Lautada oinpean, trikuharriei itzulia

  • Laurogeita bost trikuharri inguru ezagutzen dira Araban; Aguraindik gertu, Arabako Lautadako goxotasunean, horien artean ezagunenetakoak diren bi daude: Sorginetxekoa eta Aizkomendikoa. Trikuharri horiek bisitatze hutsa Euskal Herriko txoko eder honetara gerturatzeko nahikoa aitzakia ez balitz, mendi txango erraz bezain ederra osatzea proposatzen dugu, lautada hautsiz mila metrotik gora altxatzen den Entzia mendilerroan barrena. Gozamen itzela eremu berdingabean.
Entzia mendilerroa
Entzia mendilerroa (Araba)Gorka Azkarate
Zortzi udalerrik osatzen dute Aguraingo eskualdea: Agurain bera, Dulantzi, Asparren, Barrundia, Burgelu, Gauna, Donemiliaga eta Zalduondo. Udalerri bakoitzak, halaber, Arabako Lautadan barreiaturiko herri eta auzo andana hartzen du bere baitan. Bizkaia, Gipuzkoa eta Euskal Herriko beste inguru konprimituagoetan ez bezala, paisaia eta ikuspegia zabaldu egiten dira eremu emankor honetan, distantziei beste dimentsio bat emanaz, ezinbestean.

Aguraingo erdigunetik abiatu eta Foru kaleari jarraiki herriko irteerarantz joanez hasiko dugu txangoa. Autobide nagusia zeharkatzen duen zubia igaro eta Opakuara eta mendatera doan eskualdeko errepidea hartu arte, auto artean egin beharko ditugu ibilaldiko lehen urratsak, oinezkoentzat propio prestatu gabeko asfaltozko eremu gorabeheratsuan. Okariz herria da, ordea, gure ibilbideko lehen mugarria, eta bertara joko dugu, Opakuara eramango gintuen bideari jarraitu eta ondoren ezkerrerantz joaz edo, hobe, aukeran, autobidea zeharkatu bezain laster Opakuako errepideari paralelo zaion nekazal bide lasaiago bat hartuz. Zangoak berotzeko baliagarri izango zaigun pare bat kilometro egin ostean, Donemiliagako Okariz herrira helduko gara. Udalerri berean dagoen Bikuña izango da gure ondorengo jomuga. Gorabehera handirik gabeko estreinako kilometro hauetan, benetako bakea eta barne atsedena aurkituko ditu ibiltari bakartiak. Hausnarketarako tartea, funtsean. Nekazal bide estu batek lotzen ditu Okariz eta Bikuña, eta luze baino lehen helduko gara azken horretara. Entziako mendilerroa gertu hauteman daiteke honez gero. Hortzak estutu eta lautadatik mendilerrora igotzeko ordua heldu da.

Legaireko soilgunea

Bikuña herritik abiatuz Bikuñako lepora doan bide zabalari jarraitzea da, ziurrenik, Entziako gailurreriara igotzeko biderik zuzen eta erabiliena. Oraingoan, ordea, bide ezezagun baina ezin ederrago bati jarraitzea proposatzen dugu: Mirutegi eta Surbe (Atau) gailurren arteko Atauko mendatera zuzenean igotzen den xenda paregabeari jarraitzea, alegia. Atauko harratetik Legaireko soilgunera heltzea, ibilaldian biziko dugun une zoragarrienetakoa izango da zalantzarik gabe. Harratearen azpiko baso itxiaren gerizpetik Legaireko zelai zabalaren argitasunera igarotzea betegarria da oso.

Harratera heldu eta ezkerrerantz joko dugu lehendabizi, Nafarroa aldera ikuspegi paregabea duen Surbe edo Atauko gailurrera (1158 metro) igotzeko. Parez pare izango dugu Beriain erraldoia, Entzia eta Urbasa mendilerroen ertz amaigabearen zelatari. Lautadaren bestaldean, gertu sumatuko ditugu Aratz eta bere inguruko gailur ezagunak (Allaitz, Allarte, Umandia, Arbarrain…) eta atzean Aizkorriko mendilerroa. Ekialderago, berriz, Aralar hegoaldeko tontorrak, aski ezagunak horiek ere, Putterri eta Artxueta kasu. Eguraldi ona lagun, Kodes eta Kantauriko mendikateek itxiko digute Surbetik izango dugun Araba hegoaldearen gaineko ikuspegi zabala.

Ikusmiraz gozatu eta atseden hartu ostean, Mirutegiko gurutzea dagoen muinorantz joko dugu, Legaireko soilgunea zeharkatuz; Atauko harrate ingurutik bigarrenez igaro eta Mirutegiko azken maldatxoari aurre egingo diogu. Arabako Lautadaren gaineko ikuspegi zoragarriaz gozatu badugu Surbeko gailurretik, Mirutegiko talaiatik izango duguna ere ez zaigu makala irudituko. Urrun xamar hautemango dugu Agurain, dagoeneko badaramatzagu-eta hamabi kilometro inguru ibilbidea hasi dugunetik. Mirutegin (1185 metro) dago Entziako gurutze famatua, baina gailur horretatik hurbil dagoen Ballo (1197 metro) da Entziako punturik garaiena. Legaireko soilgunea utzi, pagadi ederrean barneratu eta Bikuñako lepora eramango gaituen xendaren arrastoak bilatuz –kontu handiz jarraitu kairn edo harri-pilo arrastoei–, Opakuako mendaterako bideari ekingo diogu. Baso pista batetik Opakuako mendateko errepidera hurbiltzen goazen heinean, geroz eta gertuago sumatuko dugu Entzia mendilerroari jarraipena emango dion Arrigorrista gailurra.

Arrigorrista eta Santa Elena

Opakuako mendatean errepidea zeharkatu eta laster agertuko du xendak goranzko joera, Arrigorrista berezia jomuga. Ordu laurden inguruko igoera ederraren ostean, Entzia mendilerroko gailur ezagunera helduko gara. Ikuspegi mugatu xamarra eskainiko digu Arrigorristak (1153 metro), basoak eta landarediak ia guztiz ezkutatzen baitute punturik garaiena. Gaitz erdi, lautadaren gaineko ikuspegia ahalbidetzen duen leihatila bat badagoen. Parean hautemango dugu Arrizala herria, eta bertatik gertu Sorginetxeko trikuharria. Jarrai dezagun, hala ere, Entziako gailurrerian barrena garamatzan txangoa!

Arrigorristarako igoera nahasi xamarra izan bada zenbait unetan, gorabehera askorik gabeko ondorengo kilometroetan xenda eroso eta nabarmena izango dugu lagun, eta bizkor egingo dugu aurrera. Atxuri edo Larredez gailurrera igoko gara ia oharkabean (1103 metro), ibilbideak jarritako beste muino bat baino ez bailitzan. Arrigorrista atzean uztearekin batera xenda basotik irten denez, lautadaren gaineko ikuspegi panoramiko itzela berreskuratu dugu berriro. Eremu honetan, gainera, amildegiaren ertzetik bertatik egiten du xendak aurrera zenbaitetan, ibilbidea are ikusgarriago bilakatuz. Emandako pauso bakoitza dastatuz, San Juan lepora helduko gara. Lepo honetan lautadara zuzenean jaisteko ihesbidea topatuko dugu, luze gabe Egileor herrira doan bidexka, alegia. Guk, ordea, ibilbide zirkularra borobiltze aldera, gailurreriari jarraituko diogu, Santa Elenaren bila.

Agertu eta desagertzen den bidexkarekin jolasean, baina kairn arrastoei adi, aurrera egingo dugu, beraz, Santa Elena (1111 metro) gailurreraino. Mendi honen punturik garaiena basoan dagoenez, metro batzuk beherago dagoen talaia baliatu beharko dugu lautadari azken begiratua egiteko. Izan ere, Santa Elenaren oinean dagoen Luzkandoko lepora jaistearekin batera, gailurreria utzi eta Gereñu eta Alaiza herriak batzen dituen errepideranzko xenda hartuko dugu, Idiagaina, Itxogaina eta Gasteiz inguratzen duten gainerako gailurrak (Kapildui, Pagogan, Lendiz,…) hurrengo baterako utziaz.

Agurainera itzulera

Luzkandoko lepotik lautadarako jaitsiera ere ederra da zinez, txangoari amaiera ezin egokiagoa emango diona. Hankak hosto artean hondoratuz ametsetako baso bat igaro eta urmael bat inguratuz Gereñu Agurainengandik bereizten duen errepidera helduko gara. Errepidea jarraituz Agurainera heldu besterik ez zaigu faltako ibilaldi ezin ederragoa osatzeko. Egun zoragarria igaro izanaren sentipen gozoarekin helduko gara Agurainera. Ez dugu askorik behar zoriontasun betea erdiesteko.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude