Normalizazio politiko ezaren araberako hauteskundeak

  • Maiatzaren 27an burutuko dira Espainiako Estatuko udal eta foru hauteskundeak, baita Hego Euskal Herrian ere, beraz. Nafarroan gainera, foru parlamentu autonomikoa hautatuko da. Foro askoren gobernuak berritzeko garaia heldu da. “Gurean” alabaina, normaltasuna ez da heldu hogeita hamar urteko demokrazian. Bake eta normalizazio prozesuaren araberako hauteskundeak dira “gureak”, herri hauteskundeak ere deituak, normalizazio ezaren araberakoak.
Zapatero eta Conde Pumpido
Foru eta udal hauteskunde hauen jitea ezaugarritzen duena Alderdien Legea da, 2002ko ekainean sortua. Legea Terrorismoaren aurkako Itunaren ondoren heldu zen, Ituna PPk eta PSOEk bereziki sortua eta sostengatua izaki. Legea 2003ko hauteskundeetan hasi zen funtzionatzen, Hego Euskal Herrian aurkeztutako AuBren eta herri plataformen kandidaturek bildu zituzten botoak baliogabetuak izan ziren. Harrezkero, hauteskundez hauteskunde, ezker abertzalearen hainbat hautagaitzek zori edota onarpen ezberdinak izan dituzte. 2004an, Espainiako Auzitegi Gorenak eta Konstituzionalak Europako azken hauteskundeetan Herritarren Zerrenda (HZ) elkargoaren zerrenda guztiak baliogabetu zituzten. 2005ean, berriz, Eusko Legebiltzarreko azken hauteskundeetan, Aukera Guztiak hautagaitza deuseztu zuten, aldiz, EHAKren botoak eta biltzarkideak onetsi zituzten. Hauteskundetik hauteskundera, legeak lege, jiteak jite, Euskal Herriko egoera sozio-politiko-juridikoa “normaltasunera” iristeko prozesu bidean dago. Bake eta normalizazio prozesuak aurrera egin ahala, hauteskunde hauek normaltasunaren barruan burutuko ote ziren irudipena edo ustea genuen. Usteak uste, oraindik ere, bake eta normalizazioaren araberako hauteskundeak bizitzen ari gara “gurean”. Gurean, diogu, Espainiako Estatu osoan ere hauteskundeak baitira. Gure artean baina, ez dirudi estatu mailako hauteskundeak direnik ere.

“Hurrengoetan bai”

“Hurrengoetan bai” esaldia ez da gurea, PSOEko Ramon Jauregirena baizik. Jauregik ezinezkotzat jo zuen 2003ko udal eta foru hauteskundeetan Batasunaren ordezko ziren kandidaturak onartzea: “Hemendik lau urtera burutuko diren hauteskundeetan, ziur aski, bai”, adierazi zuen ordea. Espainiako Kongresuko diputatu sozialistak. Legeak lege, Batasuna alderdia legez kanpoko izan arren, EHAKk Eusko Legebiltzarrean parte hartu ahal izatea aurrekari ona izan zen bake eta normalizazio prozesu bidean. Ramon Jauregik aurreikusia ez da bete hala ere, edo ez da osorik bete, behintzat. Oraingoan, auzitegiek Abertzale Sozialisten (AB) zerrenda guztiak galarazi dituzte (232), baina EAE-ANVk aurkeztutako 252 zerrendetatik 119 onartuak izan dira. Edo, bestela esanda, 133 izan dira baliogabetuak.

Espainiako auzitegiak ANV legez kanpo uzteko ezbaian ari zirela –gure uste hutsa da– “independentisten ahotsa bozkaleku guztietan izango dela” esan du ANVren idazkari nagusi Antxon Gomezek. Alderdi hau legezkoa da, berak aurkeztutako zerrenda guztiak ez, ordea. Horra paradoxa. Gainera, ANVk biolentzia politikoa gaitzesten du. Batek pentsa lezake “Demokrazia da ala ez da”. Erdizka onartzen al da demokrazia? Hau da, 119 zerrendetako hautagaiak lege barruan daude eta 133 zerrendetakoak ez. Azken lau urteotan izan den apartheida errepikatuko da, oraingoan erdizka, nonbait.

Prozesua nolako, hauteskundeak halako

Espainiako Gobernua bere asmo politikoen arabera erabiltzen ari da Alderdien Legea. Zenbait unetan legea eta katea sinonimoak bezala irudikatu daitezke: “Bake eta normalizazioaren tempusa eta funtsa nik kontrolatzen dut” pentsatu irudi du Zapatero presidenteak. Hots, “partidaren kartak nik banatzen ditut” adierazi bide dio ETAri. Alegia, “zuk Barajaseko atentauarekin prozesua bertan behera utzi duzu, bada, nik estutzen ditut Legearen kate-begiak”.

PSOEk eta PPk auzitegietan daramaten borroka –eta kontrola– aipatu ohi da sarritan. Estatuko bi alderdi nagusiek, alabaina, judikaturaren independentzia goraipatu izan dute. Dena dela ere, hauteskunde hauetan egin den legearen interpretazioa oso argigarria da zentzu horretan: Estatuko Auzitegi Gorenak nahiz Konstituzionalak Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak inpugnatutako ASren eta ANVren zerrenda berak baliogabetu dituzte. Bestela ikusita: bi auzitegiek zerrenda berberak onetsi dituzte. Botere legegilearen eta botere eragilearen arteko erabateko adostasuna eman da, alegia. Areago, epaileen erabakia aho batekoa izan da. Zer adierazten ote du honek guztiak? Bake eta normalizazio prozesua ez dela horren kolokan, pentsa dezake batek. Beste batek, aldiz, alderantzizkoa. Irakurle bakoitzak bere juzkua izanen du.

Nolanahi den ere, alderdi politiko guztiek diotenez, hauteskundeak ez dira normaltasunaren barruan garatzen ari. Bakoitzak arrazoi desberdinak ditu, jakina. Bi dira ordea, itxura batez, egoera soziopolitikoarekin, oro har, gustuen daudenak: PSOE eta EAJ. Hauek ere ezin dituzte horregatik ezkutatu euren “bainak” eta “arantzak”. Esate baterako, Eusko Jaurlaritzak berak (EAJ, EA eta EBk sostengatua) Alderdien Legeak ez duela sabaia jo ohartarazi du. PP gobernuan zegoen garaiko mamu politikoak ez dira guztiz uxatuak, antza. PPren itzala luzea eta eraginkorra da oraindik ere. Zapaterok berak azpimarratu duenez, hauteskunde hauetarako inoiz baino zerrenda gehiago baliogabetu da. Legea bete ez ezik, legea katea da.

Arestian erran bezala, hauteskunde hauek Estatu mailan ere burutzen ari dira eta 2009ko hauteskunde orokorren aurreko primariak bezala hartu behar dira. PSOE ez da pole positione galtzeko deskuidatu. Espainiako presidenteak “Alderdien Legea bete dela” adierazi du Gasteizko PSE-EEko mitinean. “Espainiako Gobernua gauzak ondo egiten ari da” berretsi du Zapaterok. Bitxia da gero, PSOEk ez beste alderdi guztiek kritikatu dituzte epaileen azken erabakiak.

PSOEk eta EAJk prozesua eteteko nahia

ASren zerrenda sostengatutako ezker abertzalearen kideek bake eta normalizazio politikoaren prozesua eten nahi izatea leporatu diete PSOEri eta EAJri. Euren hitzetan, PSOEk EAJ “bidelaguna” dauka prozesuarekin amaitzeko. Batasunak ANVren aldeko botoa eskatu du Pernando Barrenaren ahotik. Cándido Conde Pumpido fiskalaren ustez, Batasunak botoa eskatzea ez da nahikoa ANV legez kanpo uzteko. PP izan ezik, denak ados. Batasuneko kide eta abokatu Jone Goirizelaiak “demokraziarik gabeko udalik ez osatzeko” eskatu du, bestalde. Josu Jon Imazek, berriz, “PSOE eta Batasuna hauteskunde kanpaina hauetan jokoan ari dira” esan du ARGIAko orrialdeotan

EAJren “arantzak”

EAJren “arantzak” Irungo Ogasunean ageri dira. Iruzurra bost milioi eurokoa da. EAJk kudeatutako Gipuzkoako Foru Aldundiak “berea zalantzarik gabeko kudeaketa” izan dela dio, baita Batzar Nagusietako talde guztiek kontuak ikuskatzea izanen dutela esan ere. “Arantzak” eta “zalantzak” bat omen datoz balantzan. EAJrentzako zalantza-balantzak Jon Jauregiren inguruko aferarekin hasi ziren jada. Demokrazian, jakina, kontrakoa frogatzen ez den bitartean, inputatuak errugabeak dira. Demokrazian, gainera, justizia berez mantso doa eta jainkoaren bideak ezin asmatuzkoak dira. Asmatzeko baina, demokrazian aritu behar duzu.

Hogeita hamar urteko demokrazia joan da, baina oraindik ere normalizazio politikorik gabeko hauteskundeak bizi ditugula ondorioztatu dezakegu. Normalizazio politikorako bidean funtsezko ziren –edo behar luketen– hauteskunde hauetan, herritarrok funtsezkoa ezagutzetik urrun gaude. Normalizazioa lortu beharrak –bake eta normalizazio beharrak– normaltasuna estaltzen du.

Nafarroako Parlamentua eta udalak

Normalizazio beharrak normaltasuna eskatzen du. Normaltasuna, herritarrok alderdien programak –tokian tokiko hezkuntza, osasungintza edota hirigintza, besteak beste– ondo samar eta gertutik ezagutzea da normaltasun politikoa. Gurean, normalizazio ezak herrietako politikaren ezagupena aldentzen du.

Alta, asko eta ezberdinak dira hautatu beharreko foro demokratikoak. Gurean, Nafarroako Parlamentua gailentzen da besteen gainetik. UPNko Gobernuaren alternatiba gauzatuko ote den esperantza daukate oposizioko alderdiek. PSN eta Na-Bairen aukerak balantzaren gainean ezarri dira, inkesten balantzan hasteko. Inkesten jokoan ez da ANVren aukera ordea –ezta ASrena ere–, hauen zerrenda baliogabetua izan baita. Iruñeko Udalerako ANVren zerrendak baimena jaso du ordea, alegia “toleratua” izan da. Zerrenda hau “legaltasunaren” mugan dago nonbait, Parlamenturako zerrenda ez. Alderdi guztiek onartu dute egoera, baita ANVk berak ere. Puntu horretara iritsita, hogeita hamar urteko “demokrazia” honek alderdi guztiak berdindu edo homologatu dituela ondorioztatu dezakegu, baita ere.

EAEko udalak nahiz aldundiak

Hamaika dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foro demokratikoetarako –udalak nahiz batzar nagusiak– aukeratuko diren zinegotziak eta biltzarkideak. Nafarroan bezala EAEn ere, alderdi bat bera ere ez da demokrazia honen normaltasunarekin guztiz konforme. Batetik, legez kanpo geratu diren ANV nahiz ASren zerrendak daude, herritarren zerrendak ere deituak. Izan ere, Nafarroan bezala EAEn ere, bitxia da ANVren zerrendekin epaileek hartutako erabakia. Eta bitxia da ere Gipuzkoan, konparazione, Urretxuko zerrenda legezkoa izatea eta Zumarragakoa ez. Halaber, zergatik Hernani, Arrasate edo Errenteriako zerrendak legezkoak dira eta beste hainbat herritakoak ez? Bestetik, gainerako alderdiak kanpaina ekitaldietan hainbat herritarren erasoak jasaten ari dira. Zaila da, beraz, batekoen nahiz bestekoen programak normaltasunez ezagutzea.

Hala ere, alderdiak kanpainan ari dira. Eta kanpaina honek baditu berezitasunak. Nagusia, hasieran aurreratu dugunez, duela lau urte ez bezala, ezker abertzaleko herritarren zerrenden –guztiz baliogabetuak geratu gabe– erdia edo, onartuak izatea ANVren izenean.

EAJ eta EA oraingoan koalizioan ez aurkeztu izana da bigarren berezitasuna. Normalizazioaren seinalea edota normaltasun nahia izan daiteke, EAko sektore batentzat bereziki. Hautestontziek esango dutenaz gain, hauteskundeen ostean –maiatzaren 27az geroztik– bi alderdi hauen artean izanen diren akordioak oso esanguratsuak izanen dira datozen urtetako politikaren norabidean, baita bake eta normalizazio politikoaren bideak nondik nora urratuko diren ezagutzeko ere.

Batzuek dioten bezala, egia bada EAJ eta PSOE elkar hartuta ari direla, Gasteizko Udalean eta Arabako Foru Aldundian alternatibak gauzatu litezke EAJren eta PSE-EEren akordioaren ondorioz. Beste batzuek dioten arabera, aldiz, normalizazio bidea Eusko Legebiltzarrean gobernatzen duen hirukoaren (EAJ, EA eta EB) bidean gauzatuko da. Areago, hirukoa ezezik, laukoa izan liteke normalizazioaren bermea, Aralar alderdia litzateke laugarrena.

Hauteskunde hauetan hirugarren berezitasuna EB-Aralar koalizioa da. Kasuon ere, hautestontziek ezker berri bat sortzeko abagunerik dagoen agertuko dute maiatzaren 27aren biharamunean. Alabaina, ezker berria izanen bada, ezker honek alternatiba sendoak eskaini beharko ditu etxebizitzaren, etorkinen, errauste planten edota AHTren arazoak konponbidean jartzeko. Ezkerreko politika bakarka landuz edo lauko gobernuak osatuz herri foroetan? Hori dilema! Ezkerraren dilema. Hogeita hamar urtetan, oro har, ezkerrak ez baitu gobernatu euskal erakundeetan.

Normaltasuna “neurrian”

Alderdien Legea “neurrian” bete dela adierazi du Espainiako gobernuburu Zapaterok. Juan Carlos I.a Espainiako errege eta estatuburuak –Irlandako bake eta normalizazio prozesua hizpide– hemen ere “saiatu beharra dago” esan du, bere kasa –gure uste hutsa hau ere– eta Espainiako auzitegiak ANVren gaineko ebazpena aztertzen ari ziren unean.

Berriki, Espainiako auzitegiek Abertzale Sozialisten Batasuna (ASB) alderdi berria ez onartzea erabaki dute. Dena “neurrian”, tamainan, gutxi gorabehera, demokraziaren bideak ezin jakinezkoak edo asmatuzkoak baitira. Jakina, den-dena ez dago lotuta, baina den-dena ere ez da alderdi politikoek erakutsi nahi diguten bezain deslotua.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude