Ingelesa ikasten duenak badaki aditzen iragana osatzeko -ed atzizkia erabiltzen dela oro har, aditz irregularretan salbu. Egoera horrek ez du zerikusirik garai batekoarekin, ingelesa zaharraren aditzak sei joskera mota baino gehiago omen baitzituen. Beraz, denboraren poderioz erregela bakarrera etorri da aditz ingelesa, beti ere irregularrak izan ezik; eta horien artean daude ingelesez gehien erabiltzen diren hamar aditzak. Martin Nowak-ek eta haren lankideek hil honetan Nature aldizkarian argitara emandako artikuluan adierazi dutenez, aditz erabilienak omen dira aldaketarako erresistentzia handiena dutenak.
Nowaken lan taldeak 177 aditz irregular aztertu zituen. Azken 1.200 urteetan, ia 100ek irregular jarraitzen zuten, eta ikertzaileek lortutako ondorioa hauxe izan zen: aditz bat beste bat baino 100 aldiz gehiago erabiltzen bada, hamar aldiz motelagoa da beraren eboluzioa.
Beste ikerlari talde batek hitz arruntak aztertu ditu alemana, grekera, ingelesa eta gaztelania kontuan hartuz eta ondorio bertsuetara ailegatu da: gehien erabiltzen diren hitzak dira gutxien eboluzionatzen dutenak.
Hemen aipatutakoa, ordea, hizkuntza batzuetatik ateratako datu matematikoa baino ez da. Esate baterako, Asiako hizkuntzetan gauza bera gertatzen al da? Horrela bada, ikerketa alor berri bat zabalduko da honen guztiaren zergatia azaltzeko asmoz. y
Chlamy, animalia edo landarea?
Chlamydomonas reinhardtii alga berdea oso preziatua da ikerlarientzat; asko saiatu dira haren genoma sekuentzia lortzen. 10 mikrometro baino neurtzen ez duen organismo horrek ADN osoa nodo batean du eta landareen era berean fotosintesia egiten badu ere, hainbat gene animalien alorrekoak ditu. Hain zuzen ere, bi flagelo higitzea ahalbidetzen dituztenak.
Hori dela eta, aipatu algak hainbat giza-disfuntzioaren jatorria argitzeko lagun dezake batetik, eta eguzki-energiaren inguruko aztarna berriak eman ditzake bestetik. Genevako CNRSko Olivier Vallon eta Laurence Maréchal-Drouard ikerlariek Chlamy goitizenez ezagutzen den algaren 15.000 generen berri eman dute urriaren 12an, Science aldizkarian.
Chlamya ur gezatan bizi da eta lurreko landareengandik orain 1.000 milioi urte bereizi zen, nahiz eta landareen eta animalien arteko bereiztea orain 1.600 milioi urte gertatu. Egindako analisiaren arabera, geneen %35 landare loredunen antzekoak ditu, eta %10 gizakienaren antzekoak. Lurrean biziraun ahal izateko, algak proteina sorta bat gordetzen du, eta horren eraginez mintzean zehar materiala garraia daiteke; hori animaliengan baino ez da gertatzen.