Hiztegietako umezurtzak

  • Kanibalismoa ote?” galdetzen zuen Courrier International astekariko kazetariak, giza geneak txertatu zaizkion arroz bati buruzkoak azaltzen ari zela. Izan ere, nola deitu behar ote zaio haur jaioberrien zirin larria sendatzeko erabiliko omen den konposatu transgeniko horri? Besterik gabe, botikatzat hartuko ote da? Basmati moduko izenik ipiniko ote zaio zakutxotan edo zereal barraren itxuran plazaratzen bada? Ez da erraza gaiak harrotzen dituen hauts guztiak hitz bakarrean biltzea.

2007ko uztailaren 15an
Garbiñe Ubeda
Dani Blanco
Joachim Sauer jauna ez da “gizarroza”. Kimika kuantikoan aditua, Berlingo Humboldt Unibertsitateko irakasle katedraduna, ikerkuntza molekularrean munduko hogeita hamar onenen artean aurkituko dugun zientzilaria da bizibideari dagokionez, baina bioteknologiak ukitutako produktuek bezalatsu uzten ditu berri-emaleak: inork ez daki nola deitu, harekiko tratuan nola asmatu. Bereziki haren emazte Angela Merkel –fisikan doktorea eta ikerkuntza molekularrean aritua hau ere– Alemaniako kantziler bilakatu zelarik, Lehen Damari dagozkion zereginak gogoz ala gogoz kontra gehitu zitzaizkionez geroztik.

Sozialdemokratek eta demokristauek osatzen duten koalizioa zuzentzen duenaren “bibotea” gustuko ez dutenek, esate baterako, Herr Merkel deitu izan diote ironiaz. Ironiaren ironiaz, hobeto esan, hain baita ironikoa norberaren abizena ezkontidearen abizenaren mesedetan galtzea, Pirinioetatik beherako lurraldeetan ez beste, praktika arrunta eta hainbat kasutan ia kuestionaezina izanagatik ere. Edo ironiaren ironiaren ironiaz, benetan zehatzak izanda. Angela Dorotea Kasner-en lehen senarraren abizena baita Merkel.

Batere txarra ez, seguruenik, Cherie Blair edo Hillary Clinton bezalako emakume karreradunen iritzia ezagutzerik balego.

“Operako mamua” ere izan da gizona. Batik bat G8ko goi-bileran estatu-buru boteretsuenen emazteak entretenitzeko lanak hartu aurretik. Ordura arte, haren emaztea Alemaniako historiako lehen emakumezko kantziler izendatu zuten egunean ere ez zuelako azaldu nahi izan eta urteko agerraldi publiko bakarra Bavierako Wagner Opera Jaialdiko inaugurazioan egiten zuelako datorkio goitizen literario hori.

Oraintsu, politikarien arteko ezkontide sonatuenaren rola zertxobait jokatzen hasi denetik, hiztegi lodikote bat baino gehiago astindu da hedabideetan nahiz politikari eta diplomatikoen bulegoetan “lehen dama” delakoaren pareko adiera maskulinoaren bila. Izango ote da berbarik “halakoren senarraren” arrunkeria gainditzearekin batera ohekide izate hutsari ardura politiko kutsua emango dionik? Jakina, goitizen irrigarrietara jotzeak ez du balio.

Zaila, halaber, Egunkaria aferako zazpi auzipetuei gertatzen ari zaiena biribilduko duen hitza aurkitzea. Zer-nolako barne-senak bultzatzen ote ditu Dignidad y Justicia eta AVT elkarteak edota ahozko epaiketa egiteko erabakia hartu duten hiru magistratuak ez punta eta ez ipurdian daukan fartsa neurririk gabe luzatzera?

Pasatakoak pasata, irentsitakoak irentsita, zer ote da aiherkundetik eta gorrototik harago sentitzen dena Euskal Kulturako zazpi biktima ezagunenak –Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Txema Auzmendi, Xabier Oleaga eta Xabier Alegria– prozesu hutsal, mingarri eta infinitu batera kateatu behar izateko...
Kanibalismoa ote?

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude