«Herrien kultura ikasi daiteke paisaian»

  • “Maite ditut basoak, haitzak, harriak, zelaiak, behiak... Horrelakorik ez da hirian, horregatik ez dut hiria maite”. Horregatik bizi da landa-zelaietan, Baiona kanpoaldean. Horregatik alde egiten du mendira ahal duen oro. Gaztetxotan hasi zen bi anaia zaharragoekin: “Beraiek gidatzen zuten mendira eta nik gidatzen nituen mendian”. Ia 40 urtez aritu da, nekagaitz, marrazkiak egin eta notak jasotzen; kartografian. Bidegilea da. Inork ez bezala ezaguten ditu bidezidor xendra estratak, berak ‘egin’ ditu eta. Eta lasterbiderik hartu gabe.
Miguel Angulo
Dani Blanco

Kartografia genealogiko pixka bat egingo al diguzu, hasteko?


Arbasoak jatorriz Burgoskoak izan behar zuten, Angulo herria ere hor hurbil da. XIX. mendearen hastapenean joan zen Ameriketara Nicolas de Angulo, fortuna egitera. Gerora gure aitatxi bueltan etorri zen, Paraguayko enbaxadorea zen Madrilen. 36ko Gerla atera zenean han zeuden aitatxi, amatxi eta aita –hamalauren bat urte izango zituen– eta setioan non gorde ez zuen jende asko hartu zuten enbaxadan. Latza izan zen, noiznahi tiroak sartzen ziren leihoetatik eta orduan azkar denak lurrera. Etxean dugu Paraguayko bandera dena bala-zuloz eta odol arrastoz josia.

Gerla finitzean Frantziara egotzi zituzten. Diplomatikoak izanagatik gainerako errefuxiatuekin egin zuten bidea Bartzelonara, handik Perpinyara, eta azkenik Akizera. Amonaren ahizpa Paraguayk Frantzian zuen kontsularekin esposatua zen eta Akizen zuten udarako etxea. Garai hartan ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula Atlantikoa zeharkatzea, Bigarren Mundu Gerla lehertua zen gainera... Baina ez ziren horregatik geratu hemen: arrazoia izan zen gure aitonak eta amonak ez zutela elkar ulertzen. Aitona bakarrik itzuli zen Paraguayra; amona eta aita bertan laketu ziren. Gero aita Baionara ezkondu zen.

Eta zer bizimodu izan zuten zuen gurasoek?


Harrokeriarik gabekoa, arras zaila zen-eta lana topatzea gerla ondorenean. Ostalaritzan aritu ziren. Aldian behin aitatxik bidalitako sos batzuk iristen ziren eta festa izaten genuen. Lehenbailehen integratu ahal izateko sekula ez ginen gazteleraz mintzatzen. Lizeoan ikasi dut nik gaztelaniaz; horregatik solasten naiz baldar samar.

Mendirako bidea behintzat irakatsi al zizuten?


Mendirako grina aitak emandakoa dut. Lagunekin mendian ibiltzen zen gerla garaian. Iparla edo Artzamendira joaten zirelarik nazien kontrol postuetatik pasa behar izaten zuten. Soldadu austriarrak izaten ziren horietan, zaharrak eta onkoteak, botila ardoa behar izaten omen zuten joaten uzteko. Kozkortu nintzenerako anaiek, biak zaharragoak izaki, bazuten gidabaimena. Beraiek gidatzen zuten mendira eta nik gidatzen nituen mendian. Ez ziren mendizale amorratuak. Ez zuten maite neskekin dantzara joatea; neskekin mendira joatea maite zuten.

Gero Parisen ikasle izan zinen.


71tik 75era. Vietnamgo Gerlaren kontra mobilizazio handia zegoen unibertsitatean. Nire emaztea, Terese, vietnamdarra da gainera. Garai hartan Baionako herriko etxean ari zen lanean. Astero Paristik joan-jina egiten nuen elkarrekin egon ahal izateko. Eta trenean ikasten nuen. Xarmanta zen hura; zazpi oren enetzat bakarrik, nehork trabarik egin gabe. Treneko hamalau oren horiei esker atera nituen ikasketak.


Liburu zahar batek omen du kartografo hasi izanaren errua...


Jean Defos du Raurena, Pyrénées Basques, Guide des Excursions et Ascensions dans les Montagnes du Pays Basque Français. Esku artean hartzea berezia izan zen, lehen aldia zen mendirako gida bat ikusten nuena. Karta sinple-sinpleak zituen, eskuz marraztuak eta ibilbideak ere nolanahika eginak. 1953koa da liburua, nik 68an ezagutu nuen. Tarte horretan Iparraldeak alimaleko garapena ukan zuen; errepideak, muga irekitzea... Arras interesgarria zen 50eko gidaren eta 60ko errealitatearen diferentziak atzematea.

21 urterekin publikatu nituen mendiari buruzko lehenbiziko artikuluak Baionako Euskal Museoaren aldizkarian eta emeki-emeki ezagun egiten hasi nintzen, beste nehor ez baitzebilen horrelakoetan.

Eta liburua, nola heldu zen?


Pabeko Marrimpouey jaunarekin egin nuen hartu-emana, hari aurkeztu nion nire lana. Ni arras gaztea nintzen, bera berriz oso-oso zaharra, eta biziki atsegina. Ordurako bere argitaletxeak galtze handiak zituen eta erran zidan: “Hik editatuko duk heure liburua, nik inprimatu eginen diat eta ordainduko didak irabaziak heltzen zaizkianean”. Eta halaxe egin genuen. Berak uste baino zaluago ordaindu nion hala ere, arras ongi saldu baitzen. 24 urte nituen eta hamazazpirekin hasia nintzen. Lan eskerga zen hura, sakona eta zehatza.

“Kartografia, militarrek asmatutako zera hori” jarri zuen Iñaki Segurolak Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo liburuan. “Zertu” ezazu definizio hori, mesedez.


Ni hasi nintzenean material bakarra militarrena zen. Eta eskas samarra gainera. Batik bat Hegoaldekoa. Espainiako ejerzitokoek, adibidez, mendi bat eskas zuten Txindokiren ondoan. Larraun mendia lekuan harana agertzen zen; harana mendiaren lekuan! Kataluniako Alpina etxeak irauli zuen panorama hori. Ideia ona izan zuten: mendizaleentzat espres egitea kartak, xumeagoak eta ibilbidea seinalatuta zutenak. Baina hastapenean objektu zientifikoak ziren kartak. Militarrek ahal zuten gisan idazten zituzten toponimoak, euskara ez baitzuten fitsik ulertuko. Toponimia frantsesa arrunt gaizki dago. Itxuragabe. Beste hainbeste gertatzen da gaskoiarekin. Pirinioetako izen guztiak armadako ofizialek deformatu bezala bilduta daude.

Izen horiei deformazioarekin heldu zaie baina ‘ofizialtasuna’.


Bon, horrela dira gauzak. La Rhune idatzi zuten eta mundu guztiak La Rhune erraten du. Ikastolan ikasitakoek baino ez dute erraten Larrun, eta hori ere hamabost urtetik hona.

Zuk nola egin duzu izenekin?


Nire kartetan Larrun agertzen da eta parentesi artean jartzen dut La Rhune; Arsamendi Artzamendi jarri dut. Izenekin laguntzaile franko izan ditut eta guztion artean, poxika-poxika sortu dugu euskarazko toponimia. Noizbehinka gertatu izan zait “bataiatu” beharra. Oihanbeltza izeneko erreka baldin bada, basoa, jakina, Oihanbeltza da; eta mendi-lepoak izenik ez badu nik deituko diot Oihanbeltza lepoa.

Erantzukizun handia da “bataiatu behar” hori.


Barruti bateko guneek izen bera izatea naturala da. Zalantza sortzen da bestaldeko barrutiarekin batzen den lekuan. Nola deitu bi haran lotzen dituen lepoari? Horregatik izaten dituzte mugako lekuek bi izen. Oso mendi gutxi daude izen bera dutenak alde guztietan. Irubelakaskoa konparazione: “hiru kasko beltzak” dira Nafarroa Beherean; Baztanen, aldiz, Alkatxuri da. Eta filosofiko jarrita... Nondik dator toponimoa? Zer da, tipo bat duela milaka urte lehizezulotik lekora begira marraskan? Nondik heldu da Iparla? Ze esanahi du eta ze bilakaera izan du izen horrek? Belaunaldiz belaunaldi ahoz aho heldu dira izen horiek harik eta armadakoek izkiriatzen duten arte, betiko materializatuz. Mendetan erabilitako hotsak jartzen ditu militarrak paperean. Gero, emeki-emeki, jendea forma hori erabiltzen hasiko da. Gaizki idatzita, eta agian lekuz aldatuta, dagoen izen hori zabaldu eginen da. Ezin da zehaztasunez esan leku horrek horrela izena ote duen, ez dagoelako jakiteko molderik. Anabasa da.

Berriz ere Segurola: “Kontuan har bedi mendi-giroko eta itsas-giroko jende ez-informatu eta kulturgabeena dela jakintsuena, hau da, bere inguruko leku-izen gehiena dakizkiena”. Horrelako jende askorekin hitz egindakoa izango zara zu?


Anitzekin.

Euskara ez jakitea ez al da eragozpena izan?


Euskararekin dudan arazo bera dut katalanarekin, aragoierarekin, biarnesarekin... Horregatik lekuan lekuko mendi taldeekin elkarlanean aritu izan naiz beti. Euskal Herrian beti ibili izan da nirekin Armendaritzeko (Nafarroa Beherea) lagun bat, Jean Bertrand Ibar. Kultura handiko gizona da eta euskara bikaina darabil. Pasioz bizi du kartografia berak ere. Horregatik norbaitekin topo egiten dugun aldiro berak elekatzen dio beharrezko informazioa erdiesteko. Nire kolaboratzaile finena da. Berak erakutsi dizkit Hegoaldeko eta Iparraldeko berezitasunak, eta toponimoek islatu egin behar dituztela berezitasun horiek.

Kartografoek ez al diozue misterioa kentzen munduari?


Alderantziz. Kartak imajinazioari dei egiten dio. Plano batean haitzak edo arroila ikusiz gero lekua irudikatu eta bertara joateko grina sortzen zaizu. Nahiago dut kartak irakurtzearen plazera, bidaia-literatura baino.

Zer behar da kartografia lan ona egiteko?


Arras zaila da. Niretzat kartografia estetika eta teknika da, ez zientzia. Topatutako agiri, argazki eta karta guztiak bildu eta gero marrazten hasten naiz. Horixe bainaiz ni: marrazkilaria. Ogibidez ere marrazki irakaslea naiz, egin kontu.

Txomin Peillenek puntu kardinalek euskal kosmobisioan zuten esanahia ikertu zuen. Ausartuko al zinateke gaur duten esanahiaz solasten?


Hemen ez dakit, baina Polinesian alderantziz da dena: iparra hegoa da eta egutera iparraldean dago... Kartak interpretatzeko ere lanak ukaten nituen argia alderantziz zegoelako, nahasgarria da. Gainera nik lateralitate arazoak ditut; eskuina eta ezkerra, ekialdea eta mendebaldea bereizteko zailtasunak.

Zuk!? Ezkerra eta eskuina bereizteko arazoak!?


(Kar, kar, kar) ...bai, hala da, asko kontzentratu behar izaten dut. Testuan ekialdea jartzen dudanean mendebaldea nahi dut esan eta nire itzultzaile Imanol Tapia ere, itzultzaile bikaina den arren, hor nonbait ibiltzen da. Nik sud-ouest jarri eta berak hego-ekialdea itzuli. Banan-banan berrikusi behar izaten ditugu norabide aipu guztiak lana amaitu aitzin.

Zer da muga zuretzat? Azken batean kartografook zehazten dituzue mugak.


Sekula ez dut mugarik jarri ene lanean. Sekula ez mugarik Aragoi, Euskal Herria, Katalunia eta Biarno artean. Orain zenbait urte Heraldo de Aragónen idatzi zuen kazetari batek: “Zer dabil Miguel Angulo hori? Inbaditzaileen alde ari da Kataluniako mapetan Aragoi sartuaz...”. Kataluniako mapan Aragoiko zati bat agertzen zelako sutu zen gizona. Ez dakit agian [ironiaz] zuri utzi beharko nukeen Kataluniako mugetatik kanpoko guztia. Sua argitaletxekoei, aldiz, asko gustatu zitzaien mugak ez emate hori. Izan ere, zinez itsusia da kartak mugen arabera moztea.

Baina ez da estetika auzi hutsa?


Mendiak jendeen aitzinetik baziren eta gero ere egonen dira. Jende gutxi bizi da gailur garaietan. Eta muga, hain juxtu, gailur garaienetan jarrita dago. Ezin da erran Vignemale gaskoi baino gehiago aragoarra denik; ezta alderantziz ere. Nik humanizatutako mendia maite dut. Ertz granitiko garaiak baino interesgarriago zaizkit hondar arkitektonikoak, artzain etxolak, xendrak... Herri bakoitzaren kultura ikasi daiteke paisaian.

Nolako kultura erakusten du gure paisaiak?


Kanbiatu da. Iparraldean arazoa dugu pistekin. Mendian bizi den jendeak pista horiek behar ditu, hori ulertzen dut, baina kalte handia egiten dio naturari eta paisaiari. Garazi inguruan ehunka kilometro bide egin dute. Itsusia da guztiz. Zauritu egin dute mendia eta, agian, ez du bueltarik izango.


Ia 40 urte daramatzazu mendian. Mendi-bideak beste aldatu al dira mendizaleak?


70eko hamarkadan apenas ikusten zen jenderik mendian Iparraldean. Hegoaldean, aldiz, baziren ordurako igandeko irteerak antolatzen zituzten talde indartsuak. Beti leku jakinetara joaten ziren ordea: Anbotora, Gorbeara... Iparraldeko mendizaleek nahiago izan dute bakarrik ibili eta Hegoaldean ere denetik da orain.

Esan ohi da menditarrek eta kalekumeek modu diferentean ikusten dugula ingurua. Kaletarrarentzat paisaia miresgarria izan daitekeena zeharo zatarra dela baserritarrarentzat. Basoz soildutako zelaiak dira beretzat politak, egokiagoak direnez.


Itsusiko harriak dira horren adibide. Nolaz izen hori guretzat Bidarrai inguruko lekurik ederrenari? Horrelako azalpenen bat behar du. Itsusi leku itsusia da, naski, ardiak erorita gal daitezkeelako...

“Euskal Herriko leku ezezagunez ez dut gehiago idatziko” zenioen Argian duela hamabost urte.


Euskal Herriko inguru gordeak orain hogei urte atera nuen. 1987an ez zen nehor ausartzen horrelako txokoetara joaten. Gaur Anbotoko damaren koban erromeria izaten da igandero. Argitaletxeak liburu horren gisako bestea nahi du atera baina nik ez. Jende sobera dabil mendian bestela ere.

Nola babestu natura?


Bortxa dugu zenbait parajetara sarrera legez debekatzea. Ez dago beste erremediorik. Erabat basatiak izanen diren guneak mugatu beharko ditugu. Uste dut badela engoitik horrelakoren bat. Erreserba integralak esaten diete, Larran bada bat, Auñamendin.

Ederki, ez al dute eski estazioa egin nahi hor?


Bai, ondoan-edo. Eni ere berri ederra iruditzen zait [ironiaz].

Azkenak
Iheslarien kolektiboko sei kidek Auzitegi Nazionalean deklaratu dute

Bideokonferentzia bidez deklaratu dute Euskal Iheslari Politikoen Kolektibo sei kideak, astelehen goizean. Zitazioetan adierazten zenez, 2013ko gertakarietan oinarrituta ireki dira eginbideak. Sumarioa sekretupean dago.

 


Sorzabalen epaia oinarri hartuta tortura bidez eraikitako frogak indargabetzeko eskatu du Euskal Herriko Torturatuen Sareak

"Erantzukizun publikoa hartzeko ordua" dela esan du Euskal Herriko Torturatuen Sareak, Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabal Guardia Zibilak torturatu zuela onartu eta horregatik errugabetu ostean. Eusko Jaurlaritzari eskatu dio EAEko aitortza eta erreparaziorako... [+]


2025-05-19 | ARGIA
Aroztegiako epaiketari jarraipen berezia

Aste osoan ARGIAko kazetari bat dedikazio osoz izango da auzitegi barruan gertatzen denaren berri ematen, baita kanpoan Aroztegiko Elkartasun Komiteak auzipetuen absoluzioa eskatzeko antolatutako egitarau zabala jarraitzen ere. Argia.eus-en aurkituko duzue informazio guztia... [+]


2025-05-19 | Bertsozale.eus
Maiatzaren 23an eta 30ean jokatuko dira Nafarroako Bertsolari Txapelketako sailkatze saioak

Iruñean eginen da lehen saioa, maiatzaren 23an, eta Jauntsaratsen bigarrena, maiatzaren 30ean. 12 bertsolarik hartuko dute parte, aurreko txapelketan aritu ez zirenak. Horietatik, sei sailkatuko dira urrian hasiko den txapelketara.


Ezustea Errumanian: Europar Batasunaren aldeko hautagaiak irabazi ditu presidentetzarako hauteskundeak

Bukaresteko alkate Nicusor Dan-ek eskuin muturraren hautagai George Simion garaitu du bigarren itzulian. Danek bozen %55 eskuratu du, Simionek %45. Hala ere, eskuin muturra hazi egin da lehen itzuliarekin alderatuta. Errusiaren "esku hartze" polemikan... [+]


Gazaren erabateko okupazioari ekin dio Israelek, eta egun bakarrean gutxienez 150 palestinar hil ditu

Maiatzaren hasieran iragarri ostean, Gaza erabat okupatzeko eta hango palestinarrak kanporatzeko plana martxan jarri du Israelgo armadak. Zerrendan jada hasiak dira ofentsibaren ondorioak pairatzen: azken 24 orduetan eginiko erasoetan, Israelek gutxienez 150 palestinar hil ditu... [+]


2025-05-19 | ARGIA
Bridgestoneko erregulazio espedienteak Basauriko fabrikako 232 langileren kaleratzea jaso du

Bridgestone Japoniako pneumatikoen multinazionalak Basauriko eta Puente San Migueleko (Kantabria) fabriketan dituen 420 langileri eragingo die CCOO, UGT eta BuB sindikatuek astelehenean sinatuko duten erregulazio espedienteak. Ostiralean egindako bozketan, Basauriko plantan... [+]


Etxegabeen kontrako bi eraso egin dituzte Bilbon eta Lekeition

Larunbat gauean gizon batek Bilboko Zorrotzaurreko pabiloi bat erre zuen, bertan bizi diren etxegabetutako pertsona batzuen kontra egiteko. Lekukoen arabera, 33 urteko gizonak errezelei su eman zien bertan zeuden batzuekin eztabaidatu ondoren. Bestetik, pasa den astean... [+]


Beste behin, Israelen inguruko polemika nagusitu da Eurovision jaialdian

Lehiaketan parte hartu izan duten 72 artistak iazko edizioa "historiko politizatuena eta desatseginena" izan zela salatu dute, eta aurtengoa ere ez da salbuespena izan. Online botoari esker gertu izan du garaipena Yuval Raphael Israelgo ordezkariak. Polemikaz beteriko... [+]


Emozioei bai, emotibismoari ez

Sentimenduak izan da gaia Galdera Basatiak podcastaren seigarren atalean, eta horren bueltan zeharkatu dituzte Iñigo Martinezek eta Gari Moyak maitasuna, gorrotoa, tristura, haserrea... Hitz egin dezagun sentimenduen eta emozioen inguruan, baina gogoetatu ere, gogoetatu... [+]


2025-05-19 | Jon Torner Zabala
Koalizio kontserbadoreak irabazi ditu hauteskundeak Portugalen, eta eskuin muturrak gora egin du

Lehen ministro Luis Montenegro buru duen AD koalizio kontserbadorea gailendu da Portugalgo Legebiltzarrerako hauteskundeetan, bozen %61 lortuta –iaz %51 eskuratu zituen–. Irabazleen artean Chega eskuin muturreko alderdiko hautagai André Ventura ere badago,... [+]


ikerketa
Baimenik gabeko etxebizitza turistikoak ustiatzen jarraitzen du PPko Antépararen enpresak

Gasteizko Alde Zaharreko Pintore kalean, atari bateko lau etxebizitzen jabe da Luxury Rental Apartments enpresa. Horietako bi etxebizitza turistiko gisa alokatzeko Jaurlaritzaren beharrezko baimena eskuratu du enpresak, eskuratu aurretik ere alokatu baditu ere, baina Turismo... [+]


ikerketa
PPko Antépararen Luxury enpresa zigortu du laugarrenez Gasteizko Udalak legez kanpoko obrak egitea egotzita

Hirigintza Sailak Luxury Rental Apartments SL enpresa zigortu du 2025eko urtarrilean, Pintore kaleko etxebizitza batean obra “klandestinoak” egitea egotzita. Enpresako partaidetzen %50 Gustavo Antépararena da, eta administratzailea bere bikotekidea... [+]


Irakasleak armairutik ateratzea zergatik da garrantzitsua?

Galdera horri erantzun dio hainbat irakasle ez-heterok, eta gogoetarako gako ugari utzi dituzte. Mundua deskubritzen eta identitate(sexual)a eraikitzen ari diren haur eta gazteek erreferente anitzak izatea eta eskolan denok espazio seguru eta erosoa aurkitzea ederra baita.


Eguneraketa berriak daude