neruda fundazioaren lehendakari den Jose Agustin Figueroaren etxalde bati eraso egin izanaz eta basogintzako konpainia handien kontrako beste bortizkeriez akusatuta. Txileko estatuak legez kanpo jarria duen Coordinadora de Comunidades En Conflicto Arauko Malleko erakundeko kide izatea ere egotzi zioten.

Lau auzitan epaitu dute Troncoso, hirutan erabat errugabe utziz, baina maputxeen etsai nagusietakoa den Empresa Forestal Mininco famatuari egin eraso batengatik 10 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Bere zigorraren erdia betea duen arren, Txileko justiziak ez du kalean utzi, militante maputxeen kontra Pinocheten garaiko legean oinarrituta.

Asko dira –tartean Nazio Batuen Erakundeak bidalitako berriemaile berezia, Rodolfo Stavenhagen– Txileko Gobernuari basakeria hau aurpegiratu diotenak. Baina handiak dira ere lurjabe aberatsen eta egur konpainien interesak, eta hori bezain handia Txileko gehiengo zuriak indioekiko daukan mespretxua. Berrikitan hango komunikabideek zabaldu duten inkesta baten emaitzek diote herritarren hiru laurdenek agintariei eskatzen dietela maputxe militanteei gogorrago jazartzea.

Beren buruei mapudungun (Lurreko jendea) deitzen diete maputxeek. Gaztelaniaz araucanos deitu izan zaie, baina ez dute gustuko izendapena. Maputxeek arrakastaz egin zieten aurre Espainiatik joandako konkistatzaileei, ez ordea Txile eta Argentina sortu berriek XIX.ean egindako gerrei. Bi estatuotako eliteek ez dute geroztik maputxeekin erruki handiagorik erakutsi AEBetakoek Far Westeko indioekin eduki zutena baino.

Gaur egun nazio horretako pertsonak zenbat diren jakitea ez da erraz. Batzuek 900.000 izan daitezkeela diote, hiru laurdenak Txilen izanik eta gainerakoak Argentinan. Txilen 1992ko erroldak 900.000 maputxe aipatu zituen, eta aldiz 2002koak 600.000. Estatistika arazoak? Militanteek salatu duten “bulegoetako genozidioa”?

Hasieran legez errespetatu zitzaizkien lurrak gero kendu zizkietela eta, maputxeek aspalditik jarkitzen zaizkio ahal bezala gizon zuriari. Baina Txilekoek borroka gogortu zuten 1990eko hamarkadan, Eduardo Frei-ren gobernuak eta ondorengoek maputxeen oihanen gaineko eskubideak basogile handiei eman zizkietenetik.

Egurra, baserriak eta indio alferrak

Urtea hasi eta berehala, urtarrilaren 3an, maputxeenak direla aldarrikatuz baserri handi baten okupazioan parte hartzen ari zela, Matías Catrileo gaztea hil zuten balaz poliziek, Temuco inguruetan. 22 urteko gazte unibertsitario honen heriotzak inarrosi ditu bazterrak Txilen. Politikari ugarik protesta egin behar izan dute Gobernuaren poliziak lege antiterrorista etxaldeen okupazioa bezalako arazoetan erabiltzen duelako, eta maputxeek Catrileoren hilketarekin berriro gogoratu behar izan dituzte azken urteotan antzeko gertakizunetan hildako militanteen heriotzak.

Interneteko bilatzaileetan Matías Catrileo izenaz eginez gero galde, euskaldun batek ipinitako bideo hunkigarria aurkitzen da. YouTube bitartez ikus daiteke Catrileo gaztea maputxeen arazoak eta autonomi politiko nahia esplikatzen, eta ondoren entzuten da poliziek tiroz jota gaztea hilzorian daramatela beste militante batzuek telefono mugikorrez egindako kontakizun larritasunez betea. Ardazka izeneko bloga egiten duen Aner Mentxakak ipini ditu materialok sarean. Gararen Xirika gehigarrian kazetariari honela esplikatu dio testuingurua: “Txirotasunak beharturik, lur hauen okupazioan buru-belarri hasi dira azken urteetan. Enpresek egurgintzarako erabiltzen dituzte batez ere lapurtutako lurrak. Maputxeek eremua okupatu ondoren, bertako pinu edo eukaliptoak mozteari edo su emateari ekiten diote”.

Polizia azaldu eta ihesi zihoala atzetik tiro egin eta lehertu zizkioten erraiak Catrileori. Antzekoa gertatu zitzaion 2002an Alex Lemun izeneko beste gazte bati. Ez dira bakarrak izan. Maputxe baten biziak askorik ez du balio Txilen. Catrileo lurperatzerakoan, Temucoko hilerrian, bertaratuen artean aurretik hildakoen senitartekoak baziren. Baita Pinocheten garaian karabineroek hil zituzten MIR erakundeko militanteen amak ere.

Matías Catrileo eta beste 30 gazte Santa Margarita etxaldea okupatu nahi zuten. 238 hektareatako baserri horren jabea ez da edonor: Jorge Luchsinger, beren antzinako lurren eske ari diren maputxeei gogor egiten dieten lurjabeen ikurra da. Azkintuwe aldizkariak dioenez, 1883an Suitzatik iritsitako laborarien askazikoak dira gaurko Luchsingertarrak.

2005ean beste eraso bat nozitu zuten Santa Margaritan, eta orduan Luchsinger senar-emazteak ospitalera eraman behar izan zituzten, kaputxadunek kolpatuta. Militante maputxe batzuk kondenatu zituzten hargatik, nahiz eta haiek ukatu inolako zerikusirik zutenik. Epaiketan zenbait irregulartasun ere gertatu zen. Eta gertakizun haren ondotik, berriro azaldu zen lehendik ospe tristea zeukan Comando Hernán Trizano talde paramilitarra.

Hitzokin mintzatu zen orduan Luchsinger: “Ezin zaie lurrik eman maputxeei... Horrek miseria ekarriko du, maputxeak ez baitu lanik egiten. Ez da arazoa konponduko. Ikusi duzu nola dauden Estatuak eman dizkien lurrak? (...) Indioak ez du inoiz lanik egin. Maputxea depredadorea da, ez du ahalmen intelektualik, ez gogorik (...). Maputxea gaiztoa da, bihurria, bilaua”. Luchsinger honi belar fardoak erretzera joana zen Matías Catrileo.

Azkenak
Mutil-dantzak indartu eta babesteko deia luzatu du Plazara Dantzara elkarteak

Baztango lehen festak hastearekin batera, mutil-dantzak dantzatzera bultzatu nahi dituzte baztandarrak; hala adierazi dute Plazara Dantzara elkarteko kideek publikatu berri duten prentsa-oharrean. Aurreko urtea Baztanen bazterketarik gabeko lehenengo urtea izan zen eta horri... [+]


Gazako osasun zentroan %80 zerbitzuz kanpo dago

Gazako osasun sistema kolapsatzeko zorian dagoela jakinarazi du Osasun Ministerioak, erregai faltaren eta erasoen ondorioz. Urriaren 7tik 500 mediku eta 138 erizain hil ditu Israelek, eta 33 ospitale suntsitu. Rafah-tik 300.000 pertsonak egin behar izan dute ihes azken egunetan,... [+]


Heziketa perfektuaren sindromea: nekeak jotako gurasoak eta presioak itotako haurrak

Heziketa perfektua jasoko duen seme-alaba perfektua izateko nahiak eta espektatiba eta lorpenetan oinarritutako kulturak estresa, antsietatea eta jarrera arazoak sortzen dituzte, eta zabalduta dagoen fenomenoa da gainera. Hala dio ikerketa berri batek.


Ezinbesteko egoera

Apirilaren 2 eta 3an Parisen iragan zen epaiketa, dudarik gabe, judizialki memento historikoa izan zen. Lehen aldikotz euskal afera judizialetan, defentsa eta estatuaren ordezkariak aho batez mintzatu ziren.


Hil egin da Lizarrako langile bat, gidatzen zuen kamioian istripua izan ostean

51 urteko garraiolariaren kamioia irauli egin da Ejea de los Caballerosen (Aragoi). 2024an hiltzen den 23. langilea da.


Eguneraketa berriak daude