Jean Ren Etchegaray

«Demokraziari aurre egiten diotenak badira Frantzian ere»

  • 1952. Beskoitze (Lapurdi). UDFko kidea (Frantziar Demokraziaren aldeko Batasuna).
    Ipar Euskal Herriko politikari zentrista eta abokatu ezaguna. Baionako Herriko Etxeko auzapezaren albokoa edo alkateordea. Hirigintzako sailburua da: hiriko azpiegituren eta desplazamenduen arduradun nagusia. Batera plataformako kidea. Alderdi abertzaletako hainbat kiderekin hurbileko harremanak ditu. Euskaltzale
    gisa azaldu zaigu.
Mikel Asurmendi @masurmendi
2007ko uztailaren 29a
Jean René Etchegaray
Gaizka Iroz
Jean René Etchegaray François Bayrouren (UDFko burua) ondokoa da. Alta, Baionan, Jean Grenet (UMPri atxikia den Alderdi Erradikaleko kidea) alkatearen albokoa da: “Baionako politikagintzan proiektu asko burutu dugu elkarrekin, ez naiz UMPren aldekoa horregatik”, diosku Baionako Etchegaray auzapezordeak.

Frantziako Estatuan udaberrian burutu ziren hauteskunde presidentzialak zein orokorrak hartu ditugu hizpide solasaldiaren abiaburuan.

Zer balorazio egiten duzu boz presidentzialetan Bayrouk lortutako emaitzez?


François Bayrouk bozen %22,50 erdietsi zuen Baionan, orobat UDFko emaitzak arras onak izan ziren Euskal Herrian. Bayrouk hauteskunde sistema desegokia jasaten du. Maila nazionalean bozen %19 lortzea, bost frantziarretik batek boza ematea eta inolako aukerarik ez izatea, ez da logikoa. Sistema proportzionalagoa balitz Bayrou Frantziako presidentea izan liteke 2012an.

Asanblea Nazionalerako bozketan UDF ia desagertu da Parisko legebiltzarrean.


Hauteskunde orokorretan frantziarren %11k eman digu boza eta bost diputatu besterik ez dugu erdietsi, ez da ere logikoa. UDFk arazoak ditu diputatuen ordezkaritzarekin, bozen kopurua ez da urria baina ordezkaritza, proportzionalki, bai. Eskuinak eta ezkerrak badakite sistema beren aldekoa dela arras, ez dela politikarako egokia. Konparazione, sistema Alemaniako bera balitz UDFk 65 diputatu izango lituzke.

UDFko kide askok UMPren alde (Zentro Berria ildokoek) egin du ordea. Zuk zeuk ere UMPko Jean Greneten aldeko kanpaina egin duzu bigarren itzulian.


Baiki. Kudeaketa politiko-zentristaren irekitze gisakoa da, maila nazionalean eskuinaren irekidura behartu nahi dugu. UDF-MoDem alderdi berria lehenbailehen gauzatzea espero dut, anartean, politika judizialean nahiz politika fiskalean gobernua gibelera egitera behartu dugu, gobernuak ez du iragarri zuen politika ezarri, alegia.


Ipar Euskal Herrian EH-Bai laugarren indarra izan da boz orokorretan.


EH-Baik kontuan hartzeko emaitza lortu du: bozen %7a; 10.000 boz. Boz abertzalea eta ezkerrekoa da, boz finkoa eta Euskal Herriaren isla dena.

Horiek horrela, nola aurreikusten dituzue datozen udal bozak Baionan?


Urrun daude funtsezko ezer errateko, alabaina lehia estua izanen da. Ezkerreko indarrak zerrenda bakarrean biltzen ari dira, ezkerreko abertzaleak bildu nahi dituzte gainera.


Ezkerreko abertzaleak aukera horretan ikusten al dituzu?


Nekez. Baionako ezkerra Henri Emmanuelliren (Landetako Kontseilu Nagusiko burua) aldekoa da, emmanuellista deitua, ezker jakobinista eta arras zentralista. Jean Espilondo buru duen sektore honek euskal arazoa ostrazismoan nahi du, euskaltasunaren arerioak dira arras. Pertsona hauek ez dute Batera plataformak proposatzen duen kontsultaz deus jakin nahi. Zaila zait ezkerrekoak izanagatik abertzaleak Baionan ezkerreko frantses horrekin bat egitea.

Baionako zentro-eskuinarekin bat egin al dezakete?


Baionako udal gobernuan aniztasun handia dago. Ni Grenet alkatearekin ondo moldatzen naiz. Nire proposamen politikoak aurrera eramateko aukera daukat, eta Baterako kidea naiz. Legealdi honetan EAJko Aitor Arandia udal gobernuan ari da. Hainbat ekimen gauzatu dugu, euskal kulturaren eta euskararen esparruan bereziki.

Ezkerreko abertzaleekin akordioak lortzearen aldekoa al zara?


Ezkerreko abertzaleak Angeluko eta Miarritzeko zentro-eskuineko gehiengoarekin lanean ari dira udalean, Baionan zergatik ez? Nik zentro-eskuineko nahiz ezkerreko abertzale asko lagunak ditut. Euskal Departamenduaren aldekoa naiz, gero eta konbentzituago nago ideia horrekin.


Nola daude Bateraren aldarrikapenak?


Bateraren errebindikazioak gero eta hobeto barneratzen ari dira euskal bizitzan eta politikan. Departamenduaren aldeko sinadura kanpainan une zailak bizi izan ditugu, kontsultaren aurrean jarrera uzkurrak izan baitira, alabaina, 30.000 sinadura biltzea biziki adierazgarria da.

Legez, erreferenduma burutu ahal izateko 46.000 behar dira ordea.


Politikan ideiak emeki-emeki zabaltzearen aldekoa naiz. Erreferendumaren afera ebaztea Sarkozy presidentearen esku izan liteke. Duela bi urte, barne ministroa zela Baionara etorri zenean, bere diskurtsoan irekitze gisako bat antzeman nuen. Presidente berria da eta ez dut berehala bere politika juzkatu nahi, hauxe aitzina dezaket alta: UDFko hainbat kiderekin izandako hitzak kontuan hartuta, Sarkozyk afera hau desblokeatu lezake, kontsulta iritsi daiteke, beraz. Bateraren eskaeren aitzinean, emeki-emeki bada ere, Sarkozy jaunak malgutasuna eskaini lezake. Guk urratsez urrats joan behar dugu. Adibidez, Laborantza Ganbararen aferan beste jarrera bat dago Sarkozy presidente denetik.

Laborantza Ganbararen aurka jazarpena nekez ahantzi daiteke horregatik.


Laborantza Ganbara politikari nahiz abokatu gisa babestu dut, administrazio frantsesaren aurkako prozesuaz arduratu naiz. Frantziako administrazioaren jokamoldea onartezina izan da afera honetan.


Jarrera nola argudiatu daiteke ordea?


Nekez. Laborantza Ganbara elkarte bezala sortu zen. Administraziotik zigor salaketa jarri zuten elkarte honen sortzearen aurka, Frantziako legearen arabera elkarteak sortzea librea da ordea. Elkartea ez da desegin izan alta, legea eskuetan ezinezkoa baita. Beraren aurka ezarritako salaketek ez dute segidarik izan, ez baitziren funtsatuak. Administrazioak ezin izan ditu elkarteak bildutako diru laguntzak bahitu. Administrazio fiskalaren aurkako helegiteak irabazi ditugu. Estatuko administrazioak jendea izuarazi nahi izan du, baina poliki-poliki dena etorri da normaltasunera, Laborantza Ganbara onartua da, zutik dago. Honen lekuko Baionako Lurrama feria.


Demokraziaren sehaska omen den Frantzian halakoak gertatzea hala ere.


Frantzian ere badaude demokraziari erresistentzia egiten diotenak.


Baionako udalgintzan segituz, zein dira hirigintzako lehen beharrak?


Baionako hiriaren garapena estrategikoki munta handikoa da Euskal Herriarentzat, demografikoki izugarri azkar hazten ari da. Baionak historian izan duen hiriburu estatusa atxiki behar du eta inguruko herriekin batera garatu. Lurrralde Eskema Koherente (SCOT) planaren bidez ari gara antolatzen hiria. Hogeita hamarren bat herri gaude planean, Landak hegoaldeko bi herri barne. Baiona-Angelu-Miarritze (BAM) proiektuaz harago joan behar dugu metropoli ordenatua eta orekatua eraikitzeko. Aglomerazio honetako erronka handienak enplegua, alokairua eta desplazamendua dira, ni azken honen arduraduna naiz. Gure xedea Donostia-Baiona bitartean garraio sistema egokia jartzea da. Konurbazio hau ez da eraikiko ez badu behar bezalako mugikortasuna lortzen bere barnean. Hiri gisako honek ez du lortu behar duen garraio mota eraikitzea orainokoan, hirigintza blokeatuta dago nolabait.

Baiona-Donostia Eurohiria proiektua ere blokeatuta dago zenbaiten ustez.


Bai, proiektua ez da nahi bezain fite aitzinatzen ari, baina eragileak ez gaude geldirik, ez dut uste Eurohiria blokeatuta dagoenik, bere martxa motelduta dago nolabait. Espainian Y grekoaren eraikuntza azkar doa, hemen aldiz LGVren (Abiadura Handiko Burdinbidea) proiektua ez da aldi berean prest izanen.


Hainbat sektore ez daude LGV proiektuarekin ados.


Egia da. CADEk (Ingurumenaren Aldeko Defentsako Kolektiboa) trenbide berria ez dela beharrezkoa dio, Euskal Herriko ingurumena txikituko duela argudiatuz. Ez naiz iritzi berekoa. Akitaniako Kontseilu Nagusiak –PSko Alain Rousset da presidente eta Berdeak gobernuan daude– ere beharrezkoa ikusten du LGVa.

Zer xede du burdinbide (LGV) berriak?


Helburua ez da bakarrik bidaiariak azkarrago mugitzea, autobideetako kamioien garraioa burdinbidera pasatzea baizik. Bordele-Baiona arteko kamioi garraioa gutxitu liteke baldin eta Europako erakundeek autobideetako garraioa trenbidera pasatzean politika egokia zertzen badute, ingurumena zainduz betiere. Espainia aldean burdinbidearen %60 lur azpitik joanen da, hemen ere, Baionan TGV (Abiadura Handiko Trena) lur azpian joatea nahi dugu.


Baina geltokia Uztaritzen bada?


Hori ez dago zehaztuta. Guk geltokia Baionan izatea nahi dugu eta lur azpian izan dadila. Gainera, RFRekin (Burdinbideen Egituraketarako Bulegoa) izandako lan bilkuretan, LGV eginez gero, pertsonak garraiatzeko eta merkantzientzako trenbideak bereiz daitezen nahia agertu dugu.


CADEko Victor Pachonen iritziz eztabaida manipulatua izan da.


Ez naiz ados. Eztabaida publikoa eta gardena izan da eta CADEk parte hartzeko eta ekarpenak egiteko aukera ukan du.


Bere ustez, adituen txostena tiraderan geratu zen azken finean.


Victor Pachonek arrazoi du CADEk egindako galderari RFRk ez duela behar bezala erantzun dioenean, CADEk RFRk aurkeztutako zenbakiak aurkezteko moldea kritikatu du, arrazoiz gainera. Baina ez da egia, Pachonek dioen bezala, adituek dena zalantzan jarri dutela. Adituek ez dute esan trenbide berria erabat absurdua denik. Adituek dagoen trenbidea baliatu daitekeela diote eta aldi berean trenbide berria ondo aztertzen jarraitu behar dela. Hautetsien nahiz Garapen kontseiluetan garraio arazoa arautu behar dela eta trenbide berria beharrezkoa bada eraikiko dela defendatu dugu. Oraingo trenbideak trafiko berria absorbitzeko balio duen konstatatu behar du ikerketak. Pachon jaunaren iritziz, dagoen trenbidearen aukera ez da ondo aztertu, ezta bere baliabideak ondo egokitu ere. Nik ez dut batere arrazoirik ez duenik ukatzen, baina zaila ikusten dut dagoen trenbideak trafiko osoa bereganatzea. Ondo aztertu behar da, ikerketa osatu behar da oraindik ere. Pachonekin akort naiz, berak RFRi oraingo trenbidea ez dela molde egokienean gaurkotu ez berritu aurpegiratzen dionean.


Pachonek arrazoi partea du beraz.


Jakina. CADEk lan ona egin du eta asko lagundu du lan honetan.

Pachonen iritziz Alain Lamassouren gizona zara.


Ez da egia.

Tirabirak konpontzen dituena...


...eta finean batzuk nahiz besteak atsekabetzen dituena. Lamassouren eta Greneten alde nagoela diote, Etchegaray berme gisako bat dela nolabait. Baina ez da egia. Afera honetan askatasun guztiz aritu naiz. Nik Pachonek egin duen lana biziki estimatzen dut, sakoneko lana egin du. CADEn txostenak LGVren proiektua aberastu du. Batzuek ez dituzte begi onez ikusten beren ekarpenak, ekolo deitzen diete era gutxiesgarrian. Nik beren ekarpenak behar ditugula esaten diet. Abertzaleak tartean direlarik gauza bera gertatzen zait.


Baxenabarreko autobidearen aferan, adibidez? Zer iritzi duzu proiektuaz eta LEIAz, 2x2 autobidearen aurkako taldeaz, alegia?


LEIAk lan ona egin du, baina LEIAko kideek kritikatu naute Jean Jacques Lasserre [Kontseilu Nagusiko presidentea] arerio dutelako. Alde batekoek nahiz bestekoek presionatzen naute. Ni erdian nago, bi aldeen arteko zubi lanetan. Ni alde bakoitzak bere ikuspegia eman dezan saiatzen naiz. Honi esker LEIA Garapen Kontseilu Nagusiko Batzordearen aitzinean eta 2020ko Garapen Eskemaren barneko [Etchegaray da zuzendaria] desplazamendu batzordearen aitzinean mintzatu ahal izan da.

Nola moldatzen zara UDFko kide eta Kontseilu Orokorreko Lasserre presidentearekin?


Ez aise. Alde bakoitzak uste du beste aldean kokatzen naizela. Pentsa, UDFko hainbatentzat ni abertzalea naiz. Ez naiz abertzale, baina ez naiz abertzaleekin ez inorekin mintzatzeko uzkur. Gizarteko sektore guztietan baloreak eta baliabideak daude eta denak behar ditugu erabili. Ez dut uste egia alde batean edo bestean dagoenik, ez zait egia nondik heldu den axola, ekarpena zertarako den edota herritarrentzat egokia den baizik. Agian horregatik paratzen naiz zentroan. Garraio eta desplazamendu politikan gehiegikeriak ikusi ditut bi aldeetan. RFRk LGVri modu dogmatikoan ekin dio, jarrera arras komertzialekin. Halaber, batzuetan sumintzen naiz CADE edo LEIAko kideen jarrera ideologikoek aferei irtenbide ematea baldintzatzen dietelako.

Frantzian demokraziari aurre egiten diotenak daudela esan duzu. Hautetsi guztiek ez dituzte, agian, herritarren eskaerak berdin babesten.


Baina inork ez daki hautetsiek baino hobeto Euskal Herrian behar duguna. Ni zentrista naiz, Europar zalea. Europa behar dugu, eta egia da ez diegula teknokratei dena egiten utzi behar. Espainiak etekin ona atera dio Europari, Euskal Herriak ere orobat. Edonola ere, hainbat hautetsik gure lurralde honen ezagutza politikoa behar dela diogu.


Ipar Euskal Herriarentzat berezko erakundea nahi duzu, beraz?


Bai. Bere ezagutza edo politika berezia behintzat. Ez bakarrik Euskal Herria delako, lurralde hau habitatzen duten herritarrek berezko nortasuna dutelako eta berezko arazoak kudeatu behar dituztelako. Herritarrei, neurri batean, bere etorkizunaz iritzia emateko eta erabakietan parte hartzeko aukera eman behar zaie. Ez naiz autonomiaz ari, baina bai ezagutza emateaz Euskal Herria izan dadin. Nire kasuan, Errepublikaren barruan betiere, Frantziako balore errepublikarren ildoan, balore horiek neureak egiten ditut, eta aldi berean, tokian tokiko berezitasunak errespetuan garatu ahal direla uste irmoa daukat. n
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude