Orioko errioa (Gipuzkoa)

Orio, herria eta errioa

  • Lehen eta orain, izenean eta izanean, batak besteari hainbeste zor dionez ezin konpreni genezake herria erriorik gabe; ezta errioa herririk gabe ere. Biak ezagutzeko modua da honoko proposamena: Triatloia Oriak Oriorekin bat egiten dueneko eremua ezagutzeko, errioa eta herriaren arteko maitasun istorio bat airetik, lehorretik eta uretatik ikusteko. Parapentean, bizikletan eta arraunean.

    Kukuarri mendiko tontorra da herriko punturik altuena. Talaia ederra dago hango gurutzetik, Oteizaren Ama Birjinaren ondo-ondotik. Eguraldi garbiarekin eta prismatikoak hartuta, iparraldean itsaso zabala ageri da, ekialderantz Landetako hondartzak sumatzen dira mugan, eta mendebalderantz Matxitxakoko lurmuturra. Primerako tokia baleak zelatatu eta abisua herritarrei emateko. Gaur, halere, itsasoari bizkar eman eta Ernio aldeko mendiek markoa jartzen dioten koadro ederrari begiratuko diogu. Orio herria eta Oria errioa azalduko zaizkigu oinen pean. Ausartenentzat aukera ederra dago biak, herria eta errioa, txorien ikuspegi berberaz gozatzeko, hegalari, parapente batetik.
Iņaki Iturain
2007ko ekainaren 17a
Orio eta Oria ibaia
Aitor Herran
Ausardia izanez gero, ez dago aitzakiarik, gaur egun bada enpresa bat parapentean jaitsi nahi duenari laguntzeko, Ostargi Parapente Eskola (943 27 81 96 / 629 43 68 66), nahi bada bakarrik, nahi bada aditu batek lagunduta, biko batean.

Ederra da ikuspegia airetik. Ai txori banintz! Han goitik garbi ikusten da Orio eta Oriaren arteko ezkontza. Zer litzateke Orio Oria gabe? Asko eman dio, eta ematen, errioak herriari, tarteka heriozko tributua ere pasa ohi dio baina. Gogoa ematen du ibaiaren erraietan barneratzeko. Baina erriora iristeko, bestaldera abiatuko gara, itsaso aldera eta, haizearen kulunkan, hondartza ondora jaitsi. Han bada nahikoa toki lur hartzeko. Ordu laurden, edo erdi, zoragarria pasako duzu.

Airetik lurrera eta lurretik uretara

Hondartzan lur hartuta, parapentea utzi eta bizikleta hartuko dugu, gure triatloiaren bigarren etaparako. Aspaldi honetan, lehorretik errio ondoan ibiltzeko aukera asko handitu da. Duela urte gutxi arte ez bezala, kilometro asko egin daitezke oinez edo bizikletaz errio ertzean, bere bi aldeetan: hondartzatik abiatu eta Ortzaikaraino eta, bestaldean, barra muturretik Motondoraino. Buelta osoa eginda ia hamar kilometroko ibilbidea dago, ur ertzean betiere. Ibilbidea osatu badugu, pixka bat nekatzeaz gain, honezkero errioan sartzeko gogoa ere sartu zaigu.

Gogo hori asetzeko, uretarako ontzia behar da. Gaur egun ez dago horrelako eskaintzarik, gehienez ere piraguan ibiltzeko aukera ematen du orain dela urte gutxi sortutako Orioko turismo bulegoak (943 83 09 04). Beraz, balizko egoera bat irudikatuko dugu, laster batean gauzatuko delakoan: premia sumatuta, enpresa txiki bat sortu da, jendeari errioa erakusteko. Badira ontzi batzuk eta haiek eramateaz arrantzale zaharrak arduratzen dira. Oriako zeharkaldiko bazterrak erakusteko eta hango bitxikeriak kontatzeko, Urdaibain Edorta Jimenez bezala, Orion bertako hiztun on eta errio zale bat joango da, bazter bakoitzari istorio bat egokituz, errioko joan-etorria natura eta kulturaren batuketa samurra bilakaraziz.

Errioa herritik ikusi ohi dugu, ez gaude ohituta erriotik herria ikusten, eta zinez ederra da.

Hondartza ondoan egin berri duten kirol-portutik abiatuta errioan gora egingo dugu. Portutik atera orduko, gidariak, errioak itsasoarekin bat egiten duen barra erakutsiz, bertso bat kantatuko digu, bertako bertsolari batek barra horretan itotako arrantzaleak gogoan zituela egina:

Oriotarren kezka
minena da barra,
itsasorako duten
ur-bide bakarra,
ogi bila joateko
igaro beharra,
heriotza dutela
zelatari zaharra.

Falange Espainolaren kanpaleku zaharra

Kirol portuaren aurrez aurre, Aia aldean dagoen errio-hondartza ikusten dugula, gidariak hango aldaketaren berri emango digu: han 40ko hamarkadan Falange Españolak Txurruka izeneko kanpalekua sortu zuen, hemengo haurrei haien balioak erakusteko; gaur egun, aldiz, naturaz gozatzera eta euskararen erabileran aurreratzera joaten dira bertara haurrak.

Ontziak, itsaso ondoko ingurunea utzita, herri aldera egingo du. Justu iritsi aurretik, eskuinera Oriaren azken ibaiadarra utziko dugu, Altxerri izenekoa. Neolitikoko pintura ederrak gordetzen dituen kobazuloak eman zion izena errekari, bertatik bertara dago eta. Aurrera eginda, herriaren erdi-erditik pasako gara, arrantza-garaia ez denean han atsedenean dauden arrantza-ontzien ondo-ondotik. Antxoaz gainezka lehorreratzen ziren garaien oroitzapenekin amesten utziko ditugu. Gerra garaian, 36ko irailean dinamitatuta bota zuten zubiaren azpitik pasa eta segituan, eskuinera berriro ere, errioko azken bigarren ibaiadarra utziko dugu, Portuko erreka izenekoa, garai batean Aia aldetik jaisten zuten egurra ontziratzeko baliatzen zuten portu-baserriari izen hartuta.

Ez dira batere toki txarrak bi ibaiadar horiek bertara piraguan sartzeko, naturaz bertatik bertara disfrutatzeko egoki-egokiak, Amazonas inguruan zaudela ere imajinatzeko modukoak. Baina ontzi handi samarrean goazenez, errekatxo horiek alde batera utzita goraka segi eta Orioko Arraun Elkartearen ondotik pasako gara, hau ere eskuinean. Hor gidariak herri honetan tradizio handia duen kirolaz hitz egingo digu, arraunaz, duela mende bete arte balearen arrantzara joateko egiten zen arraunketan sortzen zen lehiak ekarri zigun kirolaz, Orioko herriari, izenean eta izanean, zeharo eragin diona.
Arraunlariekin batera

Errioko zeharkaldi hau marea betean egin beharrekoa denez, ia ezinezkoa da arrauneko entrenamenduan dabiltzan ontziekin ez gurutzatzea. Han ibiliko dira, tostako ontzi tradizionaletan batzuk, aulki mugikorreko ontzi olinpikoetan besteak; uda garaiko estropadak gogoan, gogor entrenatzen, neska eta mutil. Justu aurrez aurre dago zarauztarren kluba ere, oriotarrena ez bezala, Orio herria dagoen aldean.

Aurrera egin eta herriko zubitik kilometro batera-edo, ezkerrean Ortzaika auzoa ageri zaigu, arraunlari handien sehaska, Jose Luis Kortarena besteak beste. Ortzaikaren aurrez aurre, guretzat eskuinean, padura bat daukagu, Motondo, azken urteotan ekologia zaleen eta han fabrikak jarri zaleen edo arraun pista egin zaleen arteko borroka toki bihurtua. Orain, asteburuetan, aerodromo egiten dute, baina jostailuzko hegazkin telegidatuena.

Horiek atzean utzi eta errioak inguru horretan egiten dituen meandroak pasatuta, Aginagako lurretara eramango gaitu errioak, errio izateari utzi eta ibai izaten hasten den eremura, ur gaziak gatza galduta ur geza dakarren mendiko emaria nagusitzen den ingurura. Haraino iristen dira neguan, oraindik gaur egun ere, Aginagari ospea eman dioten arraintxoak, angulak. Han zeuden kokatuta XVII. eta XVIII. mendeetan garrantzi handia izatera iritsi ziren ontziola handienetako batzuk. Ameriketara joan ohi ziren itsasontzi asko bertatik atera ziren.

Ziaboga hartu eta itsasorantz

Aginagaraino iritsita, goraka zihoan marea ere, bere betetasuna igarota, beheraka hasia izango da, eta guri ziaboga emateko ordua iritsia. Itsasorakoan, gidariak hurrengoan buelta arraunean egin dezaten gonbidatuko ditu bidaiariak. Eta errioaren mugetaraino ailegatu direnez, handik aurrerako Oria ibaiaren gaineko datu batzuk emango ditu: Gipuzkoako luzeena dela, Aizkorrin jaiotzen dela, Zegamako lurretan, Tolosa inguruko paper-fabrikek ibaira isurtzen zituzten gai pozoitsuek Europako ibai kutsatuena izateko “ohorea” ekarri ziotela Oriari, ibaia Ebrorekin lotu eta Kantauritik Mediterraneoraino iritsiko zen ur-bidea egiteko proiektu batzuk egin zirela… Ondoren, leman doan arrantzale zaharra, gidariari atseden pixka bat emateko, kantari hasiko zaigu, balearen bertsoak bukaerarako utzita. Benito Lertxundik sortu duen kanturik ederrenetako baten hitzak errezitatzen hasiko da, Oria ibaiari egin zion kantuarenak:

“Gure bazterrak bustitzen dituzun ibaia, aspaldian ustelkeriz zikindurik zatozena. Oraindik ere ikusten dut bizi nahia, borondatea eta maitasuna, igeri dabiltzala zure handitasunean, pozoiketa ez da nahikoa zure hats bizikorra itotzeko, eta oraindik gazia den zure gatza eskertzen dizute arraitxoek. Nik zure barnetaraino murgildu nahi dut gaur, zure maitasunean igeri egin. Zure bustitasunean abiatuko naiz heriotza menperatzeko duzun sekretuaren bila, edertasun guztien leku izan nahi duzunez gero hala izan zaitezen, bizitzaren kantu zaren ibaia”.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude