Ixabel EtxeberriaGaizka Iroz
Ez da soilik frantsesak bihurtu nahi duten etorkinen arazoa, frantsesak direnak dituzte gaur egun frantses administrazioarekin arazoak, izena ala kolorea, ala biak egokiak ez dituzketelakoan. Baina, nortasunaren inguruko gogoeta horretan bilatzen ahal dute hain maite duten Frantzia ospetsu eta handiki honen sustraiak zer diren? Kolonizazio klasikotik at joaten al dira ikusteko zeren gainean sortu zuten zalantzan ematen ez duten hexagonoa? Arras ongi ulertzen dugu frantses nazionalitatearen defenditzeko nahikeria, munduan lasai bizitzeko bederen, paperak hain garrantzitsuak bilakatu diren kontrol zorrotzen aurrean, baina ez guk dugu partekatzen frantses identitate hori. Guk nortasun agiriak baditugu, euskal instituzioak, Udalbiltzak banatzen dituenak, zer diote gure nortasunaren aldeko eskakizunaren aurrean? Ezkerreko alderdiek ere ez dute horretaz proiektu irekirik.
Identitatearen problematika konplexua da, eta ikasgairik ematen ez gara hasiko. Haatik, bide ilunetara garamatzan erregearen politikaren aurrean, proiektu berriak aurkeztuko ditugu. Udazken honetan, Frantziak isilarazi nahi lituzkeen herri gutxituek sortzen dituzten olerki, antzerki eta hitz askatzaileak elkartuz, hainbeste goraipatzen duten letren Frantzia horretan, baztertua izan den letra mundu liluragarriari, eta amets berriak eskaintzen dizkigun literatur isil horri, espazio zabalagoa proposatuko zaio.