Hasier Etxeberriaren azken eleberria

  • Hasier Etxeberria ::Iturrino Handia

    Susa

    orrialdeak ::126

    prezioa ::13€

'Iturrino Handia' liburua
Hasier Etxeberriaren azken nobelako protagonistak eta eskatutako edari guztia ordaintzearen truk isil-isilik protagonistak kontatzen dizkionak entzuten dituen kazetari batek hiri inguruko auzo bateko Villanubla tabernan ezagutzen dute elkar. Nobelako kontalari bakarra da Cosme Iturrino, Iturrino Handia eta magilaria dugu, pertsona bat hiru zatitan egiten duen kaxaren asmatzailea. Amarrua eta trepetarena baizik ez omen zen Cosme Iturrinok gobernatzen zuen lurraldearen legea. Behintzat halaxe dio gizonak bere ibilerak aletzen dituenean. Asko du azaltzeko 36ko gerra hasi zen egunean, mugako marran jaiotzea egokitu zitzaion horrek. Baina Diccinoren zirkuan Anne eta Belle bi burudun emakumearekin bizitako une zoriontsuak gogoratzea gogoko badu, ez da hala gertatzen munstro itxuragabeak ikusgai zituen zirku hura itxi izanaren arrazoiak, eta are gutxiago Anne eta Bellek hartu zuten erabaki lazgarria oroitzerakoan. Nolanahi ere, aurrera egingo du, Frantziako trenetan txartel-zulatzaile gisa hasi eta Orson Welles, haren emazte Oja, John Huston eta beste asko ezagutzeko parada eta haiekin egindako filma agertuz; edota Josetxo tabernariarekin lotzen duena aitortuz.
Hasier Etxeberria
«Fikziozko jaun erreala da nire nobelako Cosme Iturrino»

Zer intentziorekin idatzi duzu Iturrino Handia?


Normalean nik jakiten dut nobela batek zer ibilbide izango duen eta nora iritsi nahi dudan. Iturrino Handiarekin ez da hori kasua Gehiago hartu nuen jolas askatzaile bat bezala. Nekaturik nengoen idaztetik, azkeneko nobelatik, eta konbentzituta ez nuela sekula gehiago beste nobelarik idatziko. Gainera, ez neukan motibaziorik ere. Baina halako batean, blog batean jolasean hasi eta Iturrino Handia aurkitu nuen. Eta berak kontatu zidan bere bizitza. Ez dut, beraz, nik meritu handiegirik. Baina egia da ni nobelei zentzu utilitarista bat ematen aritzen naizela, niretzat, nire bizitzarako, eta batzuk izan ditut sendabide –adibidez, aurreneko nobela, Mugetan, neukan gaitz zehatz batetik sendatzeko erabili nuen–. Hau berriro idazkuntzarekin adiskidetzeko erabili nuen. Eta benetan lagundu dit, idazten ari bainaiz hurrengo nobela bat ere.

Nola lagundu dizu?


Pentsatu nuen idazkuntzarekin adiskidetzeko gauza bat egin behar nuela: guztiz aske ibili. Aurreko nobeletan-eta, neure buruari ezartzen nion mundua esplikatu beharra, edo esperimentalki jokatu beharra... Hemen ez nion inolako zerarik jarri. Horregatik dio sarrerako esaldiak: Dakiguna egiten dugu, zer egiten dugun jakin baino lehen.

Azpimarratuko zenituzkeen nobelako berezitasunak?


Fikziozko jaun erreala da Cosme Iturrino. Gidatzen nauen jaun hori jarri dut hizketan, eta galbahea jarri diot: nire belarria. Ahozkotasunak agintzen ditu narrazioa eta nobela barnean dauden mugimenduak ere, ez dut inongo akotaziorik sartu.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude