Noranahi den

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Atzo A-ri luzatu zenion kritika, zorrotz ala kamutsagoa, eta berehala atera zitzaizkizun batzuk B-ren bidegabekeriez eta larderiaz ahaztu zinela. Gaur, ez A-ren aldeko erantzuna kontuan hartu duzulako, zure pentsamenaren erraietatik berdin etorri zaizulako baizik, B-ri egin diozu bertze kritika bat: zer erranik ez, A-ren astakeriak jarri dizkizute aurpegiaren aurrean, zurea entzun bezain fite. Bai A-ren aldekoek nola B-renek leporatu dizute nahita nahiez hor dagoen ezpataren aho gainean bizi nahi duzula, ez alde batera ez bertzera erori nahi ezean, eta errealitatetik kanpo bizitzea dela hori, guztien gainetik zeure burua kokatu nahi ezina dela: ongi eta gaizkiaren gainetik. Zeure buruari begiratu diozu eta ezpataren aho gainean ez, ezpataren bi ahoen azpian duzu ikusi, ongi eta gaizkiaren gainetik ez, batzuen eta bertzeen bidegabekeriek eta astakeriek zanpaturik baizik.

Berriro ere ekin diezu kritikei. Orain bai, A-ri kritika luzatzean, gogora ekarri dituzu B-ren bidegabekeriak, baina ez A-ren jokamoldea «ulertze»/leuntze aldera, alderantziz, zure kritika zorrozte aldera, ageriagoan jartzeko A-ren jokamoldearen desegokitasuna B-ren bidegabekeriak geldiarazterakoan. Hurrengoan ere bai, B-ri kritika egitean, A-ren astakeriak barraratu dituzu, haietaz justifikazio gisa baino ez dela B baliatzen, berez bere larru-poruetan izerditzen den autoritarismoa guk geuk geure egite aldera.

Alferrik ibili zara. A-ri kritikatzen badiozu, B-ri ere kritikatu behar -eta alderantziz, zeinen aldekoak dituzun aurrean- mintzo lerrokatze edo ahoskatze berean, justua izanen bazara; bertzela, badakizu, kritika jasotzailearen etsai eta, okerrago dena, biharko utzitakoaren lagun. Zeure buruari galdetu diozu: ez ote zaizkit biak ala biak eskatzen ari bidegabekeriak gaitzetsi ditzadan, guztiak, «nondik-nahi etortzen diren», erramolde sagaratu horrekin alegia? Eta irudikatu duzu zer gaitzespen zaparrada eroriko litzaizukeen bi aldeetatik, erabileraren erabileraz eta higaduraren higaduraz mamiz husturiko topiko baldar horren pean «babestuko» bazenu zeure burua.

Etsirik gelditu zara lipar batez. Zurea ez den gerra batean ez ote zara sartu? Hor konpon gerlari horien artekoa! Alta, bizkarra altxatzearekin batera nabaritu duzu gainean bi ahotako ezpataren zama, eta konturatu zure gerrakoa ez dela baina zeu salbatzeko jarri omen dizutela, eta bertze gerra bat duzula zurea, gainean duzun bi ahotako ezpataren zamatik askatu beharrekoa. Hori bai, hitza zure ezpata, «noranahi joaten den».


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Barraskilo bat Amanita Muscaria baten gainean
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren udazkeneko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Izara formatu berritzailean, landareak lantzeko jakintza praktikoa, lurraren eta bizidunen osasunarekin lotutako gaiak eta poster eder bat deskubrituko dituzu urtaro bakoitzean. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!