Berriro noria bueltaka

  • Hauxe da azken garaiotan dudan sentsazioa etxeko politikaren inguruan: noria berriro bueltaka. Aurreratzen ez duen gurpila. Ez dakite eta ez dute nahi –jakin eta nahi behar duten horietxek– inertzia absurdu eta itxi hori apurtzen. Bitartean, hainbeste buelta emanda, gehienok zorabiatuta eta nazkatuta gaude. Gonbitoka hasteko puntuan. Batzuen gainean egiteko aukera balego sikiera.

    Aste honetan ere batzuk sinatzera joan gara herri plastaformen (ez da akatsa) aurkezteko eskubidearen alde. Nahiz eta erabakita dugun beraiei botorik ez ematea. Beste asko sinatzera joango dira, joateko gogo handirik ez duten arren. Ulertuko al dute entenitu behar dutenek –bi aldetakoek noski– gure ekimenaren mezua? Ezetz egingo nuke.

2007ko maiatzaren 06an
Jose Ignazio Ansorena
Alberto Elosegi
Okerrena. Atzetik dena erabakita duten susmoa. Berriro ere, antzezpen nazkagarri baten aurrean gaudela. Alde batekoek badakite –txatxu pistoladun arriskutsu pare batek ez bestek– tiroka jarraitzea, krudelaz gainera, erridikulua dela eta okerreko bidetik garamatzala. Bestaldekoek ere, gizartearen asmoak bortxatuta, etorkizunik ez dutela.

Baina biek pentsamendu bera dute: ezinbestekoa denez, eta kontrarioak ere beharra duenez, nik estutu egingo dut bidean ahalik eta botere eta jarraitzaile gutxien gal dezadan. Bidean etorkin pare batzuk akabatu behar badira, edo euskal gazte batzuk torturatu behar badira, zer egingo diogu? Halakoxea da bizitza. Hori festa higuingarria.

- “Eta kartzeletan dauden presoak eta haien familiak?”.
- “Tenple handikoak dira, ohituta daude sufritzen”.
-  “Eta beldurrez bizi direnak?”.
- “Horiek ere aspaldiko ohitura dute, eutsiko diote gehiago”.
- “Tarteka komisariatik pasata astindu batzuk hartu eta gorputzean betirako izua sartuta ateratzen direnak?”.
- “Leialak dira noski. Ulertu beharko dute, herriaren onerako egiten baitugu”.
Niri aspalditik nazka ematen didate noriazale batzuek zein besteek. Estimatuko diot noriatik salto egiteko ausardia duenari. Inork hautsi beharko du ba inertzia bidegabe eta aspergarri hori.

* * *

Plataformen aldekoa sinatu dudan bezala, hau idazten hasi aurretik Maria San Gili eskutitz bat sinatu eta bidali diot. Minbizia duela aitortu baitu prentsaren aurrean. Eta nik osasuna opa nahi diot, eta bizipoza.
Nire usteetatik ezin urrutiago dago Maria. Askotan fanatismo puntua ere igartzen diot, bere egoeran –nagusi eta lagun zuen Gregorio Ordóñez, ondoan eserita zuela akabatu baitzuen ETAk–, ulergarria neurri batean. Baina, aldizkari honetan bertan kontatu nuenez, bihotzekoak jo ninduenean bera izan zen ohartxo bat, arrosa txorta batekin, bidali zidan aurrenekoa. Donostiako Udaletxeko lanean, nirekin eta nire lankideekin beti izan da pertsona atsegin eta abegi onekoa. Benetan azkar eta ondo osatzea opa diot.

* * *

Ez da bera izango noriatik salto egingo duena. Berak noriarik ere ez luke nahiko. Saiatuko dira bera eta bere kideak oztopoak jartzen eta jarriko dituzte oraintsu arte bezala. Duda egiten dut hala ere, oztoporik gogorrenak beraiek jarritakoak ote diren.
Oztoporik zailenak, gizarte ia osoaren gogoz kontrara, denaren gainetik duten botere neurriari eutsi nahi dioten horietxek jarriko dituzte. Beraiek eragindako kaltetuen begietan inoiz hondoratu ez direnak.

Biktima asko dago gure artean. Gehiegi. Eta jarraituko dute izaten. Gure izenean negoziatzen ari direnek ez dutelako onartzen pertsonak ideien eta botere gosearen gainetik egon behar dutela. Axioma soil eta oinarrizko hori beren buru-bihotzetan sartzen ez dugun arte, alferrikako biktima asko izango dira.

Ondoriozko beste axioma: biktima guztiak dira alferrikakoak.

ASTEKARIA
2007ko maiatzaren 06a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude