Manga oso merke da erosteko eta ahoko zulotik sartzen digute"" /> "<em>Manga</em> oso merke da erosteko eta ahoko zulotik sartzen digute"

"Manga oso merke da erosteko eta ahoko zulotik sartzen digute"

  • Lope du izen artistikoa. Marrazkilari zaildua da. Haren lana, berriz, nortasun handikoa. 44 urte eta ilustrazioaren beteranoa da gurean. Ezaguna da, oso, haren pertsonaia, Kipe, hogeita hamar urtean Ipurbeltzen orrialdeetan iraun duena. Belaunaldi berriek, aldiz, Pirata dute ezagunago. Ezagunak haren pertsonaien formak: Flannery eta bere astakiloak, edo telebistako Txirrita eta Lazkao Txiki. Ezagunak bere lanak, ezezaguna bera. Izan ere, zeinek jartzen dio arreta tamainako lan ederren egilearen izenari?
Jose Anjel Lopetegi
Dani Blanco

Berrogeita lau urte dituzu. Sasoi betean eta, aitzitik, iraganaz jardun dezazun nahi dut, hasieran bederen...


Oso txikitan hasi nintzen marrazten. Hiru-lau urte nituela. Mortadelo, Capitán Trueno eta bestelako zenbait komiki irakurtzeko ohitura nuen. Lagunen artean ere makina bat komiki kanbiatzen genizkion batak besteari. Komiki mordoa irakurri genuela esan nahi dut. Gero, komikiak kopiatzen ikusten dut neure burua. Komikia nire parean jarri, bloka hartu, eta kopiatzen hasi. Hurrena, kopiatzen ez ezik istorioak asmatzen hasi nintzen. Hasieran komikietako pertsonaiak baliatzen nituen. Ondoren, neureak sortu nituen, eta eguneroko istorioak kontatzen nituen komiki bidez. Lagunei erakutsi eta barre egiten genuen. Haurren mundua zen. Sei-zazpi urterekin, berriz, egindako komiki orriak margotu eta grapatu edo josi egiten nituela akordatzen naiz.

Hortxe zure lehenengo albumak!


Album txikiak, motel! Hiru-lau orri besterik ez, eskolako lagunen artean ikusteko.

Gaztetxo zinenean, Errenteriako institutuan zaitugu, bertako aldizkarian parte hartzen.

Hamabost urte eta, hura beste gauza bat zen. Beste mentalitate bat genuen. Mortadelo utzi eta Papus, Por favor, El Jueves eta horiek irakurtzen genituen, eta antzeko zerbait egin nahi genuen guk ere. Aldizkariak Ikuslaria zuen izena, baina “Ikus” esaten genion, eta marrazkiak, artikuluak, elkarrizketak, txisteak eta gainerakoak egiten genituen. Maskota, berriz, hontza bat genuen. Sei, zazpi, zortzi bat lagun ginen aldizkari hartan. Kurtsoan hiruzpalau ale publikatzen genituen. Oso ondo pasatzen genuen. Iluntze pare batean egiten genuen errebista. Artikuluak makinaz jotzen genituen; marrazkiak eskuz, jakina. Aldizkaria egin eta Bilbora bidaltzen genuen, fotokopiak egitera. Handik bueltan ekartzen ziguten, grapatu eta institutuan saltzen genituen. Tirada guztia saltzen genuen. Berrehun bat ale edo.

Gaur egungo komiki asko baino gehiago.


Agian bai.

Zer izan da koadrila alegera hartaz?


Neuk bakarrik segitu dut marrazki munduan.

Handik lasterrera, erabakia hartu zenuen: marrazkilaria izango zinen!


Erabakia… Zazpi-zortzi bat urte nituenetik hartua neukan erabaki hori. Nik ez nuen dudarik: marrazkilari izan nahi nuen. Marrazkilari baino gehiago, komikigilea. Oso txikitatik nekien hori. Aitak esaten zidan, zaletasuna nuenez, delineatzaile edo arkitekto ikasteko. Nik, berriz, komikigile izan nahi nuen, ez besterik.

Aitaren erantzuna?


Segitzeko bide hartatik, baina ikasketak ez uzteko. Zergatik ez dakidala, nire adinari zegokiona baino urte bat aurrerago ari nintzen institutuan. Kaskoan sartuta neukan komikigile izan nahi nuela. Aitarekin hitz egin eta urtebete hartzeko esan zidan. “Ea zer lortzen duzun. Ezer lortzen ez baduzu, segi ikasketekin. Azken finean, marrazten ere segi dezakezu, hobbytzat”.

Garaitsu horretan, Ipurbeltz argitaratzen hasi zen Erein argitaletxea.


1977an hasi ziren Ipurbeltz argitaratzen. Ni 78an Ereinera joan nintzen. Han ziren Julen Lizundia eta Olatz Soraluze. Nire marrazki batzuk erakutsi eta Julenek esan zuena: “Ez dago gaizki. Pare bat marrazki sartuko ditugu aldizkarian”. Hura izugarria izan zen niretzat. Nire lanak kioskoan ikustea! 2.000 pezeta ordainduko zidatela orrialde bakoitza agindu zidan Julenek. Niretzat, hilean lau mila pezeta gauza handia zen. Nire gastuetarako lain baneukan, behintzat! Horrela hasi nintzen.

Ez dakit zein izan zen zure lehenengo pertsonaia. Kiperen aurrekorik ez dakit izan zenik.


Bai. Gorka, mutiko bat eta Pinpoil eta amona Kurrixka, Pako Sagarzazuren gidoiekin. Baina segituan hasi nintzen Kiperekin. Hogeita hamar urte inguru egin ditut horrekin. Lapurra aukeratu nuen, baina ez dakit oso ondo zergatik. Beharbada Bruguera argitaletxeko komikietako pertsonaiak horrelakoak zirelako. Lapurra, iturgina... Zerbait behar du.

Hogeitaka urte egin zituen Kipek, ezkutatu aurretik.


Nekatu egin nintzen. Urte pare bat ibili nintzen, uztekotan. Azkenean, ez nekien zer egin, istorio berbera errepikatzen hasita nengoen. “Utzi egingo dut. Badakit bost urtera berriz hartuko dudala!”. Izan ere, batzuetan horixe egiten dut. Hasi, utzi, berriz hartu, utzi...

Bai Noski!


Horrek hartu zion txanda Kiperi. Bai Noskik, alegia. Tio vivo izeneko Espainiako komikian, edo Pulgarciton… bazen pertsonaia, “Angel sí señor” izenekoa. Eta horixe esaten zuen beti: “¡Sí señor!” (Bai jauna!). Nik gauza bera egin nahi izan nuen. Horratx Bai Noski!

Bai, noski. Eta nola heldu ohi da estiloa?


Pixka bat denetatik kopiatuz. Batetik, eskua kopiatuko duzu. Bestetik, adierazpidea. Hirugarrenetik, dekoratua. Azkenean, estiloa entsalada bat da, hortik sortzen da norberaren estiloa. Dena dela, autore batzuk oso maiteak nituen. Bat, batez ere, belgikar bat, Franquin. Hura niretzat zen…

Jainkoa.


Horixe, Jainkoa! Hain Jainkoa ere, hogei urte nituela Belgikara joan nintzen, bera ezagutzera. Ez nuen lortu. Beste zenbait marrazkilari ezagutu nituen, Spirou aldizkarikoak, baina Franquin ez. Ordurako ingresatuta zegoen, depresioak jota eta nahiko gaizki. Ez nuen ezagutzea lortu, harekin hitz egitea, baina haren marrazki orijinalak bai, ikusi nituen. Eta, sinetsi gero!, oraindik, Franquin erreferentea da Europan. Dudarik gabe. Hara, Europan, Franquin eta Herge dira erreferenteak. Bai garai hartan eta bai gaur egun ere.

Zer zuen, bada, Franquinek?


Lehenengo, marrazkia. Izan ere, komikia begietatik sartzen da. Lehenengo, irudia da; gero, gidoia. Nire ustez, Franquin zen marrazkilaririk onena. Edozein gauza marrazteko erraztasuna zuen. Baita gidoi onak egiteko ere.

Zer du Jose Anjel Lopetegi Lopek?


Ez dakit bada… Diotenez, marrazki aldetik karakterra omen du nire lanak. Oso marrazki pertsonala omen da. Batzuen iritziz, nire estiloa oso latza da. Horixe esaten didate, behintzat. Gidoi aldetik, berriz, ez dakit zer daukaten nire komikiek. Ni istorio bat kontatzen hasten naiz, kontatzen segitu, eta kito: ez dut jakiten non bukatuko dudan.

Zure marrazteko era modernoa dela diote.


Bai, hala diote. Baliteke. Nik ez dut uste modernoa denik, baina tira.

Hogeita hamar urte inguru egin zenituen Kiperekin. Sekula ez duzu haren albumik argitaratu. Askoz denbora gutxiagoan, Pirata pertsonaiaren hiru album dituzu kalean…


Bai, oso arraroa da hori. Albumak saltzeko, dirua irabazteko, edo gastuak enpasteko, bi mila aletik gora saldu behar dituzu, eta hori hemen ez da saltzen. Mortadelo batek bai, salduko ditu, eta Asterix batek ere bai. Horiek, hamar mila ale, igual. Baina gainerakoan, horrelako salmentarik ez du hemengo produktu batek. Esango dizut: hemen albumak ez dira saltzen. Bertakoak, behintzat, hemen egindako produktuak, oso gutxi. Zer saltzen den? Japoniar komikia, hau da, manga. Hori, eta super heroiak. Spiderman eta beste. Planeta argitaletxeak, adibidez, Spidermanen eskubideak erosi eta bost mila ale salduko ditu Espainian. Frantzian, gutxien saltzen den komikiak hogeita hamar mila ale ere salduko ditu. Beste mundu bat da.

Kontsumitzeko ohiturarik ez dugu.


Ez dugu. Komikiari dagokionez, Frantzia da Meka.

Denbora asko ez dela Euskal Herriko komikigileei buruzko erakusketa izan da Gasteizen: “30x30. Gure komikiaren tamaina (1976-2006)”. Hainbat dira sortzaileak...


Marrazkilariak bai, asko dira, baina hortik bizi direnak oso gutxi. Oso gutxi. Komikitik bizitzea nekeza da, oso zaila.

Zu bizi zara.


Komikia, ilustrazioa, marrazki bizidunak… Denetarik eginez, eta hortxe-hortxe. Oraintxe garai hobeak, oraintxe latzagoak. Oso zaila da.

Marrazki bizidunetan ere jarduna zara. Ez zara animazio mundura iritsi berria…


Juanba Berasategik deitu zidanean hasi nintzen, Kalabaza tripontzia egiteko, 1982an. Ipurbeltzen ikusi zituen nire marrazkiak. Eta deitu.

1982an, zuk hogei urte besterik ez zenituen.


Juanba Pasai Donibanekoa da eta ni Lezokoa, beraz, lan egiteko, taldea osatzeko askoz errazago zen bata bestearengandik hurrean bizitzea. Juanba ez ezik, Luis Goia eta Koldo Izagirre zeuden taldean. Jaizkibel produkzio etxean. Gainera, Jon Etxebeste, beste marrazkilari bat, soldadutzan zegoena; Espinosa, dekoratuak egiten zituena, eta ni neu. Nire atzetik, eta nire bitartez, Ipurbeltzeko Pedro Sestelo eta Carlos Varela ere taldean sartu ziren. Horiexek ginen taldean.

Salto galanta, komiki egitetik animazio egitera...


Bai, handia. Diru aldetik ere bai. Soldata geneukan! Hiru urte egon ginen Kalabaza tripontzia egiten. Gero, beste proiektu bat egin genuen: Balearenak. Ondoren, Gabai egin nuen beste zenbait lagunekin; bost urte eman genituen Gabai egiten. Nik zera esan ohi dut, marrazki bizidunetan egin nuela eskua, landu. Han ikasi nuen marrazten. Gauza bat da bineta bat egitea, han edozein pertsonaia sartu eta aurrera. Marrazki bizidunetan berriz, pertsonaiari buelta guztiak eman behar dizkiozu, goitik eta behetik begiratzen diozu, anatomia ezagutzen hasten zara. Horrela egiten duzu eskua. Marrazten ikasteko ariketa paregabea da marrazki bizidunak egitea.

Urteak dira Juanba Berasategi elkarrizketatzera joan nintzela. Ahmed, Alhambrako Printzea film ederra zen aitzakia. Han zinen zu, lanean…


Bai, film horretan lan egin nuen eta baita Ahmeden bigarren lanean ere, Alhambrako giltza-n. Haietan animazio lana egin nuen. Oso lan mekanikoa. Hasieran ondo, baina gero nekagarria da zeharo, eta guztiz inpertsonala.

Ondorioa, aldiz, ikusgarria.


Bai. Baina hori ez da, besterik gabe, marrazkilariaren meritua. Hor dira margolaria, kamera… Gauza asko. Dena dela, nik nahiago dut komikia. Nireago da, pertsonalago. Gidoia, marrazkia, kolorea… nirea da hasi eta buka.

Filmen “story board”-a (filmeko eszenak iruditan deskribatzea) ere egin izan duzu.


Luzemetraian story board-a da oinarria. Edozein film egiten hasi behar eta amerikarrek lehenengo-lehenengo story boarda egiten dute. Batez ere akziozko eszenak egin behar direnean. Nire ustez, hor dago filmaren bihotza. Efektu bereziak eta beste, gehigarriak dira. Nik Juanba eta Koldo Izagirrerekin ikasi nuen horretan. Gogoratzen naiz lehenengo story boarda Koldo Izagirrerekin egin nuela. Telesail bat izan zen, 85ean ETBn emititu zutena: Flannery eta bere astakiloak.

Zer gauza polit, Flannery!


Bernardo Atxagaren gidoia…

Juan Carlos Perezen musika…


Pertsonaien diseinua neuk egin nuen. Story boardak, Carlos Varela eta bion artean. Koldo Izagirre Jaizkibelgo zuzendaritzan zegoen. Produktore lanetan, Luis Goia genuen. Gogoan dut nola ibiltzen ginen Carlos Varela, Koldo eta hirurok. Koldok azaltzen zizkigun nozioak, plano bat hemen, kontraplano bat han…

Oso proiektu on eta sendotan hartu duzu parte, baina arloan lan egiten ez dutenentzat oraindik ezezaguna da Jose Anjel Lopetegi. Onenean, Kipe eta Pirata ezagutuko ditu zaleak, baina ez joan deneko hogeita hamar urtean egin duzun lan interesgarri eta kalitateko hori.


Normala ere bada. Film baten atzean hainbat langile dago. Kredituak hainbat dira. Jendeak ez du ikusten “Story boarda: Jose Anjel Lopetegi”. Hasteko, jendea ez da kredituak irakurtzen geratzen. Martxa egiten du. Ez du ikusten zeinek egin duen story boarda edo dekoratuak edo dena delakoa. Marrazki bizidunetan, zuzendaria nabarmentzen da. Beharbada, onenean, gidoilaria, musikaria… Baina zuzendaria, batez ere. Komikia dela eta, berriz, esan dizut: hemen ez dago girorik. Oso komiki giro txikia dago Euskal Herrian. Hemen, Ipurbeltz eta Xabiroi ditugu. Ipurbeltz, hilero ateratzen da. Xabiroi, lau hilabetetik behin. Baina jendeari ez zaizkio aldizkariok interesatzen. Hori ikusten dut etxean. Horixe da nire semearen kasua. Garai batean, aldiz, bai: Asterix, Mortadelo y Filemón… Gaur egun, galdu egin da aldizkariak etxean jasotzeko ohitura. Edo ez da behin ere izan. Kioskoetan, aldiz, ez da komikirik ikusten. Espainiako Estatuan bazen aldizkari bat, gazteentzakoa, oso ona. Mister K zuen izena eta El Juevesek ateratzen zuen. Hor ere argitaratzen nuen lanik. Hamar mila ale inguru saltzen omen zituzten; bada, itxi egin zuten. Aldizkariak ehun orri zituen, eta luxuzko kolaboratzaileak. Spirouren antzeko aldizkaria zen, hobea ere bazela esango nuke, eta argitaratzeari utzi! Hamar mila ale argitaratzen zituela! El Jueves-en antzekoa, baina neska-mutikoentzakoa. Hiru urte, eta itxi! Hori da hemen dugun panorama.

Animazio film luzea duzu eskuartean, eta gaitz erdi…


Bai. Juanbarekin naiz berriz ere. Izan ere, Juanbarekin dudan harremana Kiperekin dudanaren antzekoa da. Hartu, utzi, atzera hartu… Luzemetraia prestatzen ari gara: Barriola, San Adriango azeria. Koldoren gidoiarekin. Urte eta erdiko lana badugu hor. Eta baliteke Txirri, Mirri eta Txiribitonekin ere beste telesail bat egitea.

Txirri, Mirri eta Txiribiton… Shin Chani atseden emango diote. Eta gurasooi ere bai!


Dena da manga! Besterik ez balego bezala! Manga oso merke da erosteko eta ahoko zulotik sartzen digute. Shin Chan gustatzen zait, baina, oraintxe, ez daukat batere marrazki bizidunik ikusteko gogorik. Nazkatuta bukatu nuen Gorka umea zela ikusitako pilarekin. Ez dakit zenbat marrazki bizidun ikusi nituen, hura matraka! Pokemon eta. A ze ergelkeriak! Ulertu ere ez nuen egiten. Nazka-nazka eginda bukatu nuen sasoi batean. Orain, berriz hasi naiz ikusten.

Simpsondarrak eta.


Jeniala da hori. Hala ere, ez dakit nola duen hainbesteko arrakasta. Berez, ez da umeentzat, helduentzat baizik. Sekulako taldea du lanean, eta aurrekontu ikaragarria! Hemen ezinezkoa da horrelakorik egitea.

Aizu, eta ez al da kontraesana Juanba Berasategik Abadia saria jasotzea, bizkarrean zapladak eta, “hi bai ona!”, baina egin nahi duen lana egin ezinik.


Ez da gezurra. Bi urte eman ditu lana ezin inguratuta. Oraingo lan luzea, Barriola, egingo du urte eta erdian eta, bitartean, ate joka jardungo du batean eta bestean proiektuak erakusten, ea!

44 urte besterik ez dituzu, eta a zer curriculuma. Zer zenuke gutizia?


Nahiko nekatuta nago marrazkiak egiten. Txikitan hasi nintzen, hobby zen garaian, baina orain besterik da... Nire asmoa Piratarekin segitzea da, nire lana da eta pertsonala. Ea zorte pixka bat dudan eta Saurek nire lanaren eskubideak Europan saltzen dituen, hainbat lekutan interesaturik daude eta. Gainerakoan, ea Saurek Pirata beraren laugarren albuma ateratzeko kemena duen, eta hortik atzera, askoz gehiagorik ez.

Eta Garmountain, pertsonaia errealekin.


Bai, egin dezatela –nahi badute, jakina–, baina ni tartean sartu gabe. Lan gehiago ez, faborez. Nahikoa dut. Lotoa irabazi eta bizi egin nahiko nuke.
Manga oso merke da erosteko eta ahoko zulotik sartzen digute"" src="https://www.argia.eus/template/responsive/images/mastodon-botoia.png">

ASTEKARIA
2007ko martxoaren 04a
Azoka
Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


Analisia
Araba: Zer isla elektoral izango du aldaketak?

Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, EAJren eta EH Bilduren arteko lehia nabarmentzen ari da, Araba erabakigarria izan daitekeen herrialde bihurtuta. Dinamika hori ulertzeko, azken hamarkadan Araban izandako hauteskunde-bilakaera aztertu behar da. Hiru aldi... [+]


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


Eguneraketa berriak daude