Hona hemen azken borondatea: neure etxean hil nahi dut, musika goxoarekin, lagun umoretsuak inguruan, eta irribarre lasaiarekin ezpainetan, Les invasions barbares filmeko protagonista bezala. Kontua da ikaragarrizko beldurra hartu diodala telebista goizetik gauera aurrean piztuta dudala, ihes egin ezinik, hil beharrari. Horixe baita, azken aldian ospitalera bisitan joan naizenetan ia beti ikusi dudana. Ene, zer tortura!
Lehenbailehen egongelara joateko arin-arin jaten duten haurrak ikusten ditut. Zaharrek Eguneko Zentroetan bazkalostean pare bat orduko atsedenaldia egiten dute... TBren aurrean. Etxe batzuetara joan eta egongelara eramango zaituzte, baina TB itzaltzeko erreflexurik gabe. Badirudi tabernara ez zoazela kafe bat hartu eta bi hitz egitera norbaitekin, baizik eta TB ikustera, dohainik, etxearen opari. Are okerragoa, gero eta jatetxe gehiagotan aurkitzen dut aurre-aurrean edota inguruan ondo entzuteko moduan. Eta zer egiten du gauero piztuta «soziedadeetan»? Ez al dira, bada, lagun-taldeak afaltzera -eta hitz egitera!- joaten txoko horietara? Egungo gizakiaren karikatura egin behar banu 2-3 lagun automobil berean marraztuko nituzke, nor bere sakelako telefonoz telebista ikusten. Ez dela egia amets egiten dut gauetan.
Ez naiz etxean TBrik ez duen horietakoa, nahiz eta irratizaleagoa izan. Baina gehiegikeria zentzugabea iruditzen zait gure bizitzan, ia oharkabean, lortu duen nonahikotasun zaratatsua. Zer gertatu zaigu TBren erabilera hain neurrigabea bihurtzeko gure artean? Zergatik galdu diogu gustua -eta hartu diogu beldurra- isiltasunari edo lagunarekiko elkarrizketari? Nola iritsi gara uneak eta lekuak batere ez bereiztera?
Eta programazioaren mamiaz? Ai ene! Honek zerga-ordaintzaile gisa amorratzen nau, bestela konponbide erraza baitu: itzali, iraungi, amatatu, eta kito! 8:30etan ETB1eko albistegia ikusi nahi izaten dut, baina kirola dagoenean -geroz eta sarriago aste barruan ere!- ETB2ra jotzen dut 9etan. Eta horrela jakin dut zer ematen duen prime time batean: lehen Esta es mi gente, eta orain amerikar polizia baten istorioak. ETBko bi kateek ikus-entzuleak galdu omen dituzte (Berria: 07. 02. 02). Poztuko nintzateke jende hori irakurtzera, ariketa egitera, solasera edo meditaziora igaro bada; beste kate batzuetara aldatu bada... Dena den, nik uste, Kultura sailburuak amesgaiztoren bat izango duela tarteka.
Komunikabideak ezinbestekoak dira, eta askok funtzio bikaina betetzen dute. Ez dut uste manipulatzaile maltzurrak daudenik guztien atzean, baina, kasurik onenean ere, badituzte muga eta arriskuak: 1/ Gure bizitzan duten larregizko eragina (ia oharkabean, sentitzen, pentsatzen, desiratzen, esan eta egiten duguna baldintzatuz). 2/ Errealitateari buruz sortzen duten distortsioa (hutsalkeriak handietsiz, tragediarik handienak gaur show bihurtu eta bihar ahaztuz, mehatxu apokaliptikoekin konbultsiozko izu-ikara kolektiboak eraginez: klima-aldaketa dagokigu orain!). 3/ Atsegin morbosoz eskandaluak bilatzea (euskal kulturakoak barne), eta abar. Flasha, irudi bizkorra, lerroburu deigarria... ez dira baliabiderik egokienak ñabarduretarako, edo hausnarketarako.
Aitzakiatzeko, esan liteke gizartea bera horrelakoxea dela; bai eta ez. Gizartea hori baino aberatsagoa da, eta alderdi batzuk proportziorik gabe jasotzen dituzte komunikabideek.
Beraz, hedabideak? Antiinflamatorioak bezalaxe, ondo dosifikatuta eta urdaila babestekoarekin! Alegia, gure zorion eta buru-osasunerako hobe dugula horiekin neurriz jokatu. Eta horretan trebatzeko, ikus-entzunezkoei buruzko heziketak lehen mailan egon beharko luke hezkuntza-programetan.