Osasun publikoa gu argaldu nahian

  • Ez hiesa, ez minbizia… Azken urteotan, munduko osasun erakunde publikoei buruhauste gehien sortzen dien arazoetako bat loditasuna da. Lehenengo Mundukoei batez ere. Lana gure ordez egiten duten gailuz inguratuta, eta hozkailuak ondo beteta, ez beti jaki osasungarriz, gantzak pilatzeari ekin diogu. Osasun arazoa da, baina oraindik ez dugu behar bezala barneratu, antza denez.
Dani Blanco
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Mendebaldar gizartea lodituz doa etengabe. Erosoago bizi gara, eta geroz eta lodiago, nonbait. “Loditasunaren ezaugarri nagusia epe luzeko gehiegizko gantz metaketa da”, dio Itziar Txurruka EHUko Farmazia Fakultateko irakasle eta nutrizioan adituak, “eta metaketa horren arrazoia kaloria hartzearen eta energia gastuaren arteko desoreka da. Beti ere herrialde garatuez ari gara, elikagai asko dugu eskura, oso energetikoak, eta ariketa fisiko gutxi”.

Gure elikadura eredua aldatu egin da Txurrukaren esanetan: “Lipido asko hartzen dugu, bai kopuruz, bai maiztasunez”. Mediterraneoko dieta behin eta berriz goraipatzen den honetan, badirudi mahaian AEBetakoa gailentzen dela. Eta horrek loditasuna dakar ezinbestean. Arazoa ez da txantxetakoa osasun erakundeen ustez. Osasunaren Mundu Erakundeak (OMEk) aspaldi esan zuen loditasuna gaixotasuna dela; are gehiago, XXI. mendeko epidemiatzat ere definitu du. “Egia da loditu egin garela, eta asko”, dio Itziar Txurrukak, “Europan, esaterako, biztanleen %10 da lodia; gainpisuari dagokionez, gizonezkoen %36k eta emakumezkoen %25ak dauka”. Europarren laurden bat baino gehiago, beraz, loditasunaren atarian dago. “Osasun publikoko arazoa da, eta handia”. Kontuan eduki behar da gaixotasuna izateaz gain, loditasunak beste hamaika gaitz eragin ditzakeela, edo larriagotu.

Kezka horrek eraginda, azken urteotan neurri oldea ari da ezartzen loditasunaren aurka, bai Europan bai AEBetan. Atlantikoaz bestaldean, nolanahi ere, herritar xeheek ez omen dauzkate kontuak hain argi. Txurrukak dioenez, europarrok, modu desegokian jan arren, badakigu behintzat zein izango litzatekeen dietarik gomendagarriena. Estatubatuar gehienek, aldiz, ez dituzte ezagutzen beren elikadura ereduen kalteak. Horregatik beharbada, Europan gainpisua dena, AEBetan ez hainbeste. “25etik gorako gorputz-masa indizea (GMI) daukan pertsonak gainpisua dauka, eta bere burua zaintzen hasi beharko luke, pisu gehiago ez hartze aldera behinik behin. AEBetan, berriz, 27ra arte arazorik ez dagoela esaten dute. Zientziaren ikuspegitik ez da oso zuzena, baina bestela biztanleria zati handiegia edukiko lukete zaindu beharrekoen zerrendan”.

14 milioi lodi Europar Batasunean

Europarrok pixka bat argalagoak gara, baina estatubatuarren bekaitza dugula esan daiteke, haien bidetik baikoaz. EBn 14 milioi inguru pertsonak dute loditasuna, eta osasun publikoko gastuen %7k gaitz horrekin dauka zerikusia. Gainera, urtero 400.000 umeri egiten zaie loditasun diagnostikoa. Zenbait herrialdetan, kopuruak handiagoak dira. Espainia, Portugal eta Italian, esaterako, zazpi eta hamaika urte bitartekoen %30ak dauka gainpisua. Europar Batzordeak aurreikusita dauka 2030ean hamar biztanletik seik izango duela gainpisua, gaur egungo joerak bere horretan segituz gero.

Datuok kezka eragin dute erakunde publikoetan, komunikabideren batek “loditasunaren aurkako gurutzada” modura definitu duena eraginez. Orain gutxi, borroka pasarte berriak izan ditugu: maiatzean, Markos Kyprianou Europako Osasun komisarioak loditasunari aurre egiteko proposamen sorta berria aurkeztu zuen, eta besteak beste, elikadura-industriaren erantzukizuna gogorarazi zuen. EBk neurri bi eskatzen dizkie batez ere: ekoizten dituzten produktuetan gatz, koipe eta azukre kopuruak kontrola ditzatela, eta publizitate egokia egin dezatela. “Industria konturatu egin behar da denbora agortzen ari dela, benetan emaitzak lortu nahi baditugu”, adierazi zuen Kyprianouk komunikabideen aurrean, “pizgarri nahikoa eman diegu loditasunaren aurkako borrokan neurri egokiak har ditzaten; bestela, haien jarduna arautuko duen legedia sortzeko arriskua dute”. Mezua argia da.

Askok ez liokete gaizki iritziko halako legedia bati, eta horien artean lodi elkarte bat baino gehiago dago. Halaxe eman digu aditzera, konparazio baterako, Espainiako AGO elkarteko Manuel Fernandez del Campok: “OMEk loditasuna pandemia zela esan zuen 90eko hamarkada amaieran, eta mundu osoko herrialde asko ildo horretatik ari dira, baina gomendioak eginez, ez legeak”. Beste espainiar elkarte batek, Asofek, gauza bera adierazi digu Berta Piñol presidentearen ahotik: “Azken boladan neurri asko ezarri da, baina iruditzen zaigu itxura hutsa dela. Ez dituzte hartzen benetan hartu behar lituzketen neurriak”.

Bai Fernandez del Campo, bai Piñol Espainiako Osasun Ministerioak indarrean jarritako neurriez ari dira. Neurri horien ardatza 2005eko otsailean abiatutako NAOS estrategia da. Helburu nagusia herritarrei loditasuna benetan arazo larria dela ikusaraztea da eta, aldi berean, bizi-ohitura osasungarriak sustatzea, haur eta gazteengan batik bat. Halaber, industriari eskatu egin zaio gatz, azukre eta gantz gutxiago jartzeko euren produktuetan, Europar Batasunaren ildo beretik. Enpresa askok hala egiten dute dagoeneko, orain dela gutxi Elena Salgado Espainiako Osasun ministroak, NAOS estrategiaren balorazio publiko baikorrean, azpimarratu zuenez.

NAOS estrategiak berebiziko garrantzia ematen dio telebistako publizitateari. Hala, PAOS kodea sortu dute. Adin txikikoei zuzendutako elikagaien publizitateari buruzko gomendio sorta da, azken batean, PAOS. Beste autoerregulazio kode bat, alegia. Madrilgo Gobernuko iturrien arabera, sektoreko enpresa gehienak, 35 handienak barne, kode horren barruan daude.

Frantziako Estatuan ere hartu dira neurriak, eta ez nolanahikoak. Esan nahi baita, debekuak eta guzti ezarri direla. Berbarako, 2004tik gozoak erosteko makinak debekatuta daude eskoletan. Gainera, arau zorrotzak ezarri dira era horretako jakien iragarkiei dagokienez. Datuen arabera, azken hogei urteetan %17 handitu da ume lodien kopurua Frantzian. Biztanleria osoa kontuan hartuta, lodi kopurua 1990ekoaren bi halako da gaur egun (%12 guztira).

Beste herrialde batzuek ere araudiak ezartzea erabaki dute. 2004an, Britainia Handiko Gobernua urratsak egiten hasi zen “zabor-janari” iragarki gutxiago eman zedin arratsaldeko seietatik gaueko bederatziak arte, ustez ume gehien dagoenean telebista ikusten. Orain, herrialde horretako Elikadura Estandarren Agentziak neurriok zorrozteko eskatu dio gobernuari; zenbait jakiren iragarkiak debekatzea nahi dute, gaueko bederatziak baino lehenagoko ordutegi osoan. Hain zuzen, Europan Britainia Handia da loditasun arazo gehien daukan estatua. Izan ere, eta Kingstongo (Kanada) Unibertsitateko ikerketa baten arabera, loditasuna, mundu osoko arazoa izanik, AEBetan, Britainia Handian eta Europako hego-mendebaldean da larrien.

Zenbakiak inon badira ikaragarriak, AEBetan dira. Bertakoen %65 lodia dela kalkulatu da, eta gobernuak, azkenik, zerbait egin behar izan du, urte luzez loditasuna gaixotasuna dela onartzeari uko egin ostean. Hala, Washingtonek erabaki du osasun publikoko funtsaren bitartez ordainduko direla loditasunarekin zerikusia daukaten tratamenduak, non eta osasungintza pribatuaren gotorlekuan. AGO elkarteko Manuel Fernandez del Camporen ustez, neurri horrek arrazoi zehatza du: azken boladan, pertsona lodi asko salaketak jartzen hasiak ziren elikagai ekoizleei, nola erretzaile tabako-industriari. “Salaketok geldiarazteko ebatzi dute diru publikoz aurre egitea loditasunari”. Europan ez dago ohiturarik mota horretako salaketak egiteko. Baten bat ausartu da, Fernandez del Campok dioenez, baina saiakera ustelak suertatu dira beti ere.

Informazioa bai, baina…

Loditasunarenganako kezkak eguneroko bizitzan eragin digu. Nekez igaroko da astebete komunikabideetan gai horren inguruko albiste bat, erreportaje bat, ikerketa bat edo datu berri bat argitaratu gabe. Informazio asko dugu, baina hori ez da berez irtenbidea, Itziar Txurruka irakaslearen iritziz. Informazio gehiegi delako, akaso. “Argitaratzen den horretatik, zer da egokia eta zer ez?”.

Txurrukak “dieta magikoak” aipatu ditu, esandakoaren adibide: “Guk, eskoletan, halako dietak aztertzen ditugu ikasleekin, zeintzuk diren dieta bakoitzaren alde onak eta txarrak, eta abar. Ondorioa da gehienek debekatuta egon behar luketela. Eta halako dietak jarraitzen dituztenak, ospitalean”. Fernandez del Campok, bestalde, informazio kanpaina gogorragoak nahi lituzke: “Administrazioak erakutsi du badakiela, bestelako osasun publikoko arazoekin, jendeari iristen zaizkion kanpainak egiten.
Zergatik loditasunaren kasuan ez? Zer edo zer egiten hasi dira, baina oso apal”.

Txurrukak ongi adierazi duenez, loditasunak harreman estua dauka diruarekin. Lodiak garesti ateratzen zaizkio osasungintza publikoari, baina osasungintza pribatuarentzat, berriz, pagotxa dira. “Jende asko aberastu da gure arazoari esker”, kexu da Asofe elkarteko Berta Piñol, “eta osasungintza publikoa zerbait egiten hasi da, baina oso motel”. Ebakuntza bariatriko bat –obesitatearen aurkako ebakuntza– egiteko itxaronaldia bost urtekoa izan daiteke, esaterako. Askoz laburragoa medikuntza pribatuan, noski, baina baldintzak ez dira beti egokienak. “Ezin daiteke egin halako ebakuntza bat Zainketa Intentsiboetako Unitaterik gabeko erietxe batean, baina egiten dira”, salatu du Piñolek. “Ebakuntza bariatriko bat egin aurretik protokolo bat bete behar da, eta protokolo horrek urtebete irauten du –gaineratu du Manuel Fernandez del Campok–, baina erietxe pribatu askotan ez da egiten. Pare bat egunetan sartzen zaituzte ebakuntza-gelan”. Medikuntza publikoa astiroegi doa eta pribatua garestiegia suerta daiteke: 20.000 euro inguru arazorik gabeko ebakuntza batengatik, Fernandez del Campok dioenez. Zailtasunak suertatuz gero, kopuruak hazi daitezke, eta euren bizitzarekin ordaindu duenik ere ez da falta. Lodi elkarte asko, izan ere, kirurgia bariatrikoak kaltetutakoen elkarteak dira.

Loditasuna gaixotasuna da, baina hiritar arruntaren irudimenean ez da ideia hori zeharo txertatu oraingoz. Gizarte arazoa gehiago, estetikarekin zerikusia daukana. “Medikuengan ere ezagutza falta itzela dago”, dio Berta Piñolek. Itziar Txurrukaren hitzak ere ildo beretik doaz. “Ustez, nutrizioan adituak medikuarekin eta farmazialariarekin batera lan egin behar luke. Baina familia-medikuntzan, gaur egun, ez da horrela gertatzen”. Gure eguneroko medikuak ez omen daki honetaz jakin behar lukeen guztia. “Hala ere –dio Txurrukak– hasi dira zenbait farmazia zabaltzen, non dietistek eta farmazialariek batera lan egiten duten”. Kontua da gutako gehienok badakigula, jakin, zer jan behar genukeen, baina beti nahiago bestea.

Azkenak
2025-07-07 | Ahotsa.info
Iruñerriko mugimendu feminista: “Antolatuta gaude eta autodefentsa feministaz erantzungo dugu”

Sanferminak ate joka direla, Iruñerriko feministek Alde Zaharreko kaleak zeharkatu dituzte, eraso sexisten aurkako aldarria zabalduz.


Bost haur dituen familia bat etxegabetzen saiatzen ari dira Bilboko San Frantzisko auzoan

AZET Etxebizitza Sindikatuak salatu du Poliziak 8:00etatik hartuta duela etxegabetu nahi duten etxeko ataria. Geroz eta auzokide gehiago ari dira gerturatzen etxegabetzea gelditzen saiatzera, eta bi pertsona familiaren etxeko balkoira kateatu dira. 9:30ak aldera heldu da... [+]


Eduardo Ibero (Yala Nafarroa)
“Eskerrak eman nahi dizkiogu Iruñeko jendeari, beraien bultzadarekin heldu gara txupinazoa botatzera”

Eduardo Ibero, Lidon Soriano eta Dyna Kharrat, Yala Nafarroa Palestinarekin plataformako kideek, 2025eko sanferminei hasiera eman dion suziria piztu dute.

 


2025-07-07 | Imanol Muro
Zergatik Joxe Azurmendi euskal gazteontzako?

Euskaraz hitz egiten duen gure herriak zortea izan du azken mende erdi luzean zehar gure herriari buruz pentsatzen aritu den figura bat edukitzegatik. Joxe du izena eta Azurmendi abizena. Oharkabean pasa daitekeen izena da. Bere obra milaka eta milaka orrialde emankorrek osatzen... [+]


BBCk Israelen alde egitera behartzen dituela salatu dute bere langileek

BBCko 100 langile baino gehiagok gutun bat argitaratu dute hedabideak Israelen alde duen jarrera salatzeko. Modu anonimoan egin dute, bestela "ondorio larriei" egin beharko lieketelako. Erresuma Batuko kultura eta komunikazio arloko beste 300 pertsonek ere sinatu... [+]


Martutenek emandako ihesaldi dantzagarrienak 40 urte

Astelehenean, 40 urte beteko dira Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabea presoek Martuteneko kartzelatik ihes egitea lortu zutenetik. Egiako pisu batean izan ziren ezkutaturik bi iheslariak, eta oraindik milaka eztarrik abesten dute «kristoren martxa dabil!».


2025-07-07 | Garazi Zabaleta
Larrinbarri
Ahabi ekologikoak Anbotopetik

Aramaioko Beñat Ibarguren Arrizabalaga da Larrinbarri ahabi ekologikoak ekoizteko proiektuaren bultzatzailea, eta 2012tik ari da Anbotopeko bere lursailetan fruitu gorri landareak eredu ekologikoan lantzen. “Lagun batek eta biok sortu genuen proiektua, hasiera batean,... [+]


“Zazpi sendabelar ukendua”-ri zor dioguna

Ukenduak egiten dituen orok solstizio bueltako data hauetan zeruari begiratu dio: bateko beroa eta besteko ekaitzak, sendabelarrak noiz bildu erabakitzen komeriak izan dira. Ikusten denez, San Joan eguna ez da edozein egun, indar eta sinbolismo bereziko eguna dugu. Edozein... [+]


2025-07-07 | Jakoba Errekondo
Joan deneko usain bete ekain

Eguna mozten hasten den hilabetea, ekaina. Festa aparretan gabiltza baina xorro-xorro, hau esku artean duzunerako dagoeneko hamalau minutu moztu da egun argia. Gu gure eroan, batzuek bere txoroan, ez gara jabetzen baina landareak bai ederki asko! Eguna mozten hasi da eta ez dio... [+]


2025-07-07 | Iñaki Sanz-Azkue
Hegoaldeko suge leuna: ehiztari bat ilunpean

Sugea eta eguzkia: pertsona askoren buruan banandu ezinak diren bi hitz. Sugea entzuten dugun aldiro, egun bero eta argi bat irudikatzen dugu. Buruak hala funtzionatzen baitu: asoziazio horiek egiten ditu duen informazioarekin. Eta ez da arraroa, bestalde; izan ere, sugeak... [+]


Eguneraketa berriak daude