60 urtetik gorakoak Everestera igotzen

  • 60 urte izatea ez da gauza bera gaur egun edo orain dela 50 urte. Gure kirol-bizitza asko luzatu da azken hamarkadetan, eta hemendik 50 urtera gehiago luzatuko da ziurrenik.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
AEBetako hainbat unibertsitatetako ikerlari talde batek 1990 eta 2005 urte bitartean Everestera igotakoen zenbait ezaugarri aztertu ditu. Denbora tarte horretan, 2.211 eskalatzaile saiatu ziren gailurra zapaltzen, eta oro har helburu hori lortzeko probabilitatea %31koa bazen ere, 60 urtetik gorakoentzat %13ra jaisten zen. Hiltzeko probabilitateari dagokionez, orokorra %1,5ekoa zen bitartean, 60 urtetik gorakoentzat %5ekoa zen.

Datu hauek ez datoz bat mendi “normaletan” ematen direnekin. Horietan, adinak aurrera egin ahala alderdi fisikoak behera egiten badu ere, zuhurtasunak eta esperientziak orekatu egiten dute ahulezia fisikoa.

Egindako azterketan datuen analisi estatistiko hutsa egin da, eta horrek ez du argitu zergatik Everesten kasuan hilkortasun-tasa hainbeste handitzen den. Gaineratu dezagun gailurrera iritsi zirenen artean, jaitsierako hilkortasun-tasa %25ekoa izan zela 60 urtetik gorakoengan, eta %2,2koa baino ez gazteengan.

Gogoratu beharra dago Everestera lehen aldiz igo ziren Edmun Hillary-k eta Tenzing Norgay-k 33 eta 39 urte zituztela hurrenez hurren balentria hori lortu zutenean, eta garai hartan eskalatzaile gehienak 40 urtetik beherakoak zirela. Aldiz, orain eskalatzaile gehienak 40 urtetik gorakoak dira, eta hogeita hamarretik bat 60 urtetik gorakoa.

Sexuen artean ez da diferentzia nabarmenik topatu. Eskalatzaile gehienak gizonezkoak baldin badira ere, hilkortasun-tasaren inguruko datuak zein gailurrera heldu direnenak antzekoak dira.


Kometa bat lehertu zen Ipar Amerikan orain 12.900 urte

Kaliforniako Unibertsitateko James Kenett eta lankideek, orain 12.900 urte gertatutako mila urteko hoztearen peskizan aritu ondoren, Ipar Amerika gainean lau kilometroko diametroa zuen kometa lehertu zela adierazi dute.

Aurkikuntza horrek hoztea eta ugaztun handien desagerpena justifika ditzake, eta urteak eta urteak dirauten eztabaidetan datu berriak ekarri. Ipar Amerikako ipar-ekialdean dagoen Laurentideko izotz-geruzan iridio askotxo topatu da, eta Lurrean dagoen iridiorik gehiena estralurtarra da; horrek eman du kometa leherketaren aztarna. Iridioarekin batera nano-diamanteak eta hainbat gas topatzeak indartu egin du arestian aipatu tesia. Uste denez, kometaren leherketak atmosfera hozteaz gain baso asko erre zituen eta ozeanoetako korronteen zirkulazioa aldatu zuen.

Azkenak
Eguneraketa berriak daude