Ideia berrien multid@ntza

  • Sareko Argiak 10. urteurrena beteko du abenduan. 1997az geroztik hainbat aldaketa izan ditu eta horiek izango ditugu hizpide erreportaje honetan. Esku artean ditugun proiektuez eta aurrera begirako erronkez ere arituko gara. Gure etorkizuna ezin uler daiteke multimedia kontzeptua edo formatu guztien osagarritasuna aipatu gabe.
Sareko Argia
Sareko Argiaren 10. urteurrena

1997ko abenduan ekin zion bere ibilbideari www.argia.eus web guneak. Argiako kideek Internetek zer nolako garapena izango zuen ez zekiten, baina urrats hura eman behar zela argi zuten. Aldizkariko atal batzuk sareratzeaz gain, euskarri elektronikoan zituen edukiak –elkarrizketa historikoak eta Euskal Kulturaren aurkibidea, adibidez– jarri zituen Argiak sarean. Urte eta erdi beranduago, 1999ko maiatzean, Euskal Kulturaren Hari@ izeneko buletina sortu zuen. Orduz geroztik hainbat aldaketa izan ditu, baina funtsean, garai hartako helburuei eusten die gaur egun. Kultura, euskara, irakaskuntza, teknologia berriak edota komunikabideak hizpide dituzten artikuluak biltzen ditu egunero, eta 2.500 harpidedunek jasotzen dute e-posta bidez. Bi lagun arduratzen dira albisteak pilatu eta idazteaz. Kontsultatzen dituzten dozena bat egunkarietan, hainbat aldizkaritan eta webgune zein blogetan agertzen diren albiste, iritzi eta elkarrizketen artean interesgarrienak hautatu eta labur erredaktatzen dituzte, Interneteko ‘albistegiek’ –era honetako buletinek bederen– eskatzen duten moduan. Buletina egunero doan jaso nahi duenak www.argia.eus/haria_boletina.php orrialdean sartu eta formularioa betetzea besterik ez du.

Aldizkari osoa on-line

Euskal Kulturaren Hari@ sortzeaz gain, 1999an beste pauso handi bat eman zuen Argiak: aldizkariko eduki guztiak Interneten (www.argia.eus/argia-astekaria) eskuragarri jartzen hasi zen. Urte hartatik aurrerako zenbaki guztiekin batera, 1963tik 1998ra bitarteko elkarrizketak aurki daitezke orain. Hari@ buletinarekin gertatu bezala, aldizkariaren bertsio elektronikoak ere hainbat aldaketa jasan ditu urte hauetan. Azken hilabeteotan emandako bi berrikuntza nabarmendu daitezke: batetik, aldizkaria PDF formatuan ikusteko aukera dago. Internetek eskaintzen dituen abantailak paperak duen xarmarekin –diseinuari dagokionez bereziki– uztartu nahi izan da horrela. Bestetik, 2006an audio grabazioak eta bideo muntaiak egiten hasi ginen. Bideokamera besapean hartuta Boliviara joan ziren Txomin Txueka argazkilaria eta Amets Arzallus kazetaria. Handik ekarritako materiala www.argia.eus/bolivia kanalean bildu zen. Ametsek idatzitako artikuluez gain, argazki galeria eta hamaika bideo osatu ziren, tartean Evo Moralesi egindako elkarrizketaren bideoa. Argiak ikus-entzunezko mundura salto egin eta kazetaritza lantzeko beste molde bat ezagutu zuen.

Multimedia kanala

Argi genuen ikus-entzunezkoen esparrura jauzi egin behar genuela, kazetaritza egiteko moduan Internetek aldaketak ekarri dituelako eta etorkizunean gehiago eragingo dituelako. Sareko Argiak sortutako bideoak www.argia.eus/bideoak orrialdean daude ikusgai. Hain justu, bertan azaltzen den zerrenda luzea berrantolatu eta modu garbi eta erabilgarriago batean eskainiko dizuegu azaroaren 30etik aurrera. Aurki Argiaren Multimedia kanala sortuko dugu, eta bertan bideoak ordenatuta eskaintzea izango da lehen urratsa. Aurrerago audio grabazioak, argazki galeriak eta ikus-entzunezko beste euskarri batzuetan egindako lanak bilduko ditugu kanal horretan. Azken finean, testua ez den beste formatu guztietan egindako proiektuak bilduko ditugu gune horretan, eta apurka-apurka izaera propioa eskuratuko du.

Soundslide sistemaren abantailak

Multimedia kanalean Soundslide izeneko sistemaz egindako ikus-entzunezko muntaiak bilduko dira. Argazkiak eta audioa uztartzen dituzte proiektu horiek, modu oso orijinalean. Jada egin ditugu bakar batzuk. Kurdistan kanalean (www.argia.eus/kurdistan/multimedia.php) dituzue ikusgai. Karlos Zurutuza kazetariak herrialde hartan ateratako argazkiez eta bertan grabatutako soinu eta ahotsez osatutako lau muntaiak aitzindari dira euskarazko kazetaritzan, orain arte inork ez baitzuen soundslide sistema erabili.

Ospakizuna Victoria Eugenian

Esan bezala, bideoen kanal eraberritua hilaren 30ean aurkeztuko du Sareko Argiak. Zergatik egun horretan? Orduan egingo delako 10. urteurrena ospatzeko ekitaldia, Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Klub aretoan, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Ongietorri hitzalditxoaren ostean, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak hitz egingo du, eta haren ondoren Xabier Letona Argiako zuzendariak. Hark azalduko ditu Multimedia atalaren nondik norakoak. Gainera, beste proiektu berezi bat ere aurkeztuko du: Ihesi kanala. Argia aldizkariko erreportajeak ditu ardatz web gune berriak, eta Euskal Herriko Gida liburuko edukiez osatutako web gunearen (www.argia.eus/gida/index.htm) anaia gaztea da. Haren inguruko azalpenak goiko koadroan irakurri ditzakezue.

Letonak amaitutakoan, Sareko Argiako lagunek Sareko Argia, 10 urte bideoa eskainiko dute. Hamabost minututan, web gunearen historia, oraina eta etorkizuna laburbilduko du ikus-entzunezkoak. Ekitaldiari Vicent Partal Vilaweb.cat web guneko zuzendariaren Vilaweb, esperientzia eredugarria Katalunian izeneko hitzaldiak emango dio amaiera. 1995ean sortu zuen Partalek erreferentzia bilakatu den katalanezko Vilaweb.cat web gunea. Erreferentzia aktualitateari –Herrialde Katalanetakoari zein nazioartekoari– egiten dion jarraipenagatik eta Internetek eskaintzen dituen baliabideen erabilpenagatik. Sareko Argiarentzat eredu den Vilaweb.tv web gunea dugu horren adierazgarri. Gainera, Partal TVEn, Kataluniako La Vanguardia, El Punt eta Diari de Barcelona egunkarietan, El Temps aldizkarian eta Catalunya Radio irratian aritu da kazetari lanetan.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude