Modara egokitua

  • Amatxi josi zaleak, prêt à porter eskura errazak, eta bi fenomeno hauen arteko tempo aldea, idem egina bata (snif), bestea INEM eragilea, denbora bera, banderez gain izan daitezkeen ikurren zerrenda, ekologia eta transgenikoen auzia, zenbat garen, kontainerren burujabetza, herriko alarde®-tik Disney Worlderako baserritarkeria mundiala, Espainiako ligarekiko euskal atxikimendu ez koherenteegia. Gai horiek guztiak, eta akaso nik bereizi ez ditudan beste hainbeste, ukitu dituzu, Basterretxea, eta oraindik galdetzen didazu goruak ardatza galdu ote duen? Hala ere, nik ez dakit zer haritarik tira, batez ere, Apalategiren ttakunaren oihartzun dagoeneko urrunari zor –ezen ez gor– sentitu arren, behin bide horri ez lotzea erabaki dudalarik, identitateen balizko –eta (barkatu, pasatzen ari naiz) bolizko– naturaltasunaren eztabaidan ez kiribiltzearren. Ikuskizunak aitzina behar du.
Angel Erro
Angel ErroAIOL
Zertaz idatziko dudan, Urri zertaz erantzunaraziko diodan, oraindik buruan dabilkit. Herriko apaizak behin esan zigunez, aukeren ugariak, kontrakoa balirudike ere, ez omen gaitu libreago egiten. Gizakiak egiatan hautatuko luke bai ala ez erantzun beharrekoetan. Nik inoiz ez nion susmo onegirik hartu makinen aukeramen sistema binario honi. Apaiz bati –apaiz mota asko dago– bizitza oso erraztuko zaio dena ongian eta gaizkian erdibitzean, baliteke, baina niri ez dit balio. Askotarikotasunak dakarren zorabio edo soraio tentazioari buru eginez, erabaki dut gaur jantzietako modaz aritzea.

Jantzia ere bada gure ikurretako bat, baita amonek josten ez dakiten edo zuzenean josi nahi ez duten honetan ere. Homo symbolicusak ezin du ekidin, Midasen zorigaitz eta zorion berarekin, ukitzen duen orok esanahia har dezala. Horregatik, eta gauzak argitze aldera, nik beti aldarrikatu izan dut, lagunak nazkatzeraino, baina inoiz ez foro publiko batean, norbaitek eskuak sartu beharko zituela euskal estetikari buruzko tratatu batean, baina ez Oteizaren hutsalkeria metafisikoen ildotik, baizik eta, janzkeran, orrazkeran eta kontu ttipi horietan darabiltzagun joera nagusiak, eta beraien jatorri eta ondorioak, bildumatzeko asmoz.

“Koadrodun alkandorak, mallak, forroak, mendiko botak, maoizko galtzak, bizar eta txima luzeek identifikatzen gintuzten euskal nortasunaren eredutzat” (kakotxak nireak dira), hala dio Asier Serranok bere poema liburu berrian. Zergatik? Cristóbal Balenciaga eta Paco Rabanneren herrian esanahi nazionala eman zaio zabar ibiltzeari? Gora Euskadi Itsusia nork egin zuen aldarri?

Nik zantzu batzuk baditut. Hemen kontsigna bat da, artifizial gabe, natural agertzea. Eta Adan & Eba moda sortzaileengandik hona ez dagoenez natural ibiltzerik, agindua modu ezberdinetara interpretatzen da: duela hogei urteko estilora jantzita, baserri lanerako arropa estiloa herri edo hirirako ere erabilita, kirola ere sanoa denez kiroleko jantzia okasio guztietara egokituta, emakumeak gizonarekiko diferentziak ahalik eta gehien berdinduta. Azken honek arreta bereizia eskatuko luke. Roberto Arltek gerra aurretik Euskal Herrian eginiko bisitaldian esaten du hemengo neskatilek mutikoak diruditela, orduko kontrol sozial-erlijiosoak ez lituzke eme portatzen utziko.

Orokortzen ari naiz: baditugu Saizarbitoriaren mokasin granateak, Skunkfunk eta are Zara ere, eta seguruenik gehiengoa da hori. Ni neu, nola edo hala, dotoretik baino gehiago daukadan arren baldarretik, moda maite uste dut. Neure burua engainatzen dut kamisa bat erosi ondoren independente sentituz. Zu, Ur, zerk sentiarazten zaitu burujabea?

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude