"Euskaltzaindian zatiketa ez, baina bada bitasuna"

  • Euskaltzain beteranoa da. 1978az gero, Jose Antonio Arana Martijak hogeitaka urte egin ditu lanean, euskararen akademiako biblioteka zuzentzen. Azkue liburutegia ez ezik, ordea, beste hamaika gai izan ditu interesekoak. Agerikoak dira Resurreccion Maria Azkueren gaineko ikerlanak, musika liburuak, askotariko artikuluak eta beste. Ez hain agerikoak, aldiz, bere baitan daramatzan zauriak: bonbardaketa, erbestea, kartzelaldiak… Handik eta hemendik berriketa onean mokoka jardun dugu gure herriaren historia biziaren lekuko zuzen eta erakusgarri den gizonarekin.

Jose Antonio Arana Martija
Dani Blanco
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hortaz, hasi egingo gara…

Ea grabatzen duen…

[Grabagailua geratu dut. Atzera eragin eta Arana Martijari entzunarazi. Aparatua zuzen dabil]. Keinu horrek zer edo zer adierazten du. Zer zara, grabatzen ibilitakoa?

Grabatzen ibili naizen! Armairu bete zinta daukat. Nik egindako grabazioak, esan nahi dut: musika emanaldiak, kontzertuak, elkarrizketak… Altxor ederra daukat. Duela 50 urte nabil kultur lanean. Urtebeteko kultur ikastaroa ere antolatu nuen Gernikan berton, hitzaldiak egin ziren urte guztiko eguaztenetan, eta saio guztiak grabatu nituen. Grabazioak diozu? Pila ditut, larregi, eta astirik ez sailkatzeko!

Bi urte joan dira zurekin hitz egiteko asmoa hartu nuenetik. Gaixo handi zinela eta hobe nuela zu bakean utzi, horixe gaztigatu zidaten. 2002tik hona operazio-gelatik operazio-gelara ibili naiz. Lehenengo, aneurismaren ebakuntza izan nuen.

Aneurisma?

Bular aldean dugun arteria. Normalean hiru zentimetrokoa da, baina nik bederatzi zentimetrora arte zabalduta neukan. Lehertzeko arriskua zeukan, eta lehertuz gero, kito, bazoaz: odola zabaltzen da gorputz guztira eta hor geratzen zara. Hori izan zen lehenengo ebakuntza. Ondoren, barruan josi zizkidaten puntuak askatu egin ziren: berriz zabaldu behar, berriz josi behar. Hirugarrena, halako odol isuria izan nuen. Gorputz guztiko odola galdu ez nuenean! Odol askorik ez nuela eraman ninduten Galdakaora, hilzorian! Odol transfusioak eta. Hurrena… ez dakit. Baina bost ebakuntza izan dira.

Oso denbora gutxian.

2002tik hona. Zortzi aldiz egon naiz ingresatuta! Gernuaren infekzioa ere izan dut: beste hamabi egun Galdakaon sartuta. Horrekin esan nahi dut ez dudala astirik izan lanerako, ez gogorik ere!

Gorputzaldirik ez!

Gorputzaldirik ez. Nire gogoaren kontra, ezina. Hala da bizimodua, eta hala hartu beste erremediorik ez dago.

Irakurrita daukat Marijesien gainean egina duzun lanetako bat, 2003an Euskera aldizkarian argitaratutakoa. Juan Mari Lekuonak egindako eskariaz ari zara, VII. Herri Jardunaldietan Marijesiei buruz mintza zaitezen. Eta, diozu: “2002.eko urriaren 4an eta azaroaren 15etan egin zizkidaten butxikako eta aneurismaren ebakuntzek ezindua utzi ninduten eta ezin izan nuen eskatutako hitzaldia idatzi”. Diozu laburpen bat bidali zenuela, garaiz.

Ez nintzen horretaz gogoratzen.

Oraindik orain, berriz, batari edo besteari esan Arana Martijarekin egotekoa naizela eta denak: “Eta zer moduz dago?”. Eta zer moduz zaude?

Momentu honetan ondo nago. Tira, “ondo”! Azkeneko operazioa mokorrekoa izan nuen. Izterreko hezurra izan zen orduan. Eskutitzak hartzera postetxera nindoala, espaloiaren kontra estropezu egin, erori, jo lurra eta apurtu hezurra. Horixe egin nuen. Eta Galdakaora, ospitalera. Operatuta nago mokorretik. Horregatik nabil bastoiarekin. Iazko abuztuaren 28an izan zen hori. Batetik bestera ibili naiz aspaldi. Lanerako denborarik ez dut izan, eta gogorik ere ez.

Zeuk esan duzuna: “Momentu honetan ondo nago”, krisia gaindituta. Eta, Euskaltzaindia? Zelan ikusten duzu, gaur egun, erakundea?

Ez da erraza zure galderari erantzutea, zeren eta ni akademian sartu nintzenetik hona, 78tik hona, gauza asko gertatu dira. Nik uste dut beharrezkoa zela Euskaltzaindian jende gaztea sartzea agintaritzan edo zuzendaritzan; eta lanean ere bai, posible den artean. 75 urtetik gorakoak emeritu izatea erabaki zen orain dela urte batzuk, eta horren ordezko jende berria sartzea. Eta pilatxoa sartu da.

Oker ez banago, euskaltzain zenduen ordez sartu dira batzuk. Beste batzuk, erakundea gaztetze aldera. Mikel Zalbide, Andoni Sagarna, Bernardo Atxaga, Aurelia Arkotxa… Sagrario Aleman eta Joseba Lakarra ere izendatuta daude…

Beste ohar bat ere egingo nuke, Euskaltzaindiaren gainean galdetu didazunez.

Aurrera.

Uste dut Euskaltzaindia, hasieran, 1918an, Eusko Ikaskuntza sortu zenean, beharrezkoa zelako sortu zela. Orain, euskararen defentsan, euskararen aldeko lanean, erakunde gehiago daude, asko daude, zorionez. Euskaltzaindiak ez du lehen beste lanik, zeren eta lehen bera bakarrik zen euskararen ikur. Orain badaude beste batzuk ere, bai Eusko Jaurlaritzak sortuak eta bai bakoitzak bere bidean sortuak. Gaur egun, ene ustez, Euskaltzaindiak euskararen normatibizaziora mugatu beharko luke bere lana. Normalizazioa, bai Euskaltzaindiaren eta bai beste askoren eskuetan edo ardurapean dago, eta egon behar du. Euskaltzaindiak normatibizazioa egin beharra du.

Euskararen gaineko arauak eman, alegia.

Arauak eman, bai. Horregatik, uste dut, sartu diren batzuek on egingo diotela erakundeari arlo horretan. Esate baterako, Andoni Sagarna batek, Mikel Zalbide batek, kultura hutsean ikasi dugunok ez daukagun garuna daukate. Ingeniaritzan heziak dira, guk ez daukagun buru-sistema daukate; bestelako sistema bat. Horiek beste era batera ikusten dute erakundearen lana, eta uste dut probetxugarri izango direla. Euskaltzaindian antolamendu serioa behar da. Ene ustez, oraindik lehengo ohitura eta ibileren hondarra geratzen da. Informatizatzen hasi ginenean eman genuen lehenengo pauso teknikoa. Nik uste dut bide horri jarraitu behar diogula.

Zertan dira euskaltzainen protagonismoak?

Badaude batzuk –eta ez noa izenik ematen–, protagonismo larregi hartzen dutenak, eta hori ez da ona, zeren eta badago jendea, inguruan dagoena, mindu egiten dena. Kolektiboago izan behar du erakundearen lana. Euskaltzaindia ez da zuzendaritza bakarrik. Zuzendaritza mugatua da: euskaltzainak hogeita lau izan gara orain arte eta orain hogeita hamabi izango gara. Dakizunez, berriak izendatuz joango gara kopuru horretara iritsi arte. Nik uste dut lan kolektiboagoa egin behar dela.

Eta barruko joera ezberdinak?

Prentsan inoiz aipatu da bi talde daudela Euskaltzaindian. Horrelakoetan Andresek [Urrutia] ondo erantzun izan du, esanez Euskaltzaindian bakoitzak bere iritzia daukala. Uste dut hor badagoela… ez zatiketa, baina bai bitasun bat. Izendapenak egiten direnean edo inor euskaltzain izateko aurkeztu edo hautatu behar denean, ikusten da bi bidetik datozela proposamenak. Eta hauteskundeetan ere, bi multzo daudela. Badago unibertsitatekoen taldetxo bat, unibertsitatean irakasle direnek osatua edo, bestelako pentsaera bat dutenak. Beste bitasun bat, bizkaiera famatua eta batua. Eta ekin batzuek alderdi batetik eta beste batzuek beste alderdi batetik. Baina azken bozketetan ikusten da erantzun berdintsuagoak daudela, parekatuagoak, kolektiboagoak. Irudi eginkor eta eraginkorragoa eman behar du Euskaltzaindiak, eta ezinbesteko erakundearen itxura.

“Ekin batzuek alderdi batetik eta beste batzuek beste alderdi batetik”. Hori ere bai?

Bada, bai. Nik uste dut tontakeria dela hori, zeren eta egiten dena egiten da, eta txarto edo ondo, euskara egin behar da. Batak egingo du bere aldekoa, Amorotokoa edo ez dakit nongoa, eta besteak beste alde batekoa. Baina euskara.

Egia esan, egite aldera egin dizut galdera. Uste nuen erantzun samurragoa jasoko nuela. Nolabait esatearren, kopla gutxiago erabiliko zenuela galderari erantzuterakoan… “Euskaltzaindia? Ondo. Gaztetzen. Aurrera”. Gisa horretako hitz hutsak espero nizkizun.

Esan dudana ez da fede dogma, nire komentarioa baizik.

Eta estimatzen dizut. Nik, izan ere, 1992an Jakin-en argitara zenuen artikulua dakart, Euskaltzaindiaren historia eginez datorrena. Krisiak eta beste ari ginen eta Manuel Lekuona, euskaltzain burua, akademiatik kanpo geratzea nerabilen buruan…

Bai, hatxea zela eta, batua eta… Egoera mingarriak izan dira, bai. Garai hartan Mitxelenak hartu zuen egitekoaren gidaritza eta hari jarraitu zioten. Manuel Lekuonak dimititu zuen, edo utzi zuen, eta sartu zen Villasante, Mitxelenaren aldetik zihoana. Hori izan zen momentu kritikoetako bat. Lehenagotik ere izango ziren eta. Baina ez Euskaltzaindian bakarrik. Banabil prestatzen Lacomberi buruzko lan bat. Ez ahaztu hura euskaltzaina izan zela. Besteak beste, Lacomberen eta Schuchardten arteko gutunak lantzen ari naiz horretarako. Horietako batean zera dio Lacombek Eusko Ikaskuntzari buruz eta, zehazki, RIEV aldizkariari buruz, oraindik orain urteak bete dituen aldizkariari buruz: “Nola ibiliko da bada, ongi, aldizkari bat, zuzendaria delako Carlos errege horrekin badabil Europan eta Afrikan barna, ni Parisen banago, eta Baionan inprimatzen ari bagara? Nola ibiliko da, bada, ondo gure aldizkaria?”. Lacombek berak bota zuen lehenengo harrikada RIEV-en kontra. Ez aldizkariaren mamiaren kontra, prozeduraren kontra baizik. Horrelako erakundeetan beti izan dira gorabeherak.

1978an hasi zinen Euskaltzaindian lanean. Hantxe ezagutu zenuen Azkue, baina ez orduan, askoz ere lehenago baizik.

1950 inguruan Gernikan geneukan Artagan lagun taldekoek euskarazko kanta eta antzerkia nahi zuten bultzatu, eta berreskuratu. Eta ni Bilbon nengoenez estudiatzen, Euskaltzaindira jo nuen testu eta musika horien bila. Gizonezko batek hartu ninduen –ez naiz gogoratzen nor zen–, eta orduan ikusi nuen Azkue, mahai gainean erdi makurtuta, “zertan zatoz? Zertan zatoz?”. Esan nion zertara joaten nintzen hara eta: “Egin lan, egin lan!”, esan zuela gogoratzen naiz. Horrela ezagutu nuen nik Azkue.

“Egin lan!”, ala “egin behar!”? Azkue lekeitiarra zen…

Ez dakit. Beharbada “egin behar!” esango zuen. Orduan Euskaltzaindian salgai zeuden Azkueren lan pila. Prontuario fácil para el estudio de la lengua vasca popular, kantutegia… Azkueren hainbat gauza, saldu gabe, salgai. Eta nik pilo bat erosi nuen. Hortik hasi nintzen esaten, “hau ez da edonor!”. Hortik hasi nintzen Azkueren miresle izaten. Haren miresle handia naiz. Haren lanetan ikusten da Azkuek denetarik egin zuela: musika, hizkuntza, kultura… Denetarik. Gero, haren arrastoan, beste lan eta pertsonaia batzuk ere ezagutu nituen… Hegal guztietatik datoz. Izan ere, Azkuek harremanak dauzka Urkixorekin eta halakorekin eta halakorekin… Apurka-apurka hainbat jenderekin interesatzen zara.

Zu hainbat jenderekin interesatu zara eta guardia zibilak ere interesatu dira zurekin. Zuloan sartu zintuzten bitan.

Lehenengoan, 1968an. Astra-Unceta arma fabrikan ari nintzen ni orduan. Idazkari nagusi nintzen. Kargu ona. Baina Astrako zuzendariak eta Augusto Unzetak –Gernikako alkatea, fabrikako buru egiten zuena eta gero, Unzeta Bizkaiko diputatua zela ETAk garbitu zuena–, kontatu zioten poliziari nik ETAri munizioak eta pistolak ematen nizkiola. Halako nahaste-borrastean sartu ninduten! Komisarian epelak hartu –hango egurra!–, eta Astratik bidali egin ninduten. Derrepente lanik gabe, ezer gabe! Esperientzia neukan, hala ere, fabrikan lan egin nuelako eta Zuzenbide ikasketak ere eginak nituelako, eta bulegotxo bat jarri nuen Gernikan bertan. Enpresa aholkularitza. 69an zabaldu nuen bulego hori. Gero, MPI Bartzelonako inbertsio konpainian sartu nintzen. Baina hark kiebra jo zuen eta lan gabe geratu nintzen berriz. Orduantxe hasi nintzen Bilboko Erribera kalera bueltaka, Euskaltzaindiaren egoitzara, Azkueren liburu eta idatziak ikustera. Ez neukan zereginik, eta haraxe.

Horrela hasi zinen Euskaltzaindian!

Bai, Villasanteren eskutik. Azkueren liburu eta paperak zuzentzen hasi nintzen, gero liburu katalogatzen. Garai hartan, Erriberako bibliotekan mila liburu egongo ziren. Orain ehun mila izango dira. Denak katalogatuta. Neuk hasi nuen katalogazio lana. Ez da harrokeria, baina lan asko egin dut nik hor.

Aipu bat dut hona aldatu nahiko nukeena, Jakineko artikulu horren hasieran baliatzen dituzun hitz batzuk: “Euskara barik eta nolabait eusko-era gabe ez dugu datorren gizaldian Euskal Herririk izango eta etenaldi horrek historiaren orrialdeetara baztertuko luke gure herria. Izan zen herri bat…”.

Orain beste era batera esango nuke. Atzo egon nintzen pentsatzen ea zergatik Euskal Herrian bizi diren guztiei deitu behar zaien “euskaldunak”, ez baitira! Euskal Herrian bagaude euskaldunak, eta badaude euskaldun ez direnak, “y son vascos”, diotenez. Euskaraz nola deituko diegu?

Garai batean, “erdaldunak”.

Baina “vasco” sentitzen dira. Eta Maria San Gil ni baino vascoago da.

“Vasco”, baina erdalduna: “vasco erdalduna”.

Ez dago beste hitzen bat horretarako?

Beste hitz bat? Zeu zaude Euskaltzaindian. Hor dira Sagarna, Zalbide eta beste. Asmatuko dizute “euskal herritar” baino biribilagorik!

Ez naiz bileretara joaten. 75 urte betez gero, emeritu naiz. Nahi dudanean joaten naiz Euskaltzaindiaren bileretara. Ez daukat obligaziorik.

Nortasun agiria

Jose Antonio Arana Martija (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1931). Gerra aurrean, ikastolan hasi zen ikasten. 1936ko Espainiako Gerrak etenarazi zuen bidea. Gernikako bonbardaketa 1937an. Frantziako erbestera bidea. Itzulera. Ikasketak Bergara, Artea eta Gasteizko seminarioetan. Batxilergoa. Geroan bere lan izango dituen arloak landu zituen, inpentsan: musika eta liburu katalogatzea. Zuzenbide ikasketak Deustuko unibertsitatean eta, gero, Ekonomia Zientziak. 1959ko kontua du lana. Urte horretan bertan ezkondu zen Maiteder Bareñorekin. 1963an euskal kantuz osatutako lau disko grabatu zituen Bartzelonan, zortzikote bat zuzenduz. 1964koa du lehenengo idazlana, Jakin aldizkarian: Azkueri omenaldi. 1968an, lehenengo espetxeratzea eta lanetik kanporatzea. Hain zuzen, urteen joanean Euskaltzaindira bideratuko zuen gertakariak. Iltze batek beste bat atera zuen. Akademiaren liburutegiaren arduradun izan zen 1978tik 1996ra, erretreta hartu zuen arte.
Gaixoaldiak gorabehera, ez dio lanari utzi. Beste bizialdi oso bat eta bost seme-alaben laguntza beharko lituzke eskuartean dituen proiektuak burutzekotan.


Azkenak
Bizkaiko Golkoa ia bi aldiz azkarrago ari da berotzen munduko batez bestekoa baino

Naturklima fundazioak kaleratutako Itsasoko eta kostako txostena-k argitara eman ditu klima aldaketa euskal kostaldean izaten ari den ondorioak: Bizkaiko Golkoko uren tenperatuta 0,22 gradu igo da hamarkada bakoitzean, 1981tik 2023ra, munduko uren tenperaturen batez besteko... [+]


Protesta egingo dute Los 40 Summer Live jaialdiaren aurka, Zarautzen

Beste urte batez Los 40 Summer Live jaialdia ospatuko dute Zarautzen, eta horren kontra agertu dira herriko hainbat eragile, haien ustez, garrantzi handiagoa ematen zaiolako ekitaldi horri herriko jaiei baino: "Argi erakusten du gure herrian zeinentzat dauden erraztasunak... [+]


Azterketa %90ek suspenditu dute eta Zupiriak esan du: “Ertzain izateko ikasi egin behar da”

3.600 pertsona aurkeztu dira ertzain edo udaltzain izateko lan eskaintza publikoko deialdira, eta 2.800 hautagaiek ez dute proba psikosoziala edota atal teorikoa gainditu. Segurtasun sailburuak defendatu egin du Polizia izateko "exijentzia maila".


CAF-Elhuyar sariak etetea erabaki dute, “baldintza egokirik” ez daudela arrazoituta

Zientzia-dibulgazioa saritzeko erreferentziazko sariak izan dira CAF-Elhuyarrekoak. Antolatzaileek 31. edizioa martxan zegoela etetea erabaki dute, "sariketa behar bezala egiteko baldintzarik ez dagoelako".


Nila Heredia
“Evo Moralesek ingurune toxikoa du, eta ezinbestekotzat jo du bere burua”

Boliviako ezkerreko militante historikoa da Nila Heredia, bi aldiz Evo Moralesen Osasun ministro izandakoa. Abuztuan hauteskunde orokorrak izango dituzte, eta herrialdearen egoera politikoa aztertu du elkarrizketa honetan.


Guggenheim Urdaibai Stop plataformak museoaren proiektua bertan behera uzteko eskatu die instituzioei

Joan den astean aurkeztu ziren proiektuaren inguruko entzuketa prozesuaren emaitzak, eta Guggenheim Urdaibai egitearen kontrako iritziak gailendu ziren. Busturialdearen beharrei "arduraz" erantzutea exijitu die plataformak, eta proiektuaren inguruko informazio eta... [+]


Indarkeria matxista gisa ikertzen ari dira 78 urteko emakumearen hilketa, Zizur Nagusian

Emakumea hilda aurkitu dute bere etxean. Senarrak, 85 urteko gizonak, emakumearen heriotzaren berri eman du, Polizia bertaratu denean diskurtso inkoherentea zuela ohartu eta atxilotu egin dute. 


Konfrontaziora pasatzeko garaia da

Euskararen normalizazioaren motorrak herri dinamikara bueltatu behar du aurrera egin nahi badugu


2025-07-30 | Sukar Horia
Dominatzaile pobreak

Bolo-bolo dabiltza gugandik zenbait kilometrotara gertatutako pogromoak, hamarkada luzetan −mendez mende− zilegituriko arrazismoa oinarri dutenak. Palestinan, Torre Pachecon eta Hernanin, arazoa antzekoegia da, intentsitate ezberdinez bada ere. Moroak dira behe-laino... [+]


Barkamena inprimatzen eta saltzen

Mainz (Alemania), 1454. Johannes Gutenbergek eskala handian inprimatutako lehen liburua argitaratu zuen, Berrogeita bi lerroko Biblia izenez ezagutzen dena. Gutenbergek ez zuen inprenta asmatu; dakigula, Txinan, 1040an, Bi  Shengek asmatu zuen inprimatzeko lehen makina... [+]


Migrazioei buruzko jarrerak gurean

Diskurtso erreakzionarioen gorakadaz ari gara azken urteetan. Dela migrazioei buruz, dela feminismoa, euskara eta abarri buruz. Testuinguru horretan, garrantzitsua iruditzen zait jarrera erreakzionarioak edota migrazioei buruzkoak aztertzeko ez gelditzea titularretan, eta gaiari... [+]


Euskarak Euskal Herria behar du

Euskararen balizko etorkizunari buruzko ikerketa bat ezagutzera eman da berriki, eta zalaparta eragin du bertan irudikatzen den paisaia beltzak. Asaldamendu hori auzitan jarriz abiatuko dut nire ekarpena. Zergatik da harrigarria datu hori? Zein mundutan bizi gara, gure egoeran... [+]


Ergelkeria

Liburuak hasi, utzi… begietatik garunera nagi doaz esaldiak, eta itzali ezin dudan tik-tak bat entzuten dut. Ikus-entzunezkoak pikatzen ari naiz.

Entzun dut burpee, eta Llados, eta body count, eta nahi duzulako zara pobrea, eta Milei, eta Thiel, eta unibertsitatea... [+]


2025-07-30 | Inma Errea Cleix
Kaka

Uda honetako erronka omen sare sozialetan: kaka egitea igerileku publikoetan. Ohikoak dira jokabide zikinak sare horietan, eta batzuek beren gorotz fisikoa libratzea, ororen begi-bistan eta eskura, honezkero gaina hartu digun zikinkeria digital erraldoia hezurmamitzea besterik... [+]


Eguneraketa berriak daude