Nigertarrentzat gameluak, uranioa guretzat

  • Europak eta zehazki Frantziak Afrikan darabilen neokolonialismoak adibide bat behar izatekotan, Niger ipini genezake: balio handia duten lehengaiak ia hutsaren truke eraman, langileak babes sozialik gabe erabili, kutsadura denean zabaldu, behar denean gobernua aldarazi...

    Nigerreko uranioak indar handia dauka. Hain handia, ezen eta George Bush AEBetako lehendakaria bere kargutik erortzeko arriskuan ipini baitezake. Irakurleak gogoan izango du: Washingtongo gobernua Irak inbaditzeko aitzakia bila zebilenean, Irak Nigerren uranioa erosten ari zela zabaldu zuten, ondoren Joseph Wilson enbaxadore ohiak artikulu batean argitu zuen hori gezurra zela, ordainetan gobernuko norbaitek filtratu zion prentsari Wilsonen emazte Valerie Plame CIAko agentea zela, senar-emazteek kontua auzitara eraman eta Lewis “Scooter” Libby aholkularia espetxera kondenatu dute... Orain ikusteko dago gai honek atzetik Dick Cheney lehendakariordea bera auzitara ez ote duen eramango. Nahaspila argigarri horri esker –argigarria, Irak gezurretan oinarrituta inbaditu zutela erakutsi duelako– enteratu gara Mendebaldeko herritar asko Niger izeneko basamortu batean ekoizten dela gure zentral nuklearrak elikatzeko ogia den uranioaren zati bat.
Nigertar batzuk kamioietan
Niger aberatsa da munduan gehien ordaintzen den mineraletako batean, uranioan, baina bertako herritarrek planetako jenderik txiroenak izaten segitzen dute. Arlit herri artifizialean eta inguruetan uranio meategietatik bizi direnek inolako segurtasunik gabe egiten dute lan eta erradioaktibitateak pozoitzen ditu egunero, erakunde askok alferrik salatu dutenez. Gainerakoan, Mediterraneo aldera eta Europara emigratzen dute milaka nigertarrek. Irudian ikusten dira horietako batzuk Saharan barnatuko diren kamioietan beren puskak egokitzen. Nigerreko Agadez herrian dago egina fotoa. Kamioien gainean, bidaiari batzuk Nigerreko beste herri edo osasiren batera doaz, beste batzuk inguruko herrialderen batera, eta badira batzuk era ilegalean Aljerian edo Libian sartzen saiatuko direnak. Ez dira denak iritsiko, eta basamortuan geratuko dira hilotz.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Hein handi batean Saharako desertuaren zati den Niger estatuak 14 milioi biztanle dauzka, kilometro karratuko 11. Urteko eta pertsonako errenta 876 dolarretan dago: eguneko 2,4 dolar. Aberastasunaren araberako zerrendan, 190 herrialderen artean 179. lekuan dago Niger. Egunean 3 dolar baino gutxiagorekin bizi behar dute nigertarrek, eta hala ere beren aberria da munduan uraniorik gehien ekoizten dutenetakoa, Kanada eta Australiaren atzetik. Ludiko zentral nuklearretan erretzen den uranioaren %8 Nigerretik dator. Baina erregai atomikoak mugiarazten duen komertzioan nigertarrek ez dute etekin handirik eskuratzen.

Joan den urtarrilean Kenyako Nairobin Munduko Gizarte Foroan horixe salatu zuten Nigerretik bertaratutako zenbait militantek, hala nola Alternatives Espaces Citoyens GKEko Mamane Sani Adamou-k.

Berak aurkeztutako dokumentua argitaratu du Afrikara aldizkari elektronikoak. Honekin hasten da: “Mendebaldeko industria zibil eta militarrarentzako iturri estrategikoa izanik, Afrikako uranio ugariak erakusten du lurpeko aberastasunak urrutiko korporazioen eta kontsumitzaileen etekinerako direla. Hor ageri da Afrikak nazioarteko espezializazioan lehen bezala gaur daukan estatusa: harrapaketa, okupazio eta desjabetze honengatik, balioa daukan guztia geratzen da afrikarren, langileen eta txiroen eskuetatik aparte”.

Afrikako herrietan neokolonialismoa independentziarekin bateratsu hasi zen. Nigerren, Frantziaren kolonia izatea utzi eta hurrengo urtean, 1961ean, defentsa hitzarmena sinatu zuten bi estatuek, uranioa baliabide estrategikotzat deklaratuz.

1969an Frantziak proposatu zuen Nigerretik aterako zuen uranio guztiaren truke prezio itxi bat ordaintzea: 1.000 milioi franko CFA. Garai hartan moneta horrek Frantziako libera baten 0,02 balio zuenez, orduko 20 milioi frankotan zen urteko tratua. Merke.
Hamani Diéré lehendakaria berandu konturatu omen zen zein tratu kaxkarra sinatu zuen frantsesekin, eta baldintzak hobetu nahian hasi zen. Tratutan berriro hasita, tona bat uranioren ordainetan 1.000 tona petrolio eskatu zuten. Garestitxo nonbait, zeren eta Frantziak 1974an estatu kolpea bultzatu zuen azpi-jokoz. Gobernu berriak honako tratua sinatu zuen Parisekin: urte bakoitzean eramandako uranio guztiaren truke 10.000 franko CFA; lehenbiziko hitzarmeneko halako hamar, baina lepoa moztutako gobernukoek eskatzen zutena baino askoz gutxiago.

Ez da Niger, Areva da

1980ko hamarkadan zor handitan sartu zen Nigerreko Gobernua. Agintariek ordaintzeko estuasunak zituzten eta aldi berean munduan zegoen koiuntura baliatuz, uranioa ustiatzen zuen COGEMA multinazionalak are gehiago jaitsiarazi zituen prezioak. Ondorioz, nekazaritza sendotzeko eta herrialdeko ekonomia sustatzeko planak bertan behera geratu ziren.
Nigerreko uranioa ustiatu duen enpresa COGEMA (Compagnie Générale des Matières Nucléaires) izan da luzaz. 2006tik Areva du izena munduko 40 herrialdetan funtzionatzen duen multinazional frantses honek. Bere burua honela definitzen du Arevak: “Erregai nuklearretan munduko liderra, uranioaren ziklo guztia lantzen dugu hasi meategitik, eraldatu, aberastu eta erabilitako erregaia tratatu eta birziklatzeraino”. Planetako multinazional lider honekin negoziatu behar dute Afrikako herririk txiroenetako baten buruzagiek. Obeditu beste biderik ez daukate.

Hala ere, mende berriarekin batera hasi dira mobilizazioak Nigerren, bertako hareatzetan dagoen aberastasun bakarretako baten ustiapena demokratizatzeko eskatuz.

Mobilizazio horien akuiluetako bat uranio ustiaketak Nigerren eragin dituen arazo sozialetan datza. 1974an –Frantziak lagundutako estatu kolpetik berehala– Arlit izeneko herria sortu zen uranio meategietako baten aldamenean. Bernard Desjeux izeneko frantses batek, argazkiz ondo hornitutako gune batean, honela deskribatzen du Arlit: “250 frantses bizi ziren enpresak sortutako herrixkan. ‘Petit Paris’ deitzen zioten, eta bazituen Frantziatik ekarritako kontsumogaiez beteriko komertzioak, Nigerreko ospitalerik onena, restaurantak, piszina... Arlitek westernetako herri baten itxurak zituen”.

Arliten inguruan urteen poderioz 60.000 pertsona bildu dira. Izan ere, une batean enpresak 2.000 langile baitzeuzkan enplegatuta. Gero, uranioaren prezioen gorabeherekin, 600etara mugatu zen. Gaur gehiago izango ditu. Baina Nigerreko desertuan dabiltzan gameluekin kontrastea egiten duen hiri honek biltzen ditu neokolonialismoaren kontraesanak oro ere.

Beharginen eta enpresako buruen arteko soldaten artean sekulako leizea dago. Bertako beharginek 25.000-50.000: F-CFA (38-76 euro) kobratzen dute. Zerbitzu sozialak mixeriazkoak dira. Eskola bera ordaindu egin behar da. Aldiz, jendea ohartzen da zenbat diru ari den irabazten Areva multinazionala, zein diru gutxi ordaintzen dioten estatuari... eta kalean erreboltak gero eta ugariagoak dira.

Beste protesta iturria kutsadura da. Urte askoan herritarrak ez dira ohartu, baina orain nabarmentzen hasi dira osasun arazoak, langileak gaixotu eta zahartu ahala. Meategietan bertan eragindako kutsaduraz gain –eta enpresak ez ditu bere gain hartzen kutsadurak eragindako gaixotasunak– uranioaren garraioak gai erradiaktiboak barreiatzen ditu egunero Nigerren barrena. Hondakinak edonon daude edonola botata. Eta meategietan kutsatutako materialak erabiltzen dira gero, burdinak eta beste, etxegintzan inongo kontrolik gabe. Meategien inguruetako ur, erreka eta putzuak kutsatuta daude. Airea berdin.

Bitartean, Niger osoan ezin da aurkitu erradiaktibitatea neurtzeko kontagailurik, eta gobernuak estu zanpatzen ditu gaia plazan eztabaidatu nahi duten erakunde eta mugimenduak. Herritar askok Europara egin du jauzi.


http://www.argia.eus/nethurbil.php helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.

Azkenak
Itsaso zakar bat eta bi ahots poetiko

Xak eta Ekiza

Non: Ondargain txiringitoan (Deba)
Noiz: abuztuaren 27an.

-------------------------------------------------------

Euri langarraren eta lanbro-lainoen artean pasatu dugu Gipuzkoako muga, kostaldean zehar doan errepidetik itsaso zakarrari beha. Bandera... [+]


“Inoizko euskal zinemarik indartsuena” izango da 73. Zinemaldian

Astelehenean jakinaraziko dituzte ordutegiak, eta hilaren 14an, igandean, jarriko dituzte salgai lehen egunetako sarrerak. 254 film egongo dira ikusgai, 56 herrialdetakoak.


26 herrialde prest dira Ukrainan esku hartzeko, baina Putinek erantzun die helburutzat joko dituela

Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak adierazi du 26 herrialde prest direla gerra amaitu ondoren Ukrainan indar militarra zabaltzeko, “lurrez, airez edo itsasoz” parte hartuz. Vladimir Putin buruzagi errusiarrak erantzun die ez duela horrelakorik onartuko, ez... [+]


Hizkuntza bat gutxiago munduan: azken caddo hiztuna hil da

Caddo hizkuntza gorde eta biziberritzeko ahaleginean ari den ekintzailea da Alaina Tahlate. AEBetako jatorrizko caddo herriko hizkuntza hori jario oneko hiztun bakarrarekin gelditua zen: Edmond Johnson, 95 urteko hiztunarekin. Tahlate gazteak aitortu zion estutasunez bizi zuela... [+]


Asimilazioaren kontrako topagune izanen da Izpegi irailaren 19 eta 20an

Izpegiko besten hirugarren edizioa ospatuko dute, Basaizea Baigorriko kultur elkarteak, Baztango Gazte Asanbladak eta Baigorriko zein Erratzuko gazteek elkarlanean prestaturik. Hitzaldiak, bazkaria, ibilaldia, kontzertuak... izanen dute zeregina.


Azpiegitu handiak
Osasunak bat egin du Nafarroako AHTren aldeko Plataformarekin

Osasuna futbol taldeak bat egin du Nafarroako Abiadura Handiaren aldeko plataformarekin, azken honek ostegun honetan jakinarazi duenez. UGT sindikatuak eta Eraikuntzaren Industrializatzearen Aldeko Nafarroako Klusterrak ere bai.


Bilboko etapa Palestinak “irabazi” zuela azpimarratu dute, eta protestan jarraitzera deitu

Palestinarekin Elkartasunak manifestazio nazionala antolatu du urriaren 4rako. Ostiral honetan Euskal Herriko 130 udaletxeren aurrean protestatzera deitu du Gernika-Palestina ekimenak.


2025-09-05 | Sustatu
Itzulbide jarri dute martxan Osakidetzan, euskarazko lan-hizkuntza eraginkorragoa izateko

Osakidetzak Itzulbide aurkeztu berri du. Itzultzaile neuronal bat da EAEko osasuneko profesionalentzat, euskaraz egiten diren kontsulta medikoetako informazioa gaztelaniara itzultzen duena. Euskara lan-hizkuntza eraginkorra izateko baliabide gehiago eskainiko dizkie... [+]


Ikasle nafarren %30ak ikasiko du aurten euskarazko D ereduan

Hiru urte bete dituzten 1.404 ikasle berri matrikulatu dituzte D edo B ereduetan, Nafarroan. Adin guztiak kontuan hartuz, 27.334 ikaslek ikasiko dute euskaraz. Matrikulen 67,8% ikastetxe publikoen sarean izan da.


Pantailen gehiegizko erabilera, desinformazioa eta indarkeria praktikak identifikatu ditu adingabeen artean Macsonrisas-ek

Ikasleek pantailekin duten harremana aztertu eta "Heziketa digitala LH eta DBH" izeneko txostenean jaso dituzte ondorioak Macsonrisas-eko kideek.


Kaleratze kolektiboa ezarri nahi dute Maderas de Llodion

Asteleheneko bileran helarazi zioten asmo hori enpresa batzordeari, eta irailaren 9rako deitu dute hurrengo bilera. Fabrikak 151 behargin ditu gaur egun, baina ez dute zehaztu zenbat kaleratuko lituzketen.  


Herriko dantzan parte hartzen ari ziren emakumeei eraso egin diete Errioxako Cervera herrian

Emakumeak dantzara atera eta gizonezko dantzariek oztopatu egin dituzte, bultza egin diete eta haien dantza eragozten saiatu dira. Beste batzuetan musikariak geldiarazi dituzte eta ikusleetako batzuk bizkarra eman diete emakume dantzariei. Ez da Baztan, ez Hondarribia edo Irun;... [+]


2025-09-05 | Gedar
Gaztetxea lortu dute Etxaurin

"Bailara eraldatzeko ezinbesteko tresnatzat" hartzen dute Gaztetxea, eta elkartasuna adierazi diete "borrokan dauden beste Gaztetxe guztiei".


Eguneraketa berriak daude