“Zugandik ezer espero ez denean zara kasik askea”. Zuen kasua alderantzizkoa da. Presio handia izan duzue diskoa egiteko aspaldian jaso dituzuen kritika onak ikusita?
Kritika horiek guztiek presioa baino gehiago laguntza eman digute. Disko batean hainbeste denbora eta neke utzi ondoren, horrek asko pozten gaitu. Presioa guk ipintzen diogu geure buruari; diskoko lehen abestitik azkenera arte guztiz gustukoa izan behar dugu.
“Inon ez gustura, nahiz eta lurrak egiten duen argi gure begien aurrean”. Zer dira Ezlekuak?
Testiguak dira, gure bizitzaren parte diren testuinguruak. Pertsonalitate guztiz aldakorra izan arren gure egunerokotasunean guztiz normalak diren leku modura ulertzen ditugu.
Martxel Mariskalek egin ditu hitzak. Askatasun osoz utzi diozue Ezlekuaken ideia garatzen? Orain arte hitzak musikaren gehigarri izan al dira?
Ezlekuen kontzeptua oso irekia eta pertsonala, aproposa, iruditu zitzaigun Martxel idazten hasteko. Berari asko gustatu zitzaion. Bere idazteko modua asko gustatzen zaigu, argazki kamerarekin idazten duela dirudi. Martxelek gurekin egin duen disko bakoitzaren %50 berea da. Hitzak oso garrantzitsuak dira, eta itzulpenak ere egiten ditugu.
Beste askoren artean Portobello Bones eta Shellac taldeek garrantzitsuak dirudite zuentzat. Lehenak badu eragina ahotsen trataeran eta giroetan; eta bigarrenak erritmo eta soinu motan…
Ba ez dakit… Egia da talde horiek nahiko presente egon direla gure eraginetan, batez ere Shellac, baina ez nituzke hain eragin zuzentzat hartuko. Gaur egun partaideok entzuten dugun musika zabalegia da.
Bidehuts da ekimen bateragarriena zuen jarrerarekin?
Bai. Inoiz baino gehiago autoekoizpenean sinesten dugu, Lisabök beti sinistu izan du, eta unerik egokiena zen horrekin aurrera egiteko, Metak itxita egonda.
Do It Yourselfean sinesten jarraitzen dugu.