Espazio zabalagoak

  • Heldu da. Militante bat, bilduak direnei traktak banatzen: hau Euskal Herria dela eta errespetatu behar dela azalduz, dena lasai ari da pasatzen. Bat-batean, lurretik altxatzen dutela sentitzen du, eta zoko batera eramaten dutela. Hiru gizon dira, beltzez eta zibilez jantziak. Zer gertatzen den galdetzen die. Ea atxilotua den. Zergatik? Berak ez baitu deliturik egiten. “Paperak”. “Ez dut zergatik paperik agertu, ez banaiz atxilotua”. “Izena eman!”: “Mikel Etxeberria”. “Frantsesez hitz egin”. “Hau da nire izena”. “Ha!”. “Beraz, izena idatzi”. Horra hor izendatu behar ez den hurbileko zaintzaileen gogoeta eremua. Ikara sortu. Dupond ez den oro kanpotar gisa ikusi. Jauregian lanean ari zen paperik gabeko baratzezain edo lorezain maliarrari ez zioten paperik eman, bota zuten. Hau da politika berria.

    Umiltasuna aipatzen dute. Gero eta lekukotasun gehiago ematen dute ospea dutenek –edo agintean direnek– frantses paperen eskatzera joan direlarik, frantsesak ote diren frogatzea eskatu zaielako. Askotan, Ipar Afrikan sortuak, hau Frantzia zelarik, gaur egun administrazioaren aitzinean ez dira fidagarri, susmagarri baizik, hain uzkur bihurtu den administrazioaren aurrean. Frantses nortasuna barnetik sumatzen dute, aldarrikatzen dute, eta gero eta gehiagotan zalantzan jarriak dira. Ondorioz, gaia ozenki plazaratzea erabaki dute, egunkarietan bizi izan dituzten abenturak kontatzen dituzte.
Ixabel Etxeberria, Urruñako hautetsia
Ixabel EtxeberriaGaizka Iroz
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Ez da soilik frantsesak bihurtu nahi duten etorkinen arazoa, frantsesak direnak dituzte gaur egun frantses administrazioarekin arazoak, izena ala kolorea, ala biak egokiak ez dituzketelakoan. Baina, nortasunaren inguruko gogoeta horretan bilatzen ahal dute hain maite duten Frantzia ospetsu eta handiki honen sustraiak zer diren? Kolonizazio klasikotik at joaten al dira ikusteko zeren gainean sortu zuten zalantzan ematen ez duten hexagonoa? Arras ongi ulertzen dugu frantses nazionalitatearen defenditzeko nahikeria, munduan lasai bizitzeko bederen, paperak hain garrantzitsuak bilakatu diren kontrol zorrotzen aurrean, baina ez guk dugu partekatzen frantses identitate hori. Guk nortasun agiriak baditugu, euskal instituzioak, Udalbiltzak banatzen dituenak, zer diote gure nortasunaren aldeko eskakizunaren aurrean? Ezkerreko alderdiek ere ez dute horretaz proiektu irekirik.

Identitatearen problematika konplexua da, eta ikasgairik ematen ez gara hasiko. Haatik, bide ilunetara garamatzan erregearen politikaren aurrean, proiektu berriak aurkeztuko ditugu. Udazken honetan, Frantziak isilarazi nahi lituzkeen herri gutxituek sortzen dituzten olerki, antzerki eta hitz askatzaileak elkartuz, hainbeste goraipatzen duten letren Frantzia horretan, baztertua izan den letra mundu liluragarriari, eta amets berriak eskaintzen dizkigun literatur isil horri, espazio zabalagoa proposatuko zaio.

Azkenak
Eguneraketa berriak daude