Gipuzkoa-Bizkaia muga (II): Egoarbitza-Intxorta Ibilbide historikoa Elgetako mendietan


2007ko otsailaren 18an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Elgetako (462m) Mendizaleen plazan hasiko dugu txangoa; Karabieta mendatea igaroaz Eibarko sakonera amiltzen den errepidea jarraituz osatuko ditugu ibilaldiaren lehen metroak, harik eta, etxalde batera heltzean Larrabitzearrako parajera doan errepidea eta ezkerrerantz okertuz basoan barneratu arte.


Aurreneko helburua: Egoarbitza

Garaiera aintzat hartuz apal xamarra izanagatik (735m), gailur berezia da Egoarbitza, urrunetik erraz ezagutu daitekeena, pinua errege den eremuan harrizko tontortxoa duen bakanetakoa delako. Elgetatik Eibarrera doan errepidearen ezkerraldean dago gainera Egoarbitza, gainerako gailur ezagunenak -Azkonabieta, Topinburu, Galdaramuño edo Krabelinatx, esaterako- errepidearen eskubi aldean dauden bitartean. Beste gailur horiek, Soraluzetik erraz igo daitezkeenak, pinudi itxiek estaltzen dituzte ikuspegia zeharo murriztuz -Azkonabieta gailurreko antena aipatu gabe...-. Egoarbitzak, berriz, soila du guztiz gailurra eta ikuspegi benetan ederraz gozatu ahal izango dugu bertara igotzeko ahalegintxoa eginez gero.

Basoak eskaintzen dituen soiluneetan barrena pauso arinean goazela, Egoarbitzako gailur harkaitsua izango dugu, tarteka, begien aurrean; luze baino lehen, gailurrera heldu aurreko azken maldaren oinarrira helduko gara. Zelai goxoan atseden hartu ondoren, Egoarbitzako gailurrera igotzeko prestatuko dugu geure burua. Parez-pare ikusirik, oso zaila dirudi harritzarraren gainera igotzea, baina xendak eskuinaldetik inguratzen du igoera bide errazenaren bila. Euria eginez gero kontu handiz igaro beharreko harri leuneko zenbait pasabide gainditu ondoren, buzoia eta erpin geodesikoa topatuko ditugu.


Egoarbitza, 735m

Maltzagara iristearekin batera Deba ibaian hilko den Ego errekak bustitzen dituen Eibar eta Ermuaren gaineko ikuspegia zoragarria da gailur honetatik. Urko, Kalamua edo Akondia mendiak ditugu parez-pare, baita Karakate, Atxolin, Izarraitz edo Irukurutzeta, behakoa Gipuzkoa aldera okertuz gero, edo Durangaldeko gailur guztiak (Udalaitz, Anboto, Alluitz, Untzillaitz, Mugarra, Gaintzorrotz, Urtemondo edo Oiz), Bizkaia aldera begiratuz gero. Kontu handiz, azken metroak igotako bide beretik desegin eta zelai atsegina dagoen lepora itzuliko gara.

Egoarbitzari azken begiratua bota ondoren, maldan behera abiatuz emango diogu ibilaldiari jarraipena; Aixolako urtegiko zulora jaistea da jarraian egin beharrekoa, eguneko punturik baxuena -kontuan hartu behar da Elgeta 400 metrotik gora kokatzen dela eta Aixolako urtegia, berriz, Eibartik oso gertu, 300 metroko garaieran-. Jaitsiera honetako lehenengo zatia, denboraren joanak sasiz ia guztiz estaliriko bidezidor bati jarraiki osatuko dugu. Benetako mendizalea zeharo penatu ohi du betiko bide ugari, mendi puntetara igotzeko garai batean erabili ohi ziren bidezidor zahar asko, galtzen ari direla horietan inork ibiltzen ez delako. Egoarbitzatik Aixolako urtegira jaisteko bidearen lehenengo zatia horietako bat da. Sasiak halamoduz saihestuz, porlanezko mendi bide zabal batera helduko gara. Bide hau, edo bideak egiten dituen bihurgune zabalak, saihestu asmoz pinudian behera abiatzen diren lasterbideak hautatuz segituan helduko gara Eibarko ibarra urez hornitzen duen Aixolako urtegira (300 m).

Urtegiko ura eusten duen horma zeharkatu eta Aixolako harantxoaren bestaldera igaroko gara; Egoarbitzatik behera erraz galdu dugu altuera, eta galdutako metroak berreskuratu beharko ditugu orain, Santa Marina Zahar eta Erdellako maldak igoaz. Urtegiaren bestaldean, GR-121 (Gipuzkoako Bira) ibilbide luzeari dagozkion margo ikur zuri-gorriekin egingo dugu topo, Erdella saihestuz Elgeta-Elorrio errepidera, lehenik, eta Intxortako tontorrera, ondoren, doazenak. Margo ikur hauek jarraituz ibilbidea apur bat mozteko aukera dago. Guk ordea, pinudian gora egingo dugu, zeta zabalak marraztuz, uneoro biderik onena hautatuz. Izerdi pixka bat isuri ondoren Santa Marina Zaharreko gailurrera helduko gara. Gailur honek eskaintzen duen ikuspegia paregabea da. Durango, Berriz, Zaldibar, Ermua, Eibar eta inguruko mendi hegaletan barreiaturiko hamaika auzo eta baserri. Durangaldeko mendiak, Udalaitz eta Anbototik Aramotzera, Oiz, Urko, Karakate... Zoragarria. Jarraian igoko dugun Erdella ere, inoiz baino gertuago somatuko dugu.

Altuera askorik galdu gabe, aurrera egingo dugu gure ibilia zuzenean Erdellako muinorantz zuzenduz; azken malda igo aurretik, Aixolatik zuzenean datozen GR-121 ibilbide luzeko margo ikur zuri-gorriekin egingo dugu berriz topo. Margo ikur hauek Erdellako tontorra (682 m) ezkerrean uzten dute eta nekatuta egonez gero ibilbidea leuntzeko aukera da hori. Guk, indartsu eta sasoiko, zuhaitzez estalitako puntara goitzeko ahalegintxoa egingo dugu. Erdellak ez du, tamalez, ikuspegi zabala eskaintzen eta beherako bideari ekingo diogu arnasa pixka bat berreskuratu bezain laster.

Intxortako gailur historikoa da ibilbide zirkular eder hau osatzeko falta zaigun bakarra; Elgeta-Elorrio errepidea gurutzatu eta Intxortako maldetan gora abiatu aurretik ordea San Urbanoko (Santruan) ermita paretik igaroko gara. Garai batean, maiatzaren 25ean (santuaren eguna) meza eta erromeria ospatzen omen ziren ermita honen inguruan. Ohitura hau, ordea, aspaldi galdu zen. Oso negartiak ziren haurrak ekartzen omen zituzten antzina, ermita honetara, santuari kandela piztuta formalduko zirelakoan.


Intxortako gerra usaina

Bihotz taupaden maiztasuna bizkortuko zaigu oharkabean Intxortako gailurraren bila abiatzearekin batera; tontorrera hurbiltzen goazen neurrian, gure urrats bakoitza Euskal Herriko mendigune zirraragarri batean ematen ari garela hautemango dugu. Izan ere Intxortako gailurren inguruan osatu ziren 1937ko udaberrian gudatalde frankistei aurre egiteko defentsa lerro luzeak. Bizkaiko ofentsiba deiturikoa, 1937ko martxoaren azken egunetan hasi zen, eta borroka latzen ondoren, apirilaren 24an, ekialde eta mendebaldetik ekin zioten frankistek Intxortako lerroa eurenganatzeko oldarraldiari. Fronteari gehiago eustea ezinezkoa zela ikusirik, pasabide estu batetik Ermua aldera erretiratzea erabaki zuten Beldarrain eta Plazaola komandanteek.

Garai bateko kontuak buruan, Intxortako gailurrera helduko gara, luze baino lehen. Gutxi falta da berriz ere Elgeta aldera inguratzeko. Gailur nagusiaz gain (743 m) beste bi muino ere baditu Intxortak, Intxorta txikia (715 m) eta Gaztelu haitza (718 m). Elgetara itzultzeko Intxortako maldako azken metroak desegin eta igoeran igarotako bidegurutze batera itzuliko gara. Margo ikur zuri horiak jarraituz bizkor egingo dugu, Joseba Tapiaren Agur Intxorta maiteko doinu gogoangarriak txistukatuz, Elgetarako bidea. Agur, Intxorta maite.

Elgeta, Mendizaleen plaza
Euskal mendizaletasunarentzat toki esanguratsurik bada, Elgetako plaza da, zalantzarik gabe, horietako bat.
Elorrio eta Bergara batzen dituen errepidea arku baten azpitik igarotzen da Elgetako sarreran, garai batean arbitrio etxea izandakoaren petik. Udaletxearen eraikina da Elgetako plazako buru eta plaza honetatik osteratxo bat egitea, historian atzera, eta euskal mendizaletasunaren historia sentimentalean barrena bidaiatzea da. Udaletxearen karrerapearen gainean, zenbait plaka dago honako hitz hauek irakur daitezkeelarik: Federación Vasco Navarra de Montañismo, Urrezko Ezteiak, 1924-1974; Federación Vasco Navarra de Montañismo, 1924-1999. Izan ere Elgetako plazaren gaur egungo izena bera «Mendizaleen plaza» da izan (1926an Plaza del Alpinismo izenez bataiatu eta 1978an moldaturiko izena). Udaletxearen parean dagoen Oskarbi Elkartearen aurrealdean, berriz, beste plaka batek toki horretan, 1924ko maiatzaren 18an, Euskal Mendizale Federakundea sortu zela gogoratzen du (Federación Vasco Navarra de Alpinismo, hastapenean).

Elgetako plaza, beraz, mendizale federakundearen abiapuntua da; ordura arteko elkarte txikiak elkartu, helburuak bateratu, eta ekimenak elkarrekin sustatzeko aukera eman zien federazioak. Helburu hori ongi zehaztuta dago ezarri zuten arautegiaren lehen artikuluan:
    Baskongadetako hiru probintzietako eta Nafarroako mendi eta txangozaletasun-elkarte guztiak biltzen dituen erakunde komun eta nagusia da, mendiarekin eta txangozaletasunarekin zerikusia duten gai interesgarri guztiak sortu, gestionatu eta antolatzeaz arduratzen dena
.

Intxortako atea, oroimena gerrari ez
Datorren hilabetean ekitaldi sorta egingo dute Elgetan gerrako gertaerak gogoratzeko. Egun nagusia martxoaren 25a, igandearekin, ospatuko dute.

Juan Jose Arangurenek Intxortako Atea eskultura egin du eta Euzko Gudarostearen defentsa lerro nagusia zegoen gunean jarriko dute, Asentzioko ermitatik hurbil, Partaitxikin. Ezkerreko argazkian, Partaitxikik orain 70 urte zuen itxura. «Erasoengandik babesten gaituen horma irudikatu nahi izan du» egileak, «segurtasuna eskaintzen duena, ate bat eraikitzeko horma bat apurtzetik jaiotzen dena».

36ko Gerran Elgetako frontean jazotakoen inguruko erakusketa ere egingo dute Espaloia Kafe Antzokian. Gainera Intxortako frontea defendatu zuten gudari eta miliziarrei omenaldia egingo diete herriko plazan; Intxorta erasotu zutenak ere gonbidatuko dituzte. Horren ostean bazkaritara bilduko dira pilotalekuan. 2.000 lagun bildu gura dituzte.

Martxoaren 22an, ekitaldien atarian, Jesus Gutierrezen La guerra civil en Eibar y Elgeta liburua aurkeztuko dute udaletxean.

Eskuinean Intxortako Atea eskulturaren maketa. Orijinala Altzairuzko pieza da eta zazpi metro pasa izango ditu luzean.


Azkenak
DIPCko presidente Pedro Miguel Etxenike Landiribar
“Zientzialaria izatea pribilegio bat da, eta horrek ardura bat dakar”

DIPCko bere bulegoan izan da elkarrizketa. Argazkilaria lanean hasi denean, arroparengatik desenkusatu da [kirol-jertse bat dauka jantzita]: “Ez nintzen gogoratzen elkarrizketa genuenik”. Baina Elhuyar aldizkariarentzako dela eta, gustura egingo omen du. Euskaraz... [+]


2025-07-17 | Sustatu
WeTransfer: erabilpen baldintza berri ez oso fidatzekoak

Hautsak harrotu ditu azken orduetan Interneten WeTransfer zerbitzu oso praktiko eta erabiliak iragarri dituen erabilpen baldintza berriek, abuztuan jarriko direnak indarrean. WeTransfer da oso fitxategi (edo fitxategi multzo) handiak bidaltzeko modu bat. Ez dira kabitzen e-posta... [+]


2025-07-17 | Gedar
Faxisten protestak porrot egin du Torre Pachecon: Polizia eta prentsa gehiago, manifestariak baino

Lintxamenduen ostean immigrazioaren aurka izan den lehen mobilizazio-saiakerak ez du jarraitzaile gehiegi erakarri, baina izu arrazistak hartu du herria.


Israelekiko harremanak mantentzearen alde egin du Europar Batasunak

Israelek Gazan eta Zisjordanian egindako giza eskubideen urraketak argi uzten dituen Kanpo Ekintzarako Europako Zerbitzuaren txostena esku artean, EBko Atzerri ministroek erabaki dute Israel-EB elkartze-akordioarekin berdin-berdin segitzea. EBren "ekintza-eza" ikusita,... [+]


Algortan izandako taldeko sexu-eraso baten ustezko egileetako bat atxilotzeko agindua eman dute

Getxoko 3. Instrukzio Epaitegiak atxilotze-agindua eman du 2023ko urrian Algortan jazotako talde sexu-eraso batean ustez parte hartu zuen egileetako baten aurka. Kasua sexu-eraso larri gisa sailkatu du magistratuak eta poliziari eskatu dio, gaztea aurkitzen dutenean, epaitegira... [+]


Sudango paramilitarrek asteburuan 300 zibil hil dituztela salatu dute, eta krisi humanitarioa areagotzen ari da

Giza eskubideen aldeko Sudango abokatu talde baten arabera, Sudan mendebaldeko hainbat herrixkari eraso egin zieten larunbatean eta igandean, eta zibilak tiroz hil edota bizirik erre zituzten, etxeetan giltzapetuta. UNICEFek salatu du Ipar Darfurgo 40.000 haur artatu zituztela... [+]


Delinkuentzia eta segurtasun eza, migratzaileak jipoitzeko aitzakia faltsuak

Jazarpen arrazistak eztanda egin du Espainiako Torre Pacheco herrian, Euskal Herrian ere ezagun zaizkigun diskurtsoak hauspotuta: immigrazioa lotzea delinkuentziaren, sexu-erasoen eta segurtasun faltaren gorakadari. Baina datuek frogatzen dute gezurra direla gorroto diskurtso... [+]


Israelen okupazioaren aurkako neurriak adosteko goi bilera egiten ari dira Bogotan

Hagako Taldeak deituta, Kolonbiak eta Hego afrikak antolatu dute gailurra. Herrialdeetako ordezkariez gain, Francesca Albanese Palestinar Lurraldeentzako NBEren errelatorea ere Bogotan da, eta Israelekin harreman oro etetea exijitu die. EBk adierazi du Netanyahuri bere aire... [+]


1.385 euroko gutxieneko soldata: Jaurlaritzaren azterketaren bi hutsune eta alde on bat

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburu Mikel Torresek asteazken honetan aurkeztu du EAErako gutxieneko soldataren inguruan egindako azterketa, eta 1.385 eurorainoko kopurua jarri du erreferentzia moduan, "aurreikuspen baikorrenean". ELA eta LAB... [+]


Pentsiodunen Mugimendua omenduko dute Donostiako Piratek

Abuztuaren 9tik 17ra izango da Piraten Aste Nagusia, eta aurten "Auzolanari tiraka!" ariko direla adierazi dute. Abordatzea abuztuaren 11n izango da, eta Piraten Egun "berezia", hilaren 15ean.


2025-07-16 | Ahotsa.info
“Munduko festarik onenak” herriak erabakitzen duenean amaitzen dira

Bederatzi egun eta gau luzeren ostean, Iruñeak normaltasunera itzuli nahi du Sanferminak ixten dituen azken ekitaldiarekin: Villavesako entzierroa, non gaizki tratatzen den gauza bakarra parte hartzaileen gibela eta osasuna baita. Ekitaldi herrikoi honen ondoren hasten da... [+]


Laranja-paperetan marraztutako boikotak

Cervera de la Marenda (Ipar Katalunia), 1906. Herriko emakume garraiatzaileak lan baldintza eskasen aurka altxa ziren. Espainiako eta Frantziako estatuetako trenbideen zabalera desberdinak eraginda, garraiatzaileek Mediterraneoko kostaldetik zetozen zitrikoak tren batzuetatik... [+]


2025-07-16 | Aingeru Epaltza
Garikoitzen itzala

Herria astekariaren ez hain aspaldiko aleak irakurtzea aski da antzemateko Mixel Garikoitzek Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako gizarte nagusiki katolikoan utzitako arrastoaren sakonari.

Ibarreko Garakoitxeko semea, bertze ordezkaririk ez du Iparraldeak Erromako... [+]


Eguneraketa berriak daude