Lur azpiko izarren artean

  • Espeleologia arrisku kirola dela pentsa dezake hainbatek, baina beldurrak alde batera utzi eta Hernioko Sagain zelaiko koba barrutik bisitatzea proposatu nahi dizuegu.

    Zailtasunik gabeko koba da eta edozeinek egin dezake, beti ere klaustrofobiarik ez badu, iluntasunaren beldur ez bada, eta lohiaz zikintzeari erreparorik jartzen ez badio.

    Hori bai, adituren batekin joatea ezinbestekoa da hasiberrientzat.
Hernioko Sagain zelaiko koba
Amaia eta Edurne Gartzia
Euskal Herria leku ederra da espeleologoentzat, leizez josita baitaude gure inguruak. Sarrera bertikala duten leizeak dira nagusi, Sagain zelaiko koba horien artean. Bertaratu aurretik, beharrezko materiala bildu dugu: bururako linterna frontala –adituek karburero deiturikoak erabiltzen dituzte–, uretako botak, laneko buzoa edo arropa zaharrak, eskularruak eta kaskoa. Behin materialak hartuta, lau lagunek Asteasu aldera egin dugu. Autoa herriko San Joan eliza ondoan utzi eta hamaiketakoa egin dugu, kobazulo barnean ezingo baitugu jan. Josu eta Mirari dira koban zehar gidatuko gaituztenak eta euren argibideak jarraituz, ahalik eta pisu eta bolumen gutxien eramateko materiala bi motxilatan banatu dugu, koban arrastaka eta tarte txikietan barrena ibili beharko dugu eta.

Haitzuloak sortzeko prozesuari buruz ere ikasi dugu zerbait: modu asko daude, baina denetan arruntena formazio karstikoak sorrarazten dituena da. Lur karstikoetan harriak buztin lehorraren itxura du eta zuloz beteriko lurra da, iragazkorra. Bertan eroritako urak ez du nora joanik eta lur azpira jotzen du zuzenean. Hala, kareharria disolbatu egiten da, eta milaka urte irauten duen prozesuaren buruan, lur azpitik doazen urek pasabide sarea sortzen dute.

Kobazuloko sarrerarantz

Asteasutik ateratzeko, bi biderekin egin dugu topo: bata ermitaren ezkerraldetik Hernioko tontorrera doa eta besteak, errepidearen norabidea jarraituz, ordu erdian kobazuloraino eraman gaitu. Zuhaitz baten azpian eta hesi batez inguratuta, sarrera zaila du kobak, juxtu harrizko bordara iritsi aurreko zelaian, Sagain zelaian.

Batzuek linterna frontalak jarri ditugu eta besteek karbureroak. Karbureroa bi zatitan banatzen da: batean karburoa dago eta bestean ura. Pizterakoan, urari bidea irekitzen zaio eta ura, tantaka-tantaka, karburoarekin elkartzen da, erreakzio kimiko bidez gasa sortuz. Gasa izango da kaskoaren aurrealdean sua sortuko duen erregaia. Beraz, zenbat eta ur gehiago pasatzen utzi, orduan eta su eta argi gehiago izango ditugu.

Kobazulora jaisten hasi gara. Hasierako malda piko handikoa da eta poliki jaisteko aholkua eman digute gidariek, lohiarekin irrist egiteko arriskua baitago. Bat-batean, ezerezetik sortuta dirudien koba handi bat ikusi dugu eta aho bete hortz utzi gaitu. Haize korronte hotza nabari da eta kanpoko hogeita hamar graduetatik gutxi gorabehera hamabostera jaitsi da tenperatura. Buzoak eta botek jada ez digute berorik ematen.

Lurrean arrastaka

Ibiltzeari ekin diogu, begiak iluntasunera ohitu bitartean. Karburerodunak lehenengo eta azken doaz, besteok argi gehiago izan dezagun. Galerietan barrena murgildu gara, eta halako batean, hurrengora igarotzeko pasabide txiki-txiki bat baino ez dagoela ikusi dugu. “Nola sartuko gara gu hor? Ezinezkoa da!”, diogu harrituta. Gidariak, ordea, sartzen hasi dira, lurrean etzan eta arrastaka, beso bat aurretik eta bestea atzetik, hurrengo galeriaraino. Azkenean, oihu eta algara artean, ekin diogu guk ere. Zikintzeari erreparoa zionak ahaztu du lohia, eta lur hezea besarkatuz igaro dugu pasabidea, trabatuta ez geratzeko esperantzarekin. Gezurra zirudien arren, uste baino errazagoa izan da, eta goitik behera bustita egonagatik esperientzia zirraragarria izan da. Gure algarak dira arroken oihartzun bakarra.

Aurrean dugun galeria estalaktita eta estalagmitez josia dago. Orain bai, harri eta zur begiratu dugu paisaia. Izugarri polita da dena, eta dirdira eta ur tanta hotsak dira nagusi. Tanta horiek sorturiko estalaktitak kobazulo sabaian behera luzatzen dira, kaltzio karbonatoak ematen dien kolore bereziarekin. Luzeak, motzak, gortina formakoak, zilindrikoak… Estalaktita gehienek ur tanta dute muturrean. Tanta ukitzeko tentazioa izan dugu, baina segituan ohartu gara ez genukeela hori egin behar, ehun bat urte behar izaten baititu estalaktita batek zentimetro bat luzatzeko.

Argiak itzali eta sakontasunak emandako iluntasunean egon gara minutu pare batez. Tantak entzunez, hezetasunak inguratuta, harriak sentituz, eta orientazioa erabat galdua dugula. Bizipen itzela izan da, dudarik gabe.

Inuzente

Bideari ekin diogu berriz eta laguntza-seinaleak ikusten hasi gara. Gezi batek adierazi digu ondo goazela, eta alboko bidea X batez markatuta dago; sabaia erorita duen galeria bat izango da. Beste zenbait bide estu zeharkatu ostean, Inuzenteen galeriara iritsi gara. Mirarik eta Josuk diote eurek ikusita dutela galeria eta gu sartzeko gonbitea egin digute, ikaragarria omen baita bertan dagoena. Lehenengoa abiatu da pasabidean barrena, baina zutitu denean hara non ez dagoen ezer galerian! Okerrena ez da hori ordea, barrutik kanpora irteteko zuloa estutu egin dela baitirudi beste aldetik.

Kobazuloa ikertzen jarraitu dugu eta laku batekin egin dugu topo, ezusteko bikaina. Berau inguratu eta haitzuloan aurrera Esnebide galeria dugu buruan, hau omen da denetan ikusgarriena. Zenbait pasabide estu zeharkatu ondoren, azkenik iritsi igara Esnebide sarrerara. Ez da sarrera erraza, amildegi baten ertzetik gora doa. Arrastaka egin behar da bide osoa eta itzuleran pentsatzeak beldurra ematen du, baina dudarik gabe, merezi du ahaleginak: horma eta sabaiaren dirdirak betetzen du lekua; milaka mineralen argiak ikusi ditugu dantzan, izarrak bailiran.

Mugarriei segika kanporantz

Orduek aurrera egin dutela ohartu gara eta itzultzeko garaia dela erabaki dugu. Etorreran mugarriak jartzen joan gara eta ez da zaila izango irtetea. Kanporantz goazela saguzarren gorotza topatu dugu lurrean. Asko bizi omen dira kobazuloan, baina guk ez dugu bakar bat ere ikusi, lastima. Beste bisitari batzuen arrastoak ere ikusi ditugu, seinaleak, mugarriak eta buztinez egindako irudi bitxiak –horman itsatsitako aurpegiak–. Halako batean, argia ikusten hasi gara, eta begiak berriz ere ohitu beharrean daude. Sarrerara iritsi eta lur azalera igotzerakoan beroak ezustean harrapatu gaitu. Lohiaz erabat estalita gaude eta nekea da nagusi, baina denak ados gaude: esperientzia bikaina izan da.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude