Korrika

Joxemari Ostolaza
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Ibili da mundua munduaren barnean munduz inguratua. Ni neu, Urruñatik Hendaiarako bidean gaindi. Kamino Berritik Pausotik barrena kotxez azpiegitura. Txalapartaz oratutako bidean. Zubi zaharrean festa. Egun osoan. Bertako elkarteek hornitutako janariak elkargune. Mugarik gabe, hiru belaunaldi batera. Karrantzatik hasita, Karlos Santestebanen ama eta alabaren arrastotik. Iruñeko bukaerako mezua, Xabier eta Miren Amurizaren ahotsez entzuna dut irratiz euripean, omen emana. Eta irrati beretik entzun diot Denis Itxaso Donostiako hautetsiari, hura igarotzean begirale zela korrikalarietako batek iraina bota diola. Etxera egin omen du harrituta eta penatuta, ez du euskalgintzaren politizazioa gustuko. Ez omen dira nahasi behar hizkuntza eta politika. Eta ni horrek harritu nau, ogibidea politikan duen baten ahotik entzuteak hain zuzen. Edozein dela ere jardun publikoa, palkotik begira ari denak jakin beharko luke ez dela begirale arrunta, talaiak markatzen duela eta txalotua izatea beti ez dela posible. Soldatan duela arriskua alegia. Palkoak ematen diola bera iraindua izatearen aukera eta biharamunean nik horren berri izatea. Ez du txalaparta aipatu, ez zuen haren hotsa entzungo, ez da bere palkoraino iritsi. Nik ere ez dut haren ttunttunkuna entzun bere irratiz. Leku ezberdinetik jarraitu dugu Korrika.

Azkenak
Eguneraketa berriak daude