ELGEren errezetak

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak produktibitate eta lehiakortasunari buruzko aholkuak emateko ohitura du, betiko errezetak aplikatuz. Errezetok beti egiten dira langileen interes eta eskubideen aurka, inoiz ez enpresaburuenen aurka. Hala, hazkuntza azkartzeko gomendioak emateko urteko txostenean, ELGEk Espainiako Estatuari gomendatu dio kontratu mugagabea duten langileen kaleratzea merketu dezan. Eta “aldibaterako eta finkoaren” arteko kontratu bakar baten eredua susta dezan ere eskatzen dio, kaleratua izaten bada langilearen konpentsazioak gutxituko dituen bat. Lan erreformekin, Espainiako Estatua dagoeneko ari da kaleratzeak merkeagotzen. Areago, mugagabe bihurtzen diren aldi baterako kontratuak, diru-laguntza jasotzeaz gain, askoz ere merkeagoak dira kaleratzerako unean. Horrela enpresaburuei bi aldiz egiten zaie mesede: kontratatzerakoan, administrazioengandik diru-laguntzak jasoaz, eta kaleratzerakoan, askoz ere kalte-ordain merkeagoak ordainduz bidegabezko kaleratzeengatik. Filosofia neoliberala aplikatuz, ELGEk ahaztu egiten ditu enpresaburuentzako “errezetak”. Hala, ELGEk ez dio ezer metatzen dituzten irabaziei buruz. Irabaziok ez dituzte produktibitatea hobetzeko berriz inbertitzen, ezta lan ezbeharren prebentzioan ere, ezta soldatak hobetzen ere. Ez dio ezer kapital handiagoa metatzeko finantza produktuetan inbertitzen dituzten irabazi horiei buruz. Ez dio ezer lan kontratazioetako iruzurrez, ezta zerga-iruzurrez ere. Errezeta zaharrak eta antisozialak dira.

Eguneraketa berriak daude