Bigaolekuko artamugarria

  • Artamugarribekoatik ekarriak dira bai sagastiko sagar makatzak eta hauek sestratzeko mentu ugari. Artamugarria edo kortarria edo austarria edo austerretza edo austarritza garai bateko larreak mugatzen zituen mugarria da. Sarobe, biaoleku, bigaoleku, korta, kortaerdia, kortaosoa, saroi, saro, sare, saroe, kaiolar, barrendegi, bustalitza, ola… makina bat izen larre hauen garaiko garrantziaren adierazle.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Larre hauek sail borobilak dira eta artamugarria da erdia, erdian den mugarri handia. Dirudienez hasieran herriarenak ziren sail hauetako bakoitza sendi edo leinu bati bere gozamenerako uzten zitzaion. Jabego pribatuaren hasieratako koska izan daiteke gure herrian. Bertan bazkatzen zuen behikundeak; gerora bordak, txabolak, etxolak, olak, etxaldeak, basetxeak, landatxeak eta baserriak eraiki izan dira.

Sarobea gure azken biren bat mila urtetako kulturaren aztarna garrantzitsuenetakoa izateak besterik ezin azal dezake zein abandonatua, utzietsia eta ahaztua duguna. Hego-hegoko lurralde beroenak kenduta beste edonongo lur zatiren baten aireko argazkia hartu eta ez da zaila sarobe izan direnak topatzea; alferkeriak jota mandrain bazara Astobitzakoa di-da batean idoroko duzu Berriatuako barrutian, Amoroto eta Markina-Xemeinekin duen muga borobil dotorean.

Sarobe gehienak neurri berekoak dira: artamugarritik zazpi oineko (gizabeteko) zazpi braza bete dituen hamabi gorabilako soka bota eta lau, zortzi edo hamasei baztermugarrien barnealdea, hau da hogeitabost golde edo 8,455 ha. Neurtzeko egun erabiltzen dugun sistema hamartarra baino zaharragoa omen den zazpitarra oinarri, bizirik dirauen Neolitoko neurri bakarra omen munduan. Munduko etnomatematikari eta arkeoastronomo aurreratuenak gureari begira eta gu, gilbor, atzeraka, Neolitotik atzera…

Azkenak
Eguneraketa berriak daude