Auto (de fe) konpartitua

  • Aitor dut autoan zerbait esan nahian nenbilela, Angel, eta azkenean mutu geratu naizela ez nuelako ondo ulertzen zertaz ari zineten. Enpin, hori da, apika, auto konpartituaren xarma, eta ekologiaren mesedetan baldin bada, gaitzerdi. Bart arratsean, hain zuzen, Al Gore-ren dokumental famatua begiratu dut. Hilabete zenbait itxaron ohi dut sobera aipatzen ari diren filmeak ikusi aurretik. Apar mediatikoa desagertzen denean uraren hondoa hobeto ikusten delakoan. Gauza asko dira susmagarriak filma horretan eta beste gauza bat, berriz, guztiz dezepzionagarria.

2007ko azaroaren 12an
Ur Apalategi
Ur ApalategiDani Blanco
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Has nadin susmagarriekin. Lehenik, Al Goreren hauteskunde kanpaina berri baterako publierreportajea da filma. Ez dakit nola onar dezakeen Al Gorek lotsarik sentitu gabe filmeak maila berean jartzea bere ibilbide pertsonala eta gure planetaren biziraupena. Obszenoa da, alde horretatik, filma. Irabazi dituen Oscarrak merezigabeak iruditzen zaizkit, bestalde, zinematografikoki ez duelako ezertxo ere balio. Errepikakorra da, gidoi kaxkarra dauka, eta Al Gore bezain geza da. Beste gauza susmagarri bat zera da, Al Gorek erabiltzen duen komunikazio teknika. Zientzia erabiltzen du argudio nagusi gisa, bere etsaien a-zientifikotasuna salatuz. Konforme. Baina orduan zergatik erabili publikoaren presentzia presioegilea? Kamerak etengabe filmatzen ditu areto handi batean bilduta dauden ikus-entzuleak, baina nortzuk dira, zer da ikusten ari garena, hitzaldi bat gehiago ala filmaren grabaketaren karietara egindako ekitaldi berezi bat? Ez zaigu esaten. Eta hau ez da zintzoa. Zeren publiko hau instrumentalizatu egiten du dokumentalak, Al Goreren koro pasibo bihurtuz. Al Gore bere etsaiez trufatzen den bakoitzean, publikoaren irria entzun dezakegu. Inkisizioak behiala egiten zituen auto de fe jendetsuetan kondenatuak edo liburuak plaza nagusian erretzen ziren sinesmen zuzena ondo txerta zedin jendearen kontzientzian. Bada, filmean agertzen dena auto de fe sasi ekologista bat da, mass-medietan zabaltzen den irri publiko trufatia delarik egungo erreketetan erabiltzen den sua.

Denok dakigu trufak eta suak ez dutela zerikusirik zientziarekin. Gure planetaren etorkizuna jokoan badago, goazen irri grabatuak moztera eta serioski ari gaitezen unetxo batez. Baina hori da behar bada gaurko mass-medietan inoiz ikusi ezingo duzun irudi tabua: norbait txisterik egin gabe edota irribarrea ezpainetan eduki gabe mintzo dena. Seriotasuna da gaurko pornografia, eta irri kontsentsuala bere ifrentzu politikoki zuzena.

Orain aipa dezadan filmearen alde dezepzionagarria. Hain gaude ohituta filme hollywodiarretako katastrofismora, ezen bitxia egiten baita dokumentalaren amaiera. Filmearen lehen hiru laurdenetan dena ondo doa: haize zirimola erraldoiak, uholde biblikoak, sute alimalekoak, glaziarren pitzaketa erdiragarriak… Gure haurrengan pentsatzen hasten gara eta bururatzen zaigu behar bada ez dela beste belaunaldi asko etorriko gure historiari jarraipena emateko –eta baliteke hori gauza ona izatea, azkenean gizateria perbertso hau beste zerbaitek ordezkatu baleza…–. Gure gose apokaliptikoa nahiko ondo asetzen du filmeak. Baina azken laurdenean dena okertzen da. Zer diosku Al Gorek? Bada, dena konpondu daitekeela. Baina ez Bruce Willis agertuko delako azken unean. Ez. Denok batera, gobernuak, biztanleria arrunta, gai garelako klimaren berotze prozesua gelditzeko. Eguneroko gauzatxoetan indarrak eginez, hondakinak erreziklatuz, autoa konpartituz…

Ikusten duzue filme hollywoodiar bat horrela bukatzen: Bruce Willis bere hondakinak erreziklatzera eramaten superheroi laneguna bukatu ostean? Funtsean, Al Gorek esaten diguna da aurrerantzean bera bezain tipo aspergarria izan behar dugula planeta salbatzeko.

Gaizki ulertu al dut filma Jose Inazio? Lagundu iezadazu mesedez.

ASTEKARIA
2007ko azaroaren 18a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#3
Maddi Ane Txoperena Iribarren  |  Pikara Magazine
#4
Manuel Casal Lodeiro
Azoka
Azkenak
Eguneraketa berriak daude