Hirugarren argitaraldia du Anjel Lertxundik 2006ko abenduan Alberdania argitaletxearen eskutik kaleratu zuen Ihes betea nobelak. Egileak hamazazpi urteko gazte alemaniar batek izango duen ezustekoa kontatu du eleberri honetan. Hitlerren alderdi nazionalsozialista Alemanian geroz eta indar handiagoa eskuratzen ari den garaian gaude. Nazien aurka deus esatera ausartzen denik ez dago, eta nazien jo puntuan dauden guztiak izuak jota bizi dira. Bat dator Ihes betea-ko protagonista nazionalsozialismoaren uste guztiekin, etxean istiluren bat edo beste izaten badu ere. Alemaniak aurrera egiteko behar den guztia egiteko prest dago. Jakina, ideia horren etsaiak gorroto ditu, juduak bereziki. Baina bat-batean bera ere judua dela jakingo du.