Espainiako Argazkilaritza Konfederazioak Bilbon egingo du aurtengo biltzarra, hilaren 19tik 21era. Bi egun horietan ez ezik, urrian zehar eta azaro hasieran ere hainbat ekitaldi izango da Bizkaiko hiriburuan. Bilbaoargazki’07 ekimenak bost erakusketa, bi hitzaldi eta tailer bat jasoko ditu. BBK kultur aretoan, adibidez, Gabriel Grau argazkilari kataluniarrak Afrikako argiak bildumako irudiak jarri ditu ikusgai. Besteak beste, Keniara, Tanzaniara, Senegalera eta Malira egindako bidaietan ateratako argazkiak bildu ditu (goiko irudia horietako bat da). Halaber, Espainiako Argazkilaritza Saria emango diote Grauri Bilbon. Egitarauak jasoko dituen beste bi ekitaldi esanguratsu Ricky Davila freelance bilbotarrak eskainiko duen tailerra (hilaren 26an) eta Santiago Bernal segoviarrari egingo dioten omenaldia dira. FNAC aretoan Bernalen argazkiz osatutako erakusketa paratu dute, Begirada bizia izenburupean.