Busturiako zazpi fusilatuen oroimen harriak

  • Bizkaian, 1937ko abuztuaren 5ean Busturiako 6 gizon fusilatu zituzten frankistek Derion. Lehenago, Galiziako Ferrolen, itsasontzi bateko bidaiari guztiak ere fusilatuak izan ziren, Santiago Gondra Zigorraga busturiarra tartean. Hona haien oroimen hariak.
Elisa Kaltzada fusilatuak omentzen
Elisa Kaltzada aitaren omenez krabelina jartzen, joan den abuztuaren 5ean.Ahaztuak 1936-1977
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Busturiako elizan hileta elizkizuna deitu zuten. Baina frankisten alkate berriaren eraginez eta Bizkaiko gobernadorearen aginduz, beraien arimaren aldeko hileta debekatzea agindu zioten Busturiko parrokoari. Ofizialki desagertuak ziren. Ez zuten oroimenik merezi. Eta apaizak esana bete zuen. Etxerik etxe joan ei zen hiletarik ez zegoela ospatzerik ohartaraziz. Espainiako Estatu berriko gobernadoreak agindu osoa –terrenala eta espirituala– izango zuen aurrerantzean. Baina ez ahaide ezta herritarrek ere ez zituzten ahaztu. Domeketako meza nagusian, “sepulturetan” kandela argia bizturik izan zuten eta isileko mezak agindu zituzten.

Ondokoak, eskola urteetan jadanik, oroimena jasotzen hasi ginen. San Blas egun batean, zinta zuri, gorri eta berdeak paparrean ipintzearen harira, gertakizun tragikoaren lehen ahotsak entzun nituen. Beranduago etxekoen kontakizuna jaso nuen. Ondoren, ikerketa etnografikoen bidez, gertatutakoa aztertu eta duela hogei urte argitaratu nuen. Oroimena bizi-bizirik zegoen.

1938an, Karmele Lekunberrik Derioko aitaren hilobian gurutzea jartzeko baimena lortu zuen. Urte batzuk geroago, 1947ko abuztuan, fusilatuen ahaideek Derioko lagunen deia jaso zuten: bertako hilerrian fusilatuen hezurrak atera eta lekuz aldatzeko asmoa zegoen. Berehala joan ziren. Doroteo eta Romanen hezurrak igarri zituzten, arropa eta hortzetako aztarnen bidez; Demetriorenak ere bertan zeuden; Hipolitorenak, aldiz, ezin izan zituzten aurkitu. Gaur egun gorderik dituzte beraienak beraien izan zituzten gerriko, hortz eta enparauak.

Hogeita hamargarren urteurrenean, lehendabiziko oroimen garaipena lortu zuten alargun eta senitartekoek: ageriko meza agindu eta ospatzea. 1967ko abuztuaren 5ekoa, fusilatuen ahaideentzat egun berri eta handia izan zen. Izan ere, ageriko meza ospatu ahal izateak hildako bakoitzaren ohorea, izen ona eta zuzentasuna jendartean garbitasunez zabaltzea suposatzen zuen. Gainera, beste batzuen lotsarako, hildakoak herriko buruzagiak zirela eta horrelaxe agertzeko eskubidea zutela esan nahi zuen adierazpen publiko horrek.

1967ko deialdia gomuta orritxo bidez eta ahoz aho egin zen: 30garren urtean lenengo agiriko eleizkizuna. Busturiko Andra Mariaren eliza gotiko zabalak gainezka egin zuen. Elizkizunaren meza Julen Kaltzada, Doroteo Kaltzada fusilatuaren semeak eta beste apaiz batzuek –Emiliano Iturraranek, besteak beste– gidatu zuten, euskaraz. 1967ko deialdian, Busturiko sei fusilatuen eta Ezkaban (Nafarroa) hil zen –edo hil zuten– presoaren izenak agertzen ziren, baina era berean, zera zioen adierazpenak: Gogoan eukiko doguz era bardiñean, galdu ziran beste busturitar gustiak.

Fusilatuen oroimena elizan ez ezik, udalean ere berpiztu zen, fusilatuen seme-alabak herriaren ordezkari bilakatu zirenean. 1979ko udal hauteskundeetan Doroteo Kaltzadaren alaba, Elisa, zinegotzi aukeratua izan zen eta 1983koan, Roman Zearreta fusilatuaren semea, Gorka, aukeratu zuten kargu horretarako. Gerora, familia bereko bilobek ere parte hartu dute udaletxean: Doroteo Kaltzadak eta Andres Zearretak. 1983ko udaleko alkate zenak, J. M. Agirreazkuenagak, Frantzian hiru urtez errefuxiaturik izan zenez (1937-1940), 1914ko Gerraren garaiko frantziarren oroimen publikoak gogoan zituen. Horrela, fusilatuen izen ona eta giza legezko zuzentasuna gogoratzeko, oroigarria eraikitzea erabaki zen, eta 1988an inauguratu zen, Julian Bilbao alkate zela. Horretaz gain, fusilatuen historiari buruzko liburuxka ere argitaratu zuen udalak.

Zergatik fusilatu zituzten?

Busturiarren aurkako epaiketaren berri La Gaceta del Norte egunkari katolikoak eman zuen –1937.07.20: Causa contra unos concejales y vecinos de Busturia–. Beraz, ez zen ohikoa. Busturian ezarri zen errepresioa berebizikoa izan zen, eskualde hartako herrietan gertatu zenarekin parekatuz gero behintzat. G. Steer kazetariak ere aipatu zuen eta New Yorkeko egunkarietan oihartzuna izan zuen.

Demetrioren aurkako salaketa nagusia zera zen: bere ostatuan Eusko Jaurlaritzako kideak bildu zirela. Gernika birrindu ostean, ke artean sartu ziren frankistak –karlista jatorrak eta ipar Afrikako Espainiarren aurkako gerra kolonialetan zaildu ziren “moruak”–, buruzagi militar profesionalen esanetara. 1937ko apirilaren 30ean Busturian motoristak agertu ziren, bandera monarkiko espainiarra aldean zutela. Monarkiko liberalak eta karlistak, arerio izan zirenak, behingoz batera.

Busturian gertatu zen errepresio gogorra ulertzeko, bi abiapuntu ditugu: gerra aurretik herrian bizi izan zen botere borroka batetik, eta 1937ko agintari berriek erretagoardian erabateko garbiketa eta beldurra ondo ereinik utzi nahi izana bestetik. Busturiko herrian, monarkiko liberalak aspalditik ziren aginte politikoaren jabe, karlisten aurkari zuzenak. Zehazki, Arrotegi anaiak ziren nagusi –eskolak eta zaharren egoitzak eraiki zituzten, besteak beste–. Baina Sabino Aranak eragin handia zuen herrian; euskara zela-eta, adibidez, bertako eskolako maisuarekin polemika bizia piztu zen behin. Eta hara nondik, 30 urteren buruan, Aranaren jarraitzaileak monarkikoen gainetik jarri ziren udalean. Baina monarkikoen eta Arrotegiren aginte sarea, Palmira Arrotegiren bidez, oraindik oso zabala eta sendoa zen. Aginte politikoa galdu zuten, baina ez botere ekonomikoak sorturiko babes soziala. Bestetik, errepublikano-sozialistek ere bazuten pisurik, Prieto eta Azaña politikariak bertan ibili izan ziren gerra aurretik –1936ko kolpe militarra gertatu zenean Indalecio Prieto Sukarrietan zegoen, Busturia ondoan–.

Kolpe militarraren ostean, Errepublikaren defentsarako komitea sortu zen eta azaroan udalak aginte osoa hartu zuen. Francoren aldeko ugari zegoen, bereziki, udatiarren artean. Baina Arginzoniz alkateak esan ei zuen: “Ni alkate nasen artean esta gure errijen inor deteniduko”. Areago, Busturian karlista eta monarkikoak ezkutatu egin behar izan ziren, besteak beste Jesusa Urrutxuaren etxean. Hipolito Alvarezek ere Durangoko karlista bi, Orue anaiak, gorde zituen.

Frankistak agintean jarri zirenean, Bermeoko komandante militarrak, Eusebio Garcia de Villarrek, Ricardo Damboronea Castroviejo delegado de mi autoridad en Pedernales y Busturia izendatu zuen. Horrela, damboreneatarren familiaren etxe azpiko solairua, Sukarrieta eta Busturiaren mugan kokatua, bilera gune berezi bihurtu zen. Bertara joaten zen sarritan G. Learreta, Palmira Arrotegiren bigarren senarra. Damboroneak eta bere lagunek udal berria izendatu zuten: Dario Gomez itsas kapitaina izango zen alkate. Lege onean aukeraturiko Busturiko alkateak eta ingurukoek Frantziara alde egin behar izan zuten. Hasierako unean, beste batzuen artean, Sabino Aranaren alarguna ere atxilotua izan zen, hirurogei eta lau urteko alarguna, nahiz eta azkenik etxera bidali zuten gaixorik.

Ezkutatu zirenik ere bazeuden egon: Roman Zearreta, Andres eta Doroteo Kaltzada... Hala ere, ezer txarrik inori egin gabekoak zirela-eta, Derion ezkutaturik egon ondoren, etxera itzultzea erabaki zuten. 1937ko ekainaren 21ean itzuli ziren senideen ondora, ezinbestekoa zelako beraien lana. Baina zinegotzi ohiak ziren eta udaletxean aurkeztu ziren lehenik. Zortzigarren egunean, San Pedro egunean, meza ostean atxilotu zituzten. Uztailaren 2an beraien eta beste lagun batzuen aurkako salaketak sinaturik zeuden jadanik. Sinatzaileak udal berriko alkatea eta beste herritar batzuk ziren. Atxilotu eta salatu ugari izan arren, azkenik hamabi lagun izan ziren epaituak, horietarik 10 ezkondurik.

1937ko uztailaren 18an epaiketa egin zen. Zinegotzi izan zirela, EAJ edo Izquierda Republicanako kide zirela eta gazteak erreklutatu zituztela leporatu zieten, eta horrez gainera, espainolen aurka esamesak esan omen zituztela. Hori guztia honetan laburbiltzen zen: Subversión roja-separatista delakoaren alde zeudenez gero, erreboltariak zirela. Horra bada paradoxa bitxia: Errepublikaren legea bete baino ez zutenak orain salatuak ziren. Eta nortzuk salatzaile? Legearen urratzaileak. Mundua alderantziz. Jakina, indar militar garaileak bere agindua ezarri zuen. Sententzia gogorra izan zen: sei gizon herio zigorrera kondenatuak.

Epaia berriz ikusteko, pertsona ezagunen testigantza zuzenak behar ziren. Alkate eta parrokoarenak lortuz gero aski zen. Andres Zearretak emazteari uztailaren 28an bidalitako gutunean egoeraren azterketa argia eta zehatza egin zuen, lortu beharreko babesa aipatuz. Baina katoliko irabazleen bihotzak gogorturik zeuden. Esaterako, Florencio Bilbaok bere alde testigantza eman zezan Solluben auzo bereko baserritar adiskidea izendatu zuen, jakin barik, berberak izenpetu zuela bere aurkako salaketa.

Beldurraren sozializazioa

1937ko abuztuaren 5ean, Busturian 6 andre alargun eta 17 umezurtz geratu ziren, zerua goian eta lurra behean. Etxeko ezinegona eta negarra, horixe da fusilaturiko seme-alabak gehien gogoratzen dutena.

Busturiko gizasemeak militar eta politiko batzuen erabakiz fusilatuak izan ziren eta ez edozelan erailak. Ezin duguna ahaztu, ezta nahastu ere, agintari berrien asmoa, prozesu osoaren zentzu politikoa eta helburua zein zen: ikara eta beldurra eragitea. Militarrak beldurraren sozializazioa sorrarazten profesional txukunak dira. Agintari berriek uste zuten, politikoki nagusitzeko heriotza zigorren bidea aplikatzea nahitaezkoa zela. Militarren uste ustela baino ez da, pentsatzea, hilketen bidez herrien gogoa eta norabidea alda daitekeenik. 1937ko uztailean eta abuztuan, zigorren beldur joandako batzuk etxeratzen hasi ziren, baina beste batzuk Frantzian geratu ziren badaezpada. Errepresioak gizarteko esparru guztietan jarraitu zuen. Adibidez, 1941ean, urte batzuk lehenago fusilatuak izan zirenak, 250 pezeta ordaintzera kondenatuak izan ziren! Eta bizirik atera zirenak 1.000 eta 2.000 pezeta.

Bukatzeko, Gerra Zibila eta ondorengo egoeraren azterketarako, euskal ahozko historiak oraindik ez du lortu merezi duen agerpena eta onarpena. Hala ere, gizalegezkoa dirudi noizbait burutzea.

Azkenak
Bikotekidea mugikorretik kontrolatzea gazteen artean ohikoa dela frogatu du EHUren ikerketa batek

Maitasun erromantikoari lotuta, nerabe askok normalizatuta eta barneratuta du bikotekideak mugikorraren eta sare sozialen bidez kontrolatu nahi izatea. “Inportantea da ziberbiolentzia gisa identifikatzea, eta ez maitasun seinale gisa”, gogorarazi dute ikertzaileek.


Sexu erasoei lotutako zenbait epaitan bost gizon zigortu dituzte azken egunetan

Sexu erasoei lotutako epai ugari eman dira azken egunetan, eta bost gizon zigortu dituzte. Tuteran izandako bortxaketa batengatik, bi gizoni 9,5 urteko kartzela zigorra ezarri diete. Gasteizen gizon bati bost urteko kartzela zigorra ezarri diote emakume bat bortxatzeagatik... [+]


Dagoeneko 400 gazatar hil dituzte Israelgo soldaduek, laguntza humanitarioa jasotzera bidean

3.000 zauritu ere utzi dituzte Israelgo armadaren erasoek. Maiatzaren bukaeran berrekin zioten laguntza humanitarioari, GHF fundazio estatubatuarraren eskutik; eta ordutik, bertaratutakoei tiro egin diete soldadu israeldarrek.


Oiher Urrutia. Marra gorriak argi
“Erabiltzen gaituzte herriok folklorismorako: landa, animaliak edo euskalkia bera”

Grabagailuari stop eman eta segituan galdetu dit Oiherrek: “Transkribatzean mantenduko duzu euskalkia?”. Baietz nik, batuaren mugek uzten didatenaren barruan baietz. “Arras inportantea da niretako”. Dutxa hartu eta Elizondora eginen du berriz, Aroztegiko... [+]


Amiantoaren biktimentzako konpentsazio-funtsa martxan jartzeko araudia onartu du Espainiako Gobernuak

Legea onartu eta ia hiru urte igaro direnean jarriko da martxan neurria. Espainiako Ministro Kontseiluak onartutako dekretuak dio biktima bakoitzak 32.000 eta 96.000 euro artean jasoko dituela kalte-ordain moduan.


Teknologia
“Bestea”

Bestea”-k gogaituta du gizateria, duena kenduko dio, duena eraldatuko du, kutsatuko du... “Bestea”-k definitzen gaitu... baina “bestea” denok izan gaitezke.

Egun, nor da “bestea”? Nork seinalatzen du izan behar ez dena?

Zapalduen... [+]


Itsas hondoen ustiapena: zientzialariak alarma jotzen, baina moratoriarik ez zerumugan

60 bat estatu eta gobernu buru elkartu dira Nizan (Frantziako Estatua) Ozeanoei buruzko Nazio Batuen Konferentziaren kari. Donald Trumpek itsas hondoen esplorazio eta erauzketa komertziala baimendu eta TMC enpresa kanadarrarekin tratua bideratu berri duen honetan –baita... [+]


Salbuespenak

Hainbeste jainko, arima, teontzi… beren izatea frogatu ezinik, eta jendeak ez ditu sinesten zientziak, kazetaritzak… ahal bezala, baina geure espezieaz harro egoteko moduan, frogatutakoak. Batzuek Lurra laua dela diote, eta debekatuta dagoela Antartikara... [+]


Zein ama ospatu?

Maiatza Birjina Mariaren hilabetea den bezala, amak ospatzeko aukera da Mendebaldeko jendartean. Kasualitatea? Ez dut uste. Frantses lurraldean, Vichyko gobernuak besta hori instituzionalizatu zuen. Helburua bertuteko eta sakrifizioak egiteko prest den pertsona hori handiestea,... [+]


Kantua gidari

Joan den maiatzaren 23an iragan da, Baigorriko elizan, aparteko kontzertu bat: 180 haurrek, 7 eta 15 urte artekoek, maila handiko kantu emanaldia eskaini diote eliza mukuru bete zuen jendeari. Haur horietarik batzuk Donazaharre eta Baigorri aldean kokatua den Iparralai musika... [+]


2025-06-18 | Jesús Rodríguez
PSOEren kea

Ekainaren 6an Presidente Autonomikoen Konferentzia egin zen Bartzelonan, Pedro Sánchez eta Felipe VI.a erregea –emeritu ustelaren oinordekoa, beti da ona gogoraraztea– buru zirela. Isabel Díaz Ayuso faxistak uko egin zion Salvador Illaren eta Imanol... [+]


Sodomia zigortua

Ascension uhartea, 1725eko maiatzaren 5a. “Holandar ontziteriako komandantearen eta kapitainen aginduz, ni, Leendert Hasenbosch, uharte bakartu honetan lehorreratu naute, nire zorigaitzerako”.  

Herbeheretar marinela, 1695ean Hagan jaioa, Ekialdeko... [+]


Eguneraketa berriak daude